Javier Arzuaga fraide frantziskotarra Kuban zen Kubako Iraultza nagusitu zenean. Bizitakoarekin ‘A la medianoche’ argitaratu zuen 2012an. Jon Aranok (Itsasondo, 1961) euskarara ekarri du, ‘Gauerdi Minean’ izenburuarekin.
Javier Arzuaga Lasagabaster (Oñati, 1928-Ameriketako Estatu Batuak, 2017) fraide frantziskotarra 1952an apaiztu zen, Arantzazun. Laster Kubara destinatu zuten. Santiago de las Vegaseko seminarioan irakasle izan zen lau urtez, eta 1956an Habanako Casablanca auzoko parroko izendatu zuten. 1959ko urtarrilaren 1ean, urteberri egunean, Kubako Iraultza nagusitu zen, Fulgencio Batista diktadoreak erbestera alde egin eta Fidel Castro buru zuten matxinoek Habanara sartu zirenean. Bertan zen Arzuaga. Batistaren diktaduraren aldeko presoak bisitatu zituen La Cabaña gotorlekuan, bertako parroko zelako, eta 55 laguni lagundu omen zien hormara. Iraultza aurreko eta ondorengo bizipenekin, A la medianoche liburua argitaratu zuen 2012an. Jon Aranok (Itsasondo, 1961) liburua euskarara itzuli du, Gauerdi minean izenburuarekin. Booktegi.eus webgunean dago irakurgai.
Arzuagari fusilatuei heriotzara laguntzeak eragin zizkion oinaze eta ondoeza ageri dira liburuan. Aranok 2018an jaso zuen liburua euskarara ekartzeko lana, «enbaxada» bere hitzetan, nahiz eta Arzuagaren berri bazuen. «Entzunda eta irakurrita neuzkan Javier Arzuagaren ingurukoak, zein zen, Che Guevararen kapilaua deitzen zioten, diktaduraren arrain potoloei hormara lagundu ziena…». Krisi batean zegoen garai horretan, eta segituan pandemia etorri zen. Krisi sakon betean, Arzuagak bizi izan zuen krisi existentziala lagungarri egin zitzaion, eta itzulpena egiteko lanari ekin zion. «Irakurtzen hasita… oso gogorra, intentsoa, baina aldi berean ederra, lazgarria baina bikaina… nahiz eta barruak mugituko zitzaizkidan, hastea erabaki nuen», azaldu du itzultzaileak.
Aurreiritziak eduki izan zituen hasi aurretik, fedearekin gorabeherak zituen-eta. Umetan meza mutila izan zen, gaztetan antiklerikala, geroztik ateo, eta agnostizismora pasata zegoen jada… Fedearekin ezbaian. Horrela erabaki zuen liburua itzultzea, «sinestezintasun hori kolokan jartzen hasita» zegoelako. «Itzultzen hastearekin, jake mate egiten ari zitzaion jainkoa ateoei, eta baita niri ere».
Lehen bertsioa
Kubako Iraultzan bizitakoaren ostean, sinesmenak zalantzan jarri zituen Arzuaga fraideak ere. Handik gutxira, bizi izandako guztia atzean uzteko ahaleginean edo, eliza utzi egin behar izan zuen frantziskotarrak. Aranok azaldu bezala, «sekularizatu eta ezkondu egin zen, Ameriketako Estatu Batuetara joan zen bizitzera, eta bizirik zegoela Kuban bizitakoak idatzi zituen». 1959an, La Cabañan igarotako hilabeteetako kronika «garratz, min eta gordina» egin zuen. La galera de la muerte izenburuarekin argitaratu zioten liburua, baina Arzuaga ez zen ados agertu edizioarekin. «Antikastristek aldatu zioten berak idatzitakoa. Manipulatu egin zutela ikusi zuen, baina hala ere jarraitu egin zuen». Dena dela, Euskal Herrian hainbat hitzaldi eman zituen 1960ko hamarkadan lehen argitalpen horren harira.
Ia mende erdia pasatu zenean, 2009an, bere bertsioa erabat eraldatu zuen Arzuagak, eta 2012an, A la media noche izenburuarekin edizio digitalean argitaratu zion Angel Gonzalez Katarain ordiziarrak. Bigarren edizio horren gaineko itzulpena egin du Aranok.
Hiru hizkuntzatan
Gaztelaniazko bertsioaz gain, ingelesezko bertsioa ere bazegoen euskarara itzuli aurretik. Nevadako Reno hiriko unibertsitateko euskara sailak eskatuta, Xabier Irujo itzultzaileak ingelesera itzuli zuen 2018an, At Midnight izenburuarekin. Euskal Herrian, baina, «jende gutxik» ezagutzen duela dio Aranok. «Askok esan didate ez zutela ezagutzen eta jakin mina dutela». Booktegi.eus webgunean irakur daiteke, doan. Dagoeneko 180 bat deskarga izan ditu, eta 1.110 bat ikustaldi.
Gaztelaniazko bertsioan Joseba Sarrionandiak eraldaketa batzuk egin zituen, eta bertsio hori pasa zioten Aranori euskarara itzuli zezan. Itzulpen lanek uzten duten aldaketa marjinen barruan, bere «aldaera» egin du itsasondoarrak, itzultzailea ez ezik, editore arduraduna ere izan baita. Dialogorik gabeko testua pasa zioten, eta irakurketa arintze aldera, dialogoak egokitu ditu euskarazko bertsioan. Koldo Izagirre idazlearen eta Andoni Eskixabel ordiziar itzultzaile ohiaren laguntza izan du prozesuan. Arantzazun frantziskotarrekin hainbat egonaldi ere egin ditu lanari osotasuna emateko asmoz.
Che Guevararekin
Iraultza nagusitu zenean, La Cabaña gotorlekuko komandantea Che Guevara zen, eta bertako parroko bakarra zen Arzuaga. Harekin izandako bizipenak azaltzen dira liburuan. Horietako batean azaltzen du elizkizunak egitea debekatu ziotela kapilauari, baina presoei laguntza eskaintzeko aukera eman ziotela. Hil aurretik, Arzuagak 2010ean Miel Anjel Elustondo kazetariarekin Argiarako egindako elkarrizketan azaldu zuenez, ez zuen «lan eskasiarik» izan, «800 preso baino gehiago» eduki zituztelako eta bere egitekoa zelako haiek lasaitzea. Askotan, berak jakinarazi behar izan zien presoei fusilatu egin behar zituztela. Arzuagarentzat, Fidel Castrok bataila mediatikoa irabazi zuen, «mikrofonoen kontra, irrati eta telebistaren aurrean», eta Che Guevara ez zuen gerrillaritzat. «Che idealista ezagutu nuen lehenengo, erradikala. Ondoren, Che justizia-egilea, batere kezkarik gabe dena txikitzeko, edonor hiltzeko gauza zena», esan zuen elkarrizketan. Liburuan kapilau-komandante harreman horren gorabeherak irakur daitezke.
Gizatasuna oinarri
«Giza lekukotza latza» izateaz harago, «dokumentu historiko latza» da Aranorentzat Gauerdi Minean, kontakizun «esanguratsu pila bat» jasotzen dituena. Frantziskotarrek Francoren zein beste diktaduren aurka zuten posizioa, «hartzen zihoazen kontzientzia» eta Arzuagaren sentimendu iraultzaile kontrajarriak islatzen ditu liburuak. Iraultzaren eta egoera politikoaren testuinguruan, baina horren gainetik, gizatasuna dauka oinarrian kontakizunak, Aranok azaldu duenez: «Bizitza bat ikusten da hor, ideologiak ideologia, diktadura baten arrain lodiak zirenak eta hormara hiltzera zihoazenak ere pertsonak zirela».