Aloña Jauregi • Landarlan Ingurumen Elkartea
Kiroldegiak beteta eta mendiak korrikalariz gainezka ikusi ditzakegun garai hauetan, esnatu da langilea, ohikoa duen orduan. Goizeko 6:00ak dira. Jaiki, gosaldu, dutxa bat hartu eta atera da etxetik. Portaleko atearen ondoan dauka bizikleta, eta gaur eguraldia ere lagun du. Erdi lo baldin badago ere, oreka onarekin doa gurpil gainean, eta egunak zer ekarriko dion pentsatzen hasi da. Zortzi orduko lan jarduna bukatu eta gero… Hara! badator gurpil hots batean kotxea, errepideko marra zuri guztiak zapalduz, berandu esnatu da, gosaltzeko betarik gabe hartu du kotxea… eta bizikletaz doan langilea, bide bazterreko sasiek marraskatu dute, kotxearen CO2a irensten zuen bitartean.
Etxera itzuli, bazkaldu, eta eskola atarira joango da umearen bila… Kontuz! Bide bazterreko arriskuak bukatu, eta hor sartu da Goierriko labirinto gorrian. Gurutzatu du errepidea, igo du koska, eta giratu ditu 90º eskuinera, kolpean. Lagunartean kafe bat hartu eta mendi bueltatxoa egitera joango da; belauneko minez dabil, fisioterapeutarekin txanda eskatu beharko du, 50 €, puff… Eta azti! Ia bizikleta baino estuagoa den bidegorrian, badator kontrako norantzan beste bizikleta bat! Autoeskolan bi mandorekin, bolatxoa marren artean eraman beharra izaten den bezalaxe, hor gurutzatu dira bi bizikletak, jo ez jo, arnasa geldituta, orekari eutsiko baldin badiote. Ez egun onik, eta ez adiorik… Eta zer pentsatzen ari zen ba langilea? A bai, fisioterapeuta, belauna… Eta piiii! hor doa marra zuriak zapalduz pasatu duen kotxea, bizikletak frenatu arazi duelako, haserre! Bide gorria bukatu, eta espaloitik jarraitu edo errepidera jaitsi erabaki behar izan du, oinezkoak zihoazen espaloitik, eta errepidea aukeratu du, baina…piiii!
Etxera joan aurretik, afarirako eta biharko bazkarirako erosketak egin behar dituela… baina, berriz 90º ezkerrera gira, eta errotonda azpitik pasatzeko, tunel ilun eta estuan, ia aurrean eraman du oinezkoa! Ehh! oihukatu dio emakumeak… Barkatu! Aparkatu du bizikleta, eta fitxatu du… hor dator kotxekoa, korrika, arnas estuka…eta fitxatu du. Egunon!