Aratz Albisu • Telesail zalea
Badoa beste urte bat eta errepasoa egiteko momentua dator. Urtea aho-zapore onaz amaitu dezazuen, gustu ezberdinak asetzeko telesailak ekarri dizkizuet.
Drama on ugari izan dira aurten, eta aipagarriena Itxaso produkzio euskalduna. Familien gorabeherak eta surfa ditu ardatz, antzezpen onak eta harrapatuko zaituen istorio bat. Atzetik, La bugiarda vita degli adulti, 90. hamarkadako gazte baten heltzea du hizpide; eta musika eta soinuaren erabilera izan da telesaileko onena.
Errealismotik urruntzen diren drama intentsuak nahiago badituzue, Beef-en, antsietatea eta borroka dira gai nagusi eta bi ezezagunen arteko gorrotoaren eboluzioak pantailara lotuko zaituzte. Jarraitzeko, Swarm, abeslari batekiko obsesioak bultzatuta, protagonistak egingo dituen erokerien bilduma odoltsua.
Fantasia gogorrak atsegin dituzuenontzat, nola ez aipatu The last of us. Protagonistek istorio latz eta hunkigarriak biziko dituzte zonbi apokalipsi batean. Eta GenV-k, aldiz, alde hunkigarria utzi eta gorearen aldera jotzen du. The boys-en unibertsoko txoko berri honetan unibertsitateko superheroiak ibiliko dira borrokan.
Fantasia lasaiak nahiago badituzue, hasi One Piece-en egokitzapenetik, freskoa, nostalgikoa eta maitasun handiz egina baita. Eta jarraitu The power-ekin: munduko emakume guztiek deskarga elektrikoak emateko boterea garatuko dute egun batetik bestera eta gizarte patriarkalean burrunba eragingo dute.
Estilo beltzekoak gustuko dituzuenontzat Poker face. Gezur oro harrapatzeko gai den emakume batek heriotzak ikertuko ditu AEBetako txokorik galdu eta bakartienetan. Eta azkenik, atera den bereziena, Kaleidoscope, nahiz eta hari bakarra izan kapituluak nahi dituzuen ordenan ikus ditzakezue.