Patxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea
Danimarkan, abenduan arratsaldeko 15:30ak aldean iluntzen du, baina hilaren 21ean, neguko solstizioarekin, apenas argitzen duen –kontrakoa gertatzen da San Juan gauean, ekainean ia ez baitu iluntzen, eta daniarrek gau zuria ospatuko dute orduan, pozaren pozez ospatu ere–. Kopenhagen ibilalditxo bat egitean argi konturatuko gara etxeetako leihoetan ez dagoela pertsianarik ez gortinarik, eta hortik garbi segituko dugu argitasun guzti-guztia xurgatu nahi dutela. Horrekin batera, iluna sartzean, argi ikusiko dugu zenbait leihotako barrualdean lanpara txiki bat dagoela piztuta, izan ere, batik bat bakarrik bizi direnek, lantokira joan aurretik lanparatxo bat pizten dute, gero, itzulera ilunean, argitasun ñimiño horrek kanpoaldetik bertatik konpainia sentiaraziko dielakoan. Depresiorako joera uxatzearren, daniarrek Hygge praktikatzea esaten diote giro goxo eta argitsua sortzeari.
Bitxia da, baina beduinoek, Saharako basamortuan, antzeko ohitura bat dute. Iluntzean kanpamentua osatu dutenean, bakarren bat duna batera igo, eta lanpara bat piztuko du: norbait galduta ibiliz gero, urrutitik bada ere, kriseilua benetako faroa gertatuko zaio hondarrezko itsasoan. Eta bidaiaria kanpamendura iritsiz gero, beduinoek pertsona hori printzesa edo printze baten pare hartuko dute: ez diote galdetuko kontrabandista edo merkataria den, sasian dabilen edo arma trafikatzailea den eta, kontrara, izenari buruzko beste galderarik egin gabe, antxumea hilko dute harentzako afari oparoa prestatzeko, terik onena opari eskaintzeko; momenturen batean, bidaiaria preso ere sentituko da hainbeste kontu eta ohoreren artean, eta biharamunean preso sentipenarekin jarraitu beharko du beduinoen karabanarekin, basamortutik onik aterako bada; eta, azken-azkenean, noizbait herrixkaren batera iristean, bidaiariak poeta izan beharko du, izan ere hitzik egokienak aukeratu beharko baititu bere esker ona adierazteko.
Baina lanpara txikia leihoan edo basamortuan edo norberaren bihotzean egon daiteke —edo egon behar du. Como agua para chocolate nobelan edo filmean, Laura Esquivel idazle mexikarrak nabarmendu zigun pertsona bakoitzak pospolo kaxatxo bat daukala bihotzean, eta norberak dakiela bere pospolo propioak nola piztu: Baratze bat nahi dizut egin kantua entzunda, Alotzaraino edo Aratzera igota, antzerki lan bat ikusita, afari goxo bat Itxurrenen eginda, egun hauetako azokaren batean liburu bat erosita… Idazleak dio modu horretan arima energiaz betetzen zaigula, baina adi eta erne ibili beharra daukagula: noizean behin pospoloren bat piztu ezean, kaxatxoa umeldu egingo zaigu, umedadeak hartuko du eta, orduan, ezin izango dugu pospolo gehiago piztu…