Marian Arratibel • Gerriko liburu denda (Lazkao)
Abenduaren 6tik 10era bitartean egingo den Durangoko Azokara begira, euskal liburu eta diskoetan uzta berria iritsi da. Ohi bezala, aukera zabala eta anitza da. Goierrin bertan ere antolatuko dituzte euskal liburu eta disko azokak Ataunen, Lazkaon eta Seguran, abenduaren 15etik 17ra bitartean. Beraz, Eguberri atari honetan, Olentzeroren eta Mari Domingiren opari zerrendan jartzeko proposamenak dauzkazue ondorengo lerro hauetan.
Helduen eskaintzari erreparatuko diogu oraingoan. Labetik atera berriak dira Amaia Telleria idiazabaldar idazleak eta Laida Ruiz lazkaotar ilustratzaileak osatu duten Elur gorrituen egunak liburua. Miren Agure Meaberen Itzulerak, Karmele Jaioren Maitasun kapitala, Uxue Alberdiren Belarriko kilkerra eta Surflaria eta Jon Artanoren Joana nabarmenduko ditugu.
Bertako idazleekin jarraituz, Patxi Zubizarreta ordiziarraren helduentzako Loak ezkutatzen duena liburua eta haurrentzako Zerria [Euskadi eta Espainiako Haur eta Gazte Literatura saria jasoak] ere aukera onak dira, Xabier Mendiguren Elizegi beasaindarraren Oso latza izan da liburuarekin batera.
Maitane Ormazabal Osasun Integraleko terapeuta urretxuarrak Telmo Lazkanorekin batera osatu duen Nerabeen garrasia. Osasun mentala aldaketa garaian liburua irakurri beharrekoa da; gaztelaniaz ere argitaratu dute. Yolanda Larreategiren Puta Gorda liburuak ere barruak astindu ditu. Komikietan ere aukera zabala da, horietako proposamen bat da, Persepolis.
Euskal idazleen lanak gazteleraz
Euskaraz irakurtzeko erraztasunik ez dutenek ere irakur ditzakete euskal idazleen lanak, euskal idazleen lanak itzultzen ari baitira argitaletxeak. Aukera zabala da. Tartean daude bi idazle goierritarren lanak: Irati Goikoetxea beasaindarraren El pueblo no perdonara eta Amaia Telleria idiazabaldarraren En manos del viento.