Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Aldapeko sagarraren adarraren puntak biluztu dira. Txiruliruli kantuak apaldu dira, belarriak eta begiak alaitutako enara, sorbeltz eta kukuak joan dira hegan munduaren beste puntara. Sudur eta behatz-puntak izozten hasi dira eta manta eta poltsa beroak hotzaren aurkako punta-puntako teknologia dira zenbait etxetan. Gabonetako zuhaitzak apaingarriz eta argiz puntaraino beteta ere, udazkenduta gabiltza.
Abenduak 1 du gaur, 2023-ko egutegia azken txanpan da. Efemerideen artean aipagarria da zaintza eskubide kolektiboaren alde borrokatzeko greba feminista orokorraren biharamuna dela. Bezperako indar erakustaldia abiapuntu hartuta, herriz herri eta auzoz auzo zaintza sistema publiko eta komunitarioari punta ateratzen jarraitzea dagokigu. Rosa Parksek, 68 urte atzera, gaurko egunez egin zion uko eserita zegoen autobuseko eserlekua pertsona zuri bati uzteari, legeak zuriei emandako lehentasunari aurre egiteagatik atxilotuta bukatuz, eta, ildo horretan, arraza segregazioaren aurkako boikotari ekinez. (H)egoak ebakitzeko modu ugari daude, muturrekoak bezain sotilak, begi bistakoak bezain ezkutukoak, keinu zein hitz batetik ekintzarik lazgarrienetarainokoak, sistema hetero-patriarkal kapitalistaren aterkipean. Txoria txori entzungo da Euskal Herriko zenbait txokotan gaur, Mikel Laboaren heriotzaren 15. urteurrenean. Euskaldunon ereserki posibleetako bat izan liteke, Gernikako Arbolaz oso bestelakoa.
Mingain puntan, ahotik salto egiteko zorian, eguneroko gorabeherez, ustekabeez, pozez eta penez kontu-kontari hasteko sentipenak eta
hitzak bultzaka ari zaizkit. Punta zorrotzeko galderak dira asko, sorgin-gurpilari eustea nahi baino nekezagoa da batzuetan; ditudan erantzun apurrak kamustuta ote dauden, ordea. Mendi-puntak arnas gune eta ohikotasunetik ihes egiteko inflexio puntu edertzat ditut. Agian, Irimo eta Zazpi Puntak mendi ibilaldiak ideiak argitu eta ordenatzen lagun diezadake. Apuntatuta.
Puntadaz puntada artilezko jertseak josten zizkigun amamarekin eta galtzerdiak egiten zizkigun amonarekin oroitzen naiz urtero garai honetan. Lehenarenean, Gabon ospakizun otorduak egiten genituen eta, bigarrena, Eguberri goizalde batean joan zen. Gu arropek eragindako azkuraz kexatzen ginen umetan, baina armairuan badut buruko txano bat. Goxo janzten dut, mimoz hartu eskutan. Haienganako oroitzapenek oilo ipurdia eta ileak puntan jartzen dizkidate. Hanka-puntetan, oharkabean, inurri lanean ari(tu) direnak dauzkat puntaren puntan.