Igor Susaeta • Kazetaria
Ez dakit gauzek nola funtzionatzen duten beste sektore askotan, gehienetan. Arrastorik ez autobusgintzan, adibidez, Irizarreko langile batek Sunsundegui etxekoek egindako autobus bat ikustean –edo alderantziz– horren diseinua kritikatzen duen, edo, behin barrura sartuta eta eserita muturra okertzen duen jarlekuak ez direlako espero bezain erosoak. Ez dakit gisa horretako komentarioak egin ote diren. Esan diezazueket kazetaritzan nahiko ohikoa dela ofiziokideak egindakoa gutxiestea eta, ahal bada, hura egurtzea. Oro har, aski gorrotatuak gara gizarte jantzi zein iletratuetan, eta konturatzen ari naiz eman dizuedala sentipen hori elikatzeko beste motibo bat.
Zutabegileak, esaterako, askotan egoten dira jopuntuan; idatzitakoaren kalitate estandarragatik baino gehiago, hori bai, idazten duten horregatik. Bihoakie ene aitortza, ordea, egunero, are astero, zutabeak idatzi eta argitaratu behar dituzten horiei. Egin ezazu ariketa: zu, ahobizi alfabetatu hori, jar zaitez orri zuri baten aurrean, eta idatzi, librean, 1.500, 2.000 edo 5.500 karaktere. Ez dut nik esango 750.000 euro balio dituen makina bat diseinatzen ari den ingeniari baten egitekoa baino zailagoa denik –nola esango dut bada hori Gipuzkoaren bihotzean bizi baldin banaiz… –, baina, aizu, uste bezain erraza ere ez da.
Besterik da ekosistema jakin bateko korronte baten kontra igeri egin nahi ez izateagatik batez ere –baita egoagatik ere, inkontzienteki izanagatik–, idatzita ez dagoen arau bat haustea eta aurkezpen zein despedida zutabeak idaztea. Iban Zalduaren (Euskal) Zutabegilearen dekalogoa-k horri buruz hitz egiten du, besteak beste. Horterada handi bat ez ote diren aurkezpeneko eta despedidako zutabeak… Ni, behintzat, gorritu egiten naiz horiek irakurtzen. Kazetaritzan erabiltzen den esaldi flipatu samar bat da «ez ezazu sekula utzi errealitateak titular on bat izorratu diezazun». Nire mesedetan moldatuko dut: «Korronte baten urek eta gehiegizko egoak ez zaitzatela eraman aurkezpeneko edo despedidako zutabeak idaztera».