Adin batetik gorako goierritarrek, herri txikietan edo baserrietan hazi direnek behintzat, ia denek aipatuko dute txerri hiltzearen ohitura. Garai batean, ia baserri guztietan hazten zuten txerriren bat edo beste, etxerako jakia izateko. Gaur egun, ia desagertu da erabat, bai hazkuntza, eta zer esanik ez hiltzea.
Egutegi-tradizioak eta esaerak, kanpotik sartutakoak ziurrenik, San Martin eguna jotzen dute txerria hiltzeko garaitzat. Baina ez da guztiz horrela. Neguko hilabete hotzenetan hiltzen baitzuten. Txerria akabatu ondoren, denbora batean eduki behar zen aireztatzen, eta haragia ustel ez zekion berorik ez zuten nahi.
Hotzaldia, noski, azaro alderako iritsiko zen, baina Goierrin gehienek neguaren azken aldera hiltzen zuten, Eguberrietatik aurrera, ilbeltzaren atzenean edo otsailaren aurrenean; martxoa baino lehenago, beti ere.
Gaurko hozkailurik gabe, kontserbazioa ere berebizikoa zen. Gazitu egiten zuten okela. Esaera bat ere bada : «Ilbeltzeko hego haizea nahiago, martxoko izotza baino», txerriak gazitzeko. Martxoan, nahiz hotza izan, eguerdiko eguzkia arriskutsua zen. Eguraldi epelarekin, gatza urtsu bihurtzen baita, eta ez du bere lanik egiten. Eta urtarrilean, hegoia ere hotza izan ohi zen.
Sinesmenaren –edo esperientziaren– arabera, ilbeheran hil behar zen. Leku batzuetan zehatzago datatzen zuten garaia: ilargi betetik hirugarren eta bosgarren egunen artean. Gabonetarako, adibidez, txerria ez, baizik ardiren bat hiltzen zuten gehiago.
Bilgunea eta festa
Urtean behin izaten zen txerri hiltzea. Hazteak eta gizentzeak bere lanak ematen zituen, baina baita hiltzeak eta horren ondorengo lanek ere: hil, odolustu, garotan erre, azaleko ileak zuritu, barrua hustu… Baita geroagoko langintzek ere: txorizoak eta odolkiak egin, haragiak zatikatu, kontserbatzeko gatzatuta edo lehortzen jarri…
Etxeko denen laguntza behar izaten zen, baita auzokoena edo kanpoko familiakoena ere. Hala, festa-kutsua ere hartzen zuen txerri hiltzeak. Abere hil berriaren gibela momentuan jatea izaten zen festaren ezaugarri bat; debekatu egin zuten hori, trikinosi gaitzaren arriskurik ez zela albaitariak ziurtatzen ez zuen arte, gutxienez.
Hurrena, partiketak etortzen ziren. Apaizari, idazkariari eta medikuari, hutsik gabe, batzuek behintzat. Baina auzokoei, gehienek. Txerrolkiak eramaten zitzaizkien auzokoei. Denek egiten zituztenez, denek eramaten zizkieten bizilagunei, txandatuz.