Abenduko zubian planak barra-barra. Kanpora doazenak, herrian disfrutatzeko eta lagun zein familiarekin egoteko baliatuko dutenak tartea, opor egunak dituztenak edota purrustaka lanera joan behar dutenak… Milaka plan eta giro. Hala ere, ukaezina da egun hauetan Euskal Herriko txoko desberdinetako biztanleek bezalaxe, goierritarrok ere ez dugula galtzen Durangoko Azokatik bueltatxoa egiteko aukera. Bisitari gisa jende ugari joango da, baina artista edo sortzaile gisa ere goierritar dexente izango dira aurtengoan, guztiak berrikuntzaren batekin esku artean.
Musikariak dira aurtengo Durangoko Azokan egongo direnen goierritarren gehiengoa. Horietako bat da eskualdean aski ezaguna den Eider Saez (Lazkao, 1998). Oraingoan, Loratzen diskoa argitaratu du lazkaotarrak eta sare sozialetan adierazi duenaren arabera, abenduaren 8an, gaur, 12:10etan Ahotsenean izango da diskoa aurkezten. Hala ere, azpimarratu du «Musikaren Plazako 49,50 eta 51.standean izango dela salgai diskoa azokako egun guztietan». Bestalde, Saezen ahotsari laguntzen dioten musikari batzuk ere goierritarrak dira, hala nola, Jon Sagarna eta Julen Sagarna (Gabiria, 1998), bateriarekin eta baxuarekin, hurrenez hurren. Jon Antza ataundarra ere proiektuaren parte izan da. Aste honetan sare sozialetan azaldu duen moduan, «gogotsu» dago lazkaotarra eta «tope entsaiatzen» ari da taldea.
Gilda, Esanezin, Keif…
Durangon presentzia izango duen beste talde goierritar bat Gilda taldea izango da. Amagoia Aiestaranek (Beasain, 1988), Anabel Toralek (Lazkao, 1992) eta Maialen Aiestaranek (Beasain, 1993) osatzen dute taldea eta haien disko berria aurkeztuko dute Durangon, Basati izenburupean. Taldearen bigarren diskoa da eta hala diote diskoaren deskribapenean: «Zuzenekoak emanez abesti berriak sortu ziren eta hauek bilduma txiki batean grabatzea erabaki genuen». Disko honekin beste helburu bat bete du Gilda taldeak, taldearen nortasuna eraikitzera bidean, soinu «biziago, indartsuago eta basatiago bat» txertatuz disko berrian. Lau abestiz osaturiko diskoa da hau eta Euskal Herriko kulturaren azoka handi honetarako prest daude.
Ianire Aranzaberen (Altzagarate, 1999) Esanezin taldeak ere atera du disko berria, Erretratu bat izenburupean. Arri Iraeta (Zumarraga, 2001) ere proiektuaren parte da. Diskoa aurkezten izan zen taldea Plateruenean, abenduaren 6an.
Ormaiztegiko zubi azpitik ere badator berrikuntza. Keif ezizenez ezaguna den Kevin Magallanesek Nikotina taldearen Mila kolore diskoan parte hartu du, Independent abestian kolaboratuz eta disko hau ere Durangoko Azokan izango da.
Haur-literatura
Musika alde batera utziz, literaturara jauzia; batez ere, haurren literaturara. Irati Garmendiak (Ordizia, 1994), Ortuko bizitza bildumaren seigarren eta zazpigarren atalak argitaratu ditu eta berrikuntza honekin iritsi da Durangora. Joan den azaroaren 8an argitaratu zituen, Ospa hemendik! eta Elkarren lagun, gau eta egun izenburupean. Garmendiak ere liburua aurkeztu zuen duela bi egun, Saguganbaran 12:30etatik 13:00era bitartean.
Artista ugari dira Goierrin dirudienez eta haien edota haien lanen elkargune izango da Durango asteburuan zehar. Aurreko urteetan egindako beste hainbat idazleren edo musikari goierritarren lanak ere bertan izango dira egun horietan zehar.