Urretxun Bizi Gara harrera eskolak diplomak banatu ditu. Aurten 16 lagunek parte hartu dute eta balorazioa oso positiboa da.
Azken hamarkadetan etorkin kopuruak gora egin du eta bizikidetza eta aniztasuna hitzak lehen baino askoz ere gehiago erabiltzen dira. Izan ere, aniztasuna onartzea eta bizikidetza sustatzea ezinbestekoa da. Horretarako, etorkinen integrazioa bultzatu behar da eta hainbat herritan harrera eskolak jarri dituzte martxan. Urretxukoak duela egun gutxi banatu zituen ikasturte honetako diplomak.
Harrera eskola udaleko Bizikidetza eta Aniztasun mahaiak antolatzen du, herrira iritsi berri direnei herriaren, zerbitzuen eta euskal kulturaren berri emateko. Aurten 23 pertsonek eman dute izena eta hamasei graduatu dira. Graduatu direnen artean, Kolonbian, Marokon, Saharan, Kuban eta Pakistanen jaiotako urretxuarrak daude.
Horien artean, gehienak kolonbiarrak dira. Gazteenak 24 urte ditu eta zaharrenak 67. Hamabi emakumezkoak dira eta lau gizonezkoak.
Graduatuak Juan Manuel de Jesus, Yeferson Ricardo Fetecua, Nelsy Torres, Carolina Restrepo, Aleyda Dias, Adriana Gallo, Kelly Jazmin Pizarro, Armando Guevara, Lucena Mireya Hernandez eta Maria Estela Bulla kolonbiarrak; Tania de la Nuez kubatarra; Asma Pervaiz pakistandarra; Mohamed Sidi-Ely sahararra eta Zineb Lakrim eta Bouchra El-Allioui marokoarrak dira.
Parte hartzaileen iritzia
Diploma banaketa ekitaldian beraietako batzuk hitza hartu zuten. Bere herrialdeko jantzia soinean zuela bertaratu zen Mohamed Sidi-Ely sahararrak eskerrak eman zizkion Urretxuko Udalari. «Harrera eskolak jatorri ezberdinetako jendea ezagutzeko balio izan digu. Denak oso jatorrak dira, aurrera egiteko gogoa dute eta ziur lortuko dutela. Hona heltzen garenean galduta gaude eta galdetu beharra dugu. Hemen, ezagutzen ez ditugun gauza asko daude eta harrera eskolak guretzat oso garrantzitsuak diren gauzak irakasten dizkigu. Harrera eskolari esker, eskubideen eta betebeharren berri dugu eta lagunak egin ditugu. Orain euskal herritarra naizela esan dezaket. Urretxuarra naizela esan dezaket», azaldu zuen sahararrak.
Jon Luqui alkateak eta Maialen Fidalgo zinegotziak Urretxun Bizi Gara harrera eskola oso aberasgarria dela esan zuten. «Ongi etorriak zarete. Harrera eskolan elkarri laguntzen diogu: guk lurra hartzen laguntzen dizuegu eta zuek Urretxuren etorkizuna nolakoa izango den erakusten diguzue, izango garenaren parte baitzarete. Hemen zaudeten unetik, hemengoak zarete», aipatu zuen alkateak. «Eskolan emakumezkoak eta gizonezkoak zaudete, adin ezberdinetako pertsonak, jatorri ezberdinekoak… aniztasun hori oso aberasgarria da», esan zuen zinegotziak.
Oihana Merino dinamizatzaileak eskerrak eman zizkien parte hartu duten guztiei eta egitasmoan parte hartu duten Goierri garaiko eragileei. «Gauza asko ikasi ditugu eta komunitateko eragile ezberdinek parte hartu dute. Igartubeitin eta Santa Barbaran egon gara, euskarari buruz aritu gara…», azaldu zuen dinamizatzaileak.
Elkarteen parte hartzea
Egitasmo honek elkarte eta erakunde ezberdinen laguntza du: SOS Arrazakeria, BidezBide, UGLE, Gainzuri ikastetxea, Uggasa, Sasieta, Emakumeen Etxea, Gazte Bidean, Goiargi abesbatza, Maite Aguado, Udal Euskaltegia, Helduentzako Hezkuntza Zerbitzua, Adinkide, Aspace, Harizpi elkartea, Etxebide, LAB, Osakidetza, Lanbide, Lenbur Fundazioa, Igartubeiti baserria eta Urretxuko Udaleko sail ezberdinak (Gazteria, Kultura, Gizarte Zerbi-tzuak…).
Merino pozik ageri da. «Aurten parte hartze handia izan da. Urtero batzuk bidean gelditzen dira beraien eguneroko betebeharrek saioetara etortzea eragozten dietelako, baina aurten gehienek ikastaroa bukatu dute. Oso aberasgarria izan da, eragile askok ere parte hartu baitute».
Urretxu ezagutzeaz gain, Igartubeiti eta Legazpi bisitatu dituzte. Gainera, atzerritartasunari, birziklapenari, hezkuntzari, osasunari, kulturari, enpleguari, euskarari eta gizarte zerbitzuei buruzko informazioa jaso dute. Goiargi abesbatzaren eskutik, euskaraz abesteko aukera izan dute.
Merinok egitasmo honen garrantzia azpimarratu du. «Gehienak beraien herrialdeetako egoera ekonomikoa txarra delako etorri dira Euskal Herrira. Bizimodu hobe baten bila etorri dira. Lan egitera. Bizi baldintzak hobetzera. Zerbitzu honen berri izaten dutenean, harridura eta poza azaltzen dute. Igartubeitira joan ginenean, autobus zerbitzua eskaintzeak harritu egin zituen eta esker oneko azaldu ziren. Denek oso balorazio positiboa egin dute».
Urretxuri, eskualdeari, zerbitzuei eta betebeharrei buruzko informazioa jasotzeaz gain, lagunak egin dituzte. «Ikastaroan zehar parte hartzaile askok urteak bete dituzte. Hala, urtebetetze asko ospatu ditugu. Horrek harremanak estutzen lagundu die. Lagun taldeak sortu dira. Bi parte hartzaile elkarrekin joango dira beste ikastaro batera. Eta herriko eragileen parte hartzeari esker, sarea ehundu dugu. Parte hartzaileetako batek eskulanak oso gustuko ditu eta Harizpi elkarteko kide izateko asmoa azaldu du».
Bertan jaiotakoentzat ere aberasgarria
Harrera eskolek ez lukete zentzu handirik izango elkarteek parte hartuko ez balute. Beraien parte hartzeari esker, etorkinek eta bertan jaiotakoek elkar ezagutzeko aukera dute. Parte hartzaileen artean Goiargi abesbatza dago. Harrera eskolakoak eta abesbatzakoak Goiargiren egoitzan elkartu ziren. Lourdes Idiakezek abesbatzaren berri eman zien eta ondoren denek elkarrekin Anai Xanti abestu zuten, Javier Arratibelen zuzendaritzapean. «Melodia internazionala denez, ezagutzen zuten. Kanon moduan abestu genuen, ahots ezberdinetara abestea zer den sentitu zezaten. Abestean biluztu egiten zara eta besarkatuta bukatu genuen. Harrera eskola oso ondo dago. Elkar ezagutu genuen eta abesbatzan abesteko aukeraren berri izan zuten», aipatu du Idiakezek.