Ruanda taldea • Lazkao
Argazkia 1995 urtean Ruandako Gihara herrian kokatzen da. Ez da edozein herrialde, ez da ere edozein urte.
Afrika erdigunean kokatua, Ruanda herrialde txikia, mundu mailan oso txikia, izanik , gure Nafarroaren tamainakoa, askorentzat ezaguna egin zen argazkia baino urte bete lehenago, 1994 urtean, herrialdeko bi etnia nagusien arteko borroka, gatazka eta sarraskiaren ondorioz. Ziur denok ditugula gogoan telebista bidez ikusi genituen irudi gogorrak, sarraskiak batetik eta pertsona ilara luzeak bestetik, bide bazterretan beraien lurraldea utzi eta erbestean babes bila ateratzen.
Gehiengoarentzat Ruanda ezaguna une horretan egin bazen ere, baziren bertan 33 urtez han bizi ziren misiolari gipuzkoarrak, eta horien artean, argazkian azaltzen den Leonardo Esnaola lazkaotarra, bere bizitzaren zati handi bat Afrikan, Ruandan batez ere eman zuena. Leonardoren berri izanik, 1994an, Giharara bidaia prestatzen hasi ginen, baina ezustean, bertan behera geratu zen urte horretako gertakari ilun haien ondorioz. Hala ere, etsi gabe, gatazka aurretik prestatzen hasi genuen amestutako bidaia 1995 urtean gauzatu ahal izan genuen.
Hasiera batean bidaia berezia baina arrunta izan behar zena, hau da, Ruanda bisitatu, bertan zeuden misiolariekin errealitatea ikusi, bertako jendea ezagutu, beraiekin denbora partekatu…. izan beharrekoa, gatazka ondoren guztiz desberdina izatera pasa zen.
Suntsitutako Ruanda
Ruanda ezagutu bai, baina suntsitutako Ruanda; pertsonak, lekuak, eraikinak, dena txikituta. Errealitatea ezagutu bai, baina herrialde baten errealitate gordina; odolez, sufrimenduz betetako errealitatea; jendea ezagutu bai, baina pobrezian, miserian eta beldurrean murgildutako jendea, herria, ezagutu genuen.
Ikusi ahal izan genuen errealitateaz gain, argazkian jasotzen den irudi asko bezalakoekin, urte horretan guretzako bizi-esperientzia berri bat eta Gihararekin eta bertako pertsonekin konpromisozko harreman baten hasiera izateko aukera izan genuen. Leonardo, eta bere bidez gaizki deitutako «hirugarren munduko errealitatea» ezagutzeko aukera izan genuen. Leonardorekin Giharako tontor, zoko, auzo eta bazter guztietan ibili ahal izan ginen. Bertakoekin harremantzeko aukera izan genuen; beraien bizipenak, beharrak, gerra eta ihesaldiko gertakariak partekatu zituzten; bihotzak eta ezer gabeko etxeetako ateak ireki zizkiguten; familiak ezagutu genituen; osasun etxeetako argiteria konpontzeko aukera izan genuen; dantza eta abestiz osatutako elizkizun-festa amaigabeak bizi genituen eta, batez ere, «sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik» herrialde ireki, alai eta dantzaria ezagutu genuen bere egunerokoan, borrokalari eta gogotsu aurrera egiteko zegoena. Bizi-esperientzia honek guregan konpromiso baten beharra esnatu zuen.
Lazkaoko Ruanda taldea
1998 urtean bigarren bidaia egin genuen Giharara eta konpromiso horri bide eman nahian, sortu zen Lazkaoko Ruanda taldea. Harrezkero Gabonak inguruan hainbat ekitaldi, erakusketa, hitzaldi, elkartasun jaialdi, jostailu salmenta….. antolatu dira, Lazkaoko eta Orioko Ikastolen eta Giharako eskolen arteko harremana saretzen jarraitzen dute.
Beste alde batetik, Lazkaoko eta Olaberriako Udalen laguntzak bideratzen dira, 2000.urtez geroztik, hainbat eta hainbat egitasmo gauzatu ahal izan ditrelarik. Nagusiena, arrazoi desberdinengatik, kalean bizi diren eta eskolara joateko arazoak dituztenentzako, “Ruandarwejo ikas txokoa “ martxan da, oinarrizko hezkuntza eta egunean otordu bat emanez, eskolara bideratu nahi diren haurrentzat irekia. Gihara erdiguneko, Masaka eta Muganza auzoetako eskoletan eskaintzen den zerbitzua duintzeko, jangela eta ikasgela diren eraikin berriak, eraiki eta beharrezko materialez hornitu dira. Osasun etxean ere eraikinak berritzeko laguntzak bideratu dira eta etorkizun hobeago bat ireki.
Ez da mirari handirik egin, egiturazko arazoak ez dira konpondu, baina Giharako hainbat bizilagun edo pertsonei, behartsuenei, beraien eguneroko bizitza errazago eta duinago bat izaten lagundu zaie.
Gehiago ezagutu nahi duenak, Lazkaoko Kultur etxeko erakusketa gelan, abenduaren 11tik -16ra bitartean izango du aukera, bertan izango baita Ruanda txokoa, argazki erakusketa, pandemiak eragindako geldialdiari amaiera emateko.