Baserriko lehengaiak eraldatzeko Uztaola elkarteak aurtengo kanpainaren berri eman eta aurrera begira dituen asmoak iragarri ditu.
Orain 5 urte, 2018an sortu zen Goierrin Uztaola elkartea, baserriko lehengaiak eraldatzeko taldea. Irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, eta lau dira dituen helburu nagusiak, taldearen estatutuetan jasota datorren moduan: lehena, nor bere baserriko ekoizpenen eraldatze zerbitzu bat eskaintzea bere kideei; bigarrena, eraldatze prozesua osasun erregistroa duten eta osasun publikoak onartutako instalazioetan gauzatzea; hirugarrena; kideek kalitatezko barazki eta fruta kontserbak, zukuak, eztia eta erlezaintza produktuak eta esnekiak egin ditzaten formazioa lantzea; eta laugarrena, baserritarrentzako komertzializazio aukerak hobetzea, kontsumitzailearentzat sanitarioki seguruak diren produktuak eskainiz.
Zaldibiako Olaeta auzoan dagoen Goizane eraikinean kudeatzen du elkarteak izen bereko eraldatze gunea. Urteotan sagarra jotzeko erabili izan dute azpiegitura hori. Aurtengo kanpainan, esaterako, 91 sagar joaldi egin dituzte elkarteko 53 bazkidek –denera 84 dira, horietatik 45 Goierrikoak–, 84 sagar zukua egiteko eta beste zazpi sagardotarako. Joaldiko, gutxi asko, 350 litro ateratzen dira, eta denera 31.000 litrokoa izan da ekoizpena. Bi hilabete iraun du kanpainak, irailaren 12tik azaroaren 11ra.
Erabilera baldintzak
Eraldatze gunea erabili ahal izateko elkarteko bazkidea izan da behar da derrigorrean –30 euro da urteko kuota–, eta norberak ekoitzitako lehengaia izan behar du, izan ekoizpen kobentzionalean nahiz ekologikoan. Kanpainak iraun duen bitartean langile batek gainbegiratu du prozesua eta makinariaren erabilera zuzena. Txanda bakoitzean 500 kilo sagar jotzea komeni da, errentagarritasuna optimizatzeko. Sagarrak garbi eraman behar izaten dituzte ekoizleek, ahal dela zuhaitzetik hartuta edo uretan pasatuta, eta ale ustelik gabe.
Sagarra bertan estutu eta muztioa etxera eramateko aukera badago. Kasu horietan garraioa norberak antolatu behar du, eta bukaerako produktuak ez du Uztaolaren osasun agiririk izango. Aurtengo prezioak hauek izan dira: Botilak eta tapa barne (1,38 euro litroa); Botilak norberak eramanda eta tapa Goizanen hartuta (1,01 euro litroa); Estutu bakarrik, pasteurizatu gabe (0,53 euro litroa). Prezio guztiei %21eko BEZa gehitu behar zaie. Erabilera baldintza guztiak eta txanda hartzeak Zaldibiako Udalaren webgunearen bidez egin dira.
Nahi eta asmo berriak
Uztaolako kideen helburua Goizaneko eraldatze gunearen erabilera handitzea da, azpiegitura egon baitago produktu gehiago eraldatzeko. Bi hilabetera mugatu gabe, Uztaolaren erabilera urtean zehar orokortzea da nahia. Juntako kideek diotenez, barazkien eraldaketaren proba batzuk egiten ari dira, aurrera begira adar hori ere martxan jartzeko. «Badaude eskaerak sagarra lehengai hartuta bestelako produktuak egiteko: pureak, konpotak, sagar-goxoa… Pistoak ere bai barazkiekin, baita marmeladak ere. Eta konbutxa egiteko ere bai. Ikusten da eskaera egon badagoela», nabarmendu dute.
«Potentzialitate handia» ikusten diote Uztaolari. «Oso interesgarria iruditzen zaigu gure eskualdean produktuak eraldatzeko gogo hau izatea, produktu berriak sortzea. Badaukagu aukera gure lehengaiekin produktuak sortzeko, eta hemengo dendetan, azoketan edo edozein tokitan egoteko». Freskoan saltzen ez dutena eraldatu eta aurrerago saldu ahal izatea «aukera interesgarria» dela diote, «beste irteera bat».
Asmoak, nahiak eta gogoak bai, baina hori guztia dirutara ere eraman behar dela jakitun dira. «Zuhurrak» dira horretan, eta bideragarritasun plan bat ezinbesteko zaie. «Merkatu plan» bat aztertzen ari dira orain – «datuak, kosteak…»–, eta denbora gutxi barru ondorioak mahai gainean izango dituztela aurreratu dute.
84
Uztaolaren bazkide kopurua. Horietatik 45 Goierriko dira, eta gainontzekoak Gipuzkoakoak gehienak. Aurtengo kanpainan 53 bazkidek erabili dute eraldaketa gunea.
91
Sagar joaldi kopurua. Sagarra jotzeko erabili izan dira eraldaketa guneko azpiegiturak. 84 joaldi sagar zukua lortzeko izan dira, eta zazpi joaldi sagardotarako.