Luis Goia Pikasarri zuen izena, eta txirrindulari profesionala izan zen 1950etik 1962ra. Garaipen sonatuena, Bidasoaz alde honetara behintzat, 1960ko Ordiziako Proba irabaztea izan zuen. Urdaneta kalean gora, Zubizarreta hotelaren parean bukatu zen azken edizioan jaso zituen bi besoak Goiak. Aurten argitaratu den Villafranca Probari buruzko historia liburuan, Gabiriako frantsesa izendatu dute Goia. Izena ere Louis eraldatu zioten, eta diote. Baina euskalduna eta euskal herritarra zen; halabeharrez alde egin behar izan zuen Frantziara, eta frankistek ez zioten barkatu. Jatorria bera debekatzeraino eta isilarazteraino.
Gabiriako Sanesteban baserrian jaio zen Luis Goia, 1926ko apirilaren 27an. 1948an Espainiako Ziklo-kros Txapelketa irabazi zuen, Donostiako hondartzan. 1950ean debutatu zuten txirrindularitza profesionalean. Alde egin behar izan zuen Hego Euskal Herritik, soldadutzako kontuak tarteko. Frantziara joan zen, eta han berrantolatu zuen bizimodua.
Frantziako taldeetan ibili arren, ez zioten Tourra korritzen utzi, frantsesa ez zelako. Elvish, Mercie, Peugeot taldeetan ibili zen. Peugeotekin Pirinioetako Zirkuitoa irabazi zuen. 1960ko uztailaren 25ean, Ordiziako 37. Proba irabazi zuen Luis Goiak (Stade Nayais). 160 kilometroko lasterketa izan zen, aurrena Ordizia-Ibares-Ihurre ibilbideari hiru itzuli eman, ondoren Eitzagako mendatea igo, hurrena Olaberria gaina, eta azken aldera Bidania eta Mandubia.
Karreran bi multzo sortu ziren: batean Goia, Galdeano eta Esmatges hirukotea, eta atzeragotik pelotoia. Goiak Mandubiako igoeran jo zuen erasoa, eta alde egin zien beste biei. Ordiziako Urdaneta kaleko helmugan 1:07 minutuko aldea atera zion Galdeano bigarrenari.
Frantsestzat hartu zuten antolatzaileek, eta ez zioten lehenengo gipuzkoarraren saria eman. Agintari frankistek ez zioten barkatu desertatu izana.
Ordiziako probaren biharamunean, bigarren egin zuen Villabonako IX. Proan. Alberdi bizkaitarrak irabazi zion. Abuztuaren 1ean, Elizondon (Nafarroa) irabaztea lortu zuen, berriz.
Heriotza, esprintean
Luis Goiak istripu larria izan zuen 1962ko apirilaren 12an, Akizeko (Okzitania) Grand Prix de la Grande Maison txirrindulari lasterketan (1957an irabazia zen), garaipena disputatuz esprintean zihoala erori eta buruan kolpe txarra hartuta. Komatik ez zen irten, eta hilabetera hil zen, maiatzaren 26an, Bordelen. Hilabete gutxi lehenago, urrian ezkonduta zegoen Anna-Jeanne Beloscar Camy-Sarthyrekin, Montaut herrian (Midi-Pyrenees, Frantzia); eta ezagutuko ez zuen Michel semea istripua izan eta astebetera jaio zen.