Aitor Calvillo Zurutuza • Ordizia-Ataun
Uztarria, kopetakoa, gainlarrua, erea, pertika, akuilua, gurdia… Zenbaitentzat erabat hitz arrotzak, garai bateko baserri kontuak beste batzuei burura, eta nire kasuan baserriko gazte denborako kontuak oroimenera. Ataungo San Gregorioko Arratiñea (Artin) baserriko etxe guenean ateratako argazkia aitzakia hartuta, hortxe gogoan osaba Erramun zena, Iñaki zena, Nikolas zena eta izeba Lurdes, 6 anaia-arrebetatik lau gazteenak. 1964-65 ingurukoa izango delakoan nago, ni oraindik jaio gabekoa behintzat. Eta bi hankako gizakiez gain, lau hankako beste bi ere protagonista: idiak.
Baserrian idi parea ezagutzeko parada izan nuen nik ere, Ataunen azkenetakoak izan baitziren Artingoak idiak kentzen. Eta artikulua irakurtzen ari zaretenon artean idiak zer diren arrastorik ere ez, seguru! Bada, makurtu eta animaliaren azpialdeari begiratu bat emanez, hortxe konturatuko zara ez erraperik, ezta «koskobilorik» gabeko animalia dela idia, zezen zikiratua, alegia. Eta Ataungo terrenoak ezagutzen dituzuenok ulertuko duzue idien funtzioa zein izango zen aurreko mende amaiera bitartean, egungo traktorearena egitea, aldapa horietan zerekin ibili bestela. Demarako ere erabili izan dira idiak, baita oraindik gaur egun ere. Osaba Erramunek kontatua da baserriko lanerako bakarrik erabiltzen zituztela, baina elkarteko afari horietako batean aitona Patxi zirikatu zuen norbaitek eta baita apustua egin ere. Baserriko idiak txikiak eta itsusiak izaki inork ez zuen xentimorik jokatu haien alde, baina txikiak eta itsusiak izanagatik ere indarra eta koordinazioa bazutela erakutsi eta apustua irabaztea lortu zuten.
Idiak ez direla tontoak
Txikitan asteburuak nahiz udako oporrak bertan pasatakoa naiz ni askotan, eta pasadizo askoren artean badut nik bat idiekin lotura zuzena duena. Idiak nik 6 urte inguru nituela kendu zituzten baserrian, beraz, pasadizoa 1978 inguruan edo gertatu zitzaidan. Arratsaldea zen eta osaba Iñaki «ganajonetara» (belarra ebaki eta ganbarara eraman) bidali zuen aitonak. Bakarrik zen bera eta bitartean, aitonak mutiko gaztetxoarengan konfiantza izan eta idi-parea prestatu, gurdiari lotu eta hortxe bidali ninduen osaba belarra ebakitzen ari zen zelairaino. Ni gustura gurdi gainean, akuilua eskuetan eta aida, aida… Bide bakarrean dena ondo, idia parea aurrera, baina bidegurutzea iritsi zenean eskuinekoa hartu behar (aldapa gora) eta idiek ezkerretara hartu, ordea. Osabak hori ikustean barre algara latzak egin zituen. Eta ni idiekin haserretu. Lasai, akuiluarekin eztenik ez nien sartu eta. Eta horrelako makina bat ditudanez, beste baterako utzi behar.