Komunikazio bide izan dira elizetako kanpai hotsak, eta herritarrek ondo ezagutzen zituzten joaldi motak, bizilagun bat hilzorian zegoela edo meza zein apaizek emango zuen jakiteraino. Kanpaijoleak aukeratzen zituen okasio bakoitzerako kanpaiak eta joaldi kopurua. Gaur ia desagertuta dago kanpaien hizkuntza.
Herria banatuta dago Seguran, elizako kanpandorreko erlojuak gauetan jotzen dituen kanpaien hotsak ixiltzeko hainbat herritarrek egindako eskariaren ondorioz. Gaueko atsedena eragozten dutela diote batzuk, tradizioari eta erabilgarritasunari heltzen diote beste batzuk. Seguran, elizako kanpandorreko erlojua udalaren eskumena da, eta udalari dagokio egindako eskari horren aurrean zirt edo zart egitea. Laster plazaratuko du erabakia.
Polemikarekin edo polemikarik gabe, Goierriko beste herri batzuetan ere hartu dituzte antzeko erabakiak, eta batean baino gehiagotan gauez ez dira entzuten ordua markatzen duten elizako kanpai hotsak.
Baina erlojuenak ez dira kale edo auzoetan entzuten diren kanpaikada bakarrak, eliza dorreetakoak izanik, eliz eginkizunak iragartzen dituztelako oraindik ere, izan mezetarako deiak egiteko, izan hileten berri emateko. Hala ere, herri gehienetan automatizatuta daude gaur egun, eta garai bateko kanpai jotzaileak desagertzen ari dira.
Funtzio gehiago ere izan dituzte elizetako kanpaiek, orain gehienak galduta dauden arren. Urte askoan kanpai jole lanak egindako Laureano Telleriak ondo ezagutzen ditu, eta idatziz ere jasota ditu eskuorri dotore batean, kanpai hotsen funtzio horiek.
Kanpai jotzaile beteranoa
Gauetako kanpai hotsen auzia pil-pilean dagoen herrikoa da, hain zuzen, Goierrin kanpai hotsez gehien dakiena, 88 urteko Laureano Telleria . Eliza inguruan betidanik ibilitakoa da, lehenik aingeru jantziarekin Aste Santuko prozesioan, eta gero eliz mutil lanetan, meza laguntzen, eta harrezkero, «beti hor sartuta». Kanpaiak jotzeko lana 1978an bereganatu zuen, lan hartaz arduratzen zen Migel anaia hil zenean.
‘Kanpanero’ izan zen lehenik Laureano, eta erloju zaintzaile ere bai, gero. Garai batean herriko aguazila zen erlojuaren arduraduna, baina hark utzi zionean, Laureanok heldu zion lan hari.
Erlojuaren mantentze lan guztiak lehen eskuz egin behar izaten ziren, «pisuak altxatzeko mekanismoa martxan jartzen zuen biraderari eragin behar izaten zitzaion, astean bitan», azaldu du Telleriak. Elizan aspaldian egon da erlojua, baina gaur egungoa 1899koa da. Une honetan matxuratuta dago, baina bestela, ordua, ordu laurdena, ordu eta erdia eta hiru laurdena jotzen du. Orduak jo baino lehen, lau deialdi egiten ditu kanpai txikiagoekin, eta gero kanpaikada handia. «Hizkuntza unibertsala da».
Duela hiru-bat urte utzi zion elizako erlojuaren mantenimenduari, «kanpandorren bertan dago erlojua, eta adinak ez ditu barkatzen hara igotzeko dauden 16o eskailera mailak. Automatikoa jarri zuten orduan, eta orduz gero, Tecnikronos enpresa arduratzen da horretaz, eta eliza dorreko kanpai jotze guztietaz». Dena digitalizatuta dago, eta programa desberdinak dira, jo nahi den kanpai motaren arabera «orain, telefono mugikorraren bidez ere agindu daiteke jotzea, baita Zaragozan egonda ere».
Erlojuko kanpaiez gain, honako hauek ere jotzen dira gaur egun Segurako elizan: 08:30ean jotzen dira (Aingeruak Mariari), 12:00etan Angelusa eta Segurako diana, 20:00etan Gaueko Ave Maria. Mezara deitzeko bueltako kanpaia jotzen da, «astean meza bakarra dago orain, igandean 12:00etan, eta 11:30ean hasten da jotzen. Joaldi horietaz guztiez Tecnikronos arduratzen da orain, baita abestiez ere. Lehen ez ziren jotzen, baina automatiko jarri zutenen hasi ziren jotzen… beno, grabazioak dira».
Lehen dena eskuz jotzen zuen Telleriak, baita hil kanpaiak ere. «Hiletaren bat baldin badago hori jotzen da, gizonezkoa bada hiru kanpaikada, eta emakumezkoa bada, bi. Umeentzat ere badira hil kanpaiak, aingeru kanpaiak esaten zitzaien». Horiek ere automatizatuta daude orain, eta dagokion programaren zenbakiari emanda aktibatzen dira.
Garai bateko mezulariak
Hori da kanpai hotsen hizkuntza, «kanpaiak hala jo, halakoa dio». Hizkuntza hori jasota du Telleriak eskuorri batean, Eliz kanpaien hizkuntza, antzinako komunikabidea izenburupean. Duela urte batzuk eman zuen argitara, 2001ean, erakustaldi eta guzti, eta ondo gordeta du, «nahi duenarentzat eskuragarri».
Hiletak iragartzen zituztenez gain, heriotzarekin lotutako kanpaikada gehiago zeuden garai batean. Hala, hil kanpaiak pertsona bat hil eta gero jotzen ziren modura, hildakoaren sexua adieraziz gainera, hil aurretik, elizakoak kanpaia, agonia kanpaia eta olio santua kanpaia ere jotzen ziren, eta hiletaren ondoren, errespontso kanpaia ere bai. «Guztiak desberdinak ziren, kanpai desberdinak jotzen ziren baterako edo besterako, eta joaldi kopurua ere desberdina zen. Eta hori guztia jendeak ezagutzen zuen, ondo antzematen zuten zer ari ginen jotzen. Kanpaien hizkuntza, hizkuntza garbia da, eta lehen oso garrantzitsua zen». Gaur egungo whatsapp mezuekin alderatzen du hizkuntza hori Telleriak, kanpaien bidez informazioa zabaltzen zelako.
Garai bateko meza kanpaia da horren adibide, bazuelako berezitasun bat. «Sakristiatik jotzen zen kanpaitxoa mezatara deitzeko. 24 joaldi eginez gero, bikarioa zen meza emale; 24 kanpaikadak amaitu eta ixilunea eginda beste bat joz gero, bigarren apaiza zen meza emale; eta ixilunearen ondoren bi aldiz joz gero, hirugarren apaiza. Horrela, konfesatzera joan nahi zuenak bazekien elizan bere gustuko apaiza izango zen ala ez».
Su kanpaiak ere baziren, eta «horiek dida batean ulertzen zituzten herritarrek, jo orduko kalera ateratzen ziren baldeak hartuta… Niri tokatu zitzaidan behin baino gehiagotan jotzea». Harri kanpaiak ere jotzen ziren, «ekaitza zetorrela esateko, eta jendeak bedeinkatutako erramuak erretzeko», baita errogatiba kanpaia ere, «euria erregutzeko».
Baina berezienak sal-erosi kanpaiak ziren Telleriak dioenez. «Terrenu bat edo saltzen zenean, han elkartzen ziren eroslea eta saltzailea, eta bazen ohitura bat: sakristauak 20 kanpaikada jotzen zituen elizan, eta saltzen ari ziren lursailean zeudenak handik entzuten bazituzten, saldu behar zenari %9 igotzen zitzaion balioa. Sakristauari ez fuerte ez arin jotzeko esaten zitzaion…. eta haizeak eragina zuenez, haizeak kanpai hotsak eramaten dituelako, sua egiten zen, eta kea zuzen igotzen bazen gora, balekoa zen kanpai jotze hura».
Baina kanpaien hizkuntza galtzen ari da, eta Telleriak «pena» du horregatik. «Kanpaiei ez die inork kasurik egiten. Orain Seguran inork ez ditu jotzen, eta inor ez zait etorri galdezka jotzen ikasteko. Eta hauek danak gaurko eta biharko altxorrak dira».
Legazpiko kanpandorreko musika
Egoera antzekoa da Goierriko gainerako herrietan ere. Gehienetan, batez ere handietan, automatizatuta daude elizetako kanpaikadak, eta txikietan bakarrik mantentzen da eskuz jotzea, mezetarako deialdiak egiteko eta hiletak iragartzeko.
Automatizazioaren hautua egin duen bat Legazpi da, eta herri horretan ixildu egiten dira gauez erlojuaren kanpaikadak. Gainerako guztiak programatuta daude, baita egunean hiru alditan entzuten diren abestiak ere, kanpai doinuekin osatutakoak.
Hala, goizeko bederatzietan, eguerdiko hamabietan edo arratsaldeko zortzietan elizatik gertu daudenek, kanpai doinuekin egindako melodia dotoreak entzuten dituzte. Parrokiako Batzordeko kide den Ricardo Burguerak azaldu duenez, 09:00etan, Mirandaolako ereserkia den Zugana bidez entzuten da, Antonio Sarasola parroko zenean Legazpin apaiz egondako Jesus San Sebastianen letra duena, eta E. Azkarateren musika; 12:00etan, Lourdesko Ave Maria herri doinua entzuten da; eta 20:00etan, Zuk zer dezu Arantzazu herri doinua. «Grabazioak dira, erlojuaren eta kanpaien automatizazioaren mantenimenduaz arduratzen den Tecnikronos enpresak sortutakoak eta programatutakoak».
Tecnikronosek instalatutako automatizazio sistema arduratzen da, baita kanpai jotze guztiez ere, Legazpin ez baita dagoeneko eskuz jotzen kanpairik. Parrokiko kanpandorrean zazpi kanpai daude, eta beste bat dago kanpandorretik kanpo, eraikinaren beste aldean, arrosa leihoaren inguruan. Zaharrena, kanpandorreko kanpai nagusia da, Kale Nagusira ematen duena eta 1480 urtekoa, eta berriena 1998koa, kanpandorrekoa hori ere, eta Itxaropen auzo aldera ematen duena.
Erlojuaren orduak eta laurdenak egunero jotzen dituzte 08:00etatik 23:00etara, eta mezetarako deiak ere bai, astegunetan 18:35ean, larunbatetan 17:35ean eta 18:35ean, eta igandeetan 08:35ean eta 11:35ean. Igandetik kanpoko jai egunetan ere jotzen dituzte kanpaiak, Errege, Santikutz, San Joan, San Ignazio, Amabirjina, Santu guztien edo Gabon egunean bezala. Gainera, hiletak iragartzeko ere badaude kanpaikadak, hildakoa gizonezkoa, emakumezkoa edo haurra izan, bakoitzarentzat kode bati jarraiki.
Ikusten denez, Legazpin ez da kanpai soinu faltarik, gauetako joaldiak kenduta egon arren.
Kanpai jotzea
Goierriko 22 herrietako egoera desberdina da eliza nagusietako edo parrokietako kanpai jotzeari dagokionez.
- Eskuz jotzen dituzte kanpaiak: Altzaga, Ezkio, Itsaso, Itsasondo, Gaintza.
- Kanpaiak automatizatua daude: Arama, Ataun, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Urretxu, Zaldibia, Zegama, Zumarraga.
- Automatizatua eta eskuz: Beasain, Gabiria, Idiazabal, Mutiloa, Olaberria, Zerain.
- Erlojuaren kanpaikadak:
- 24 ordutan jotzen dituzte: Itsaso, Gaintza, Gabiria, Segura, Zegama, Zaldibia.
- Gauetan ixiltzen dira: Ataun, Idiazabal, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Mutiloa, Ordizia, Olaberria, Urretxu, Zerain, Zumarraga.
- Ez dute jotzen: Altzaga, Arama, Beasain, Itsasondo, Ormaiztegi (matxuratuta dago).
Kanpaiak eskuz jotzea, gizadiaren ondare
Iazko azaroaren amaieratik, eta Unescok hala izendatuta, elizetako kanpaiak eskuz jotzea Gizadiaren Ondare Immateriala da. Gaur egun ez dira leku asko geratzen kanpaiak eskuz jotzen direnak, eta jarduera hori kontserbatzea ezinbestekotzat jo du Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak.
Erabaki horrekin batera kaleratutako txostenean, kanpaia jotzea mendeetan zehar adierazpenerako eta komunikaziorako erabili izan dela, eta hainbat funtzio sozial bete dituen jarduera izan dela jaso zuen Unescok. «Kanpai hotsek, besteak beste, informazioaren elkartrukerako, koordinaziorako, babeserako eta kohesiorako balio izan dute. Kanpai danga desberdinekin kodifikatutako mezuak igortzen dira, eta komunitateetako kideek ezagutzen dituzte; herrietako bizitza egituratzen laguntzen dute. Kanpaia jotzeko erabiltzen den teknikak (errepika, iraulketa…), kanpaijolearen abileziak eta kanpaien, dorreen eta kanpandorreen ezaugarri akustikoak soinu errepertorio zabala eta aberatsa sortzen dute, eguneko momentu desberdinak markatzeko, herritarrei gertaera naturalei buruz ohartarazteko (suteak edo uholdeak) edo hileten eta beste gertakari batzuen berri emateko».
Kanpai hotsak herrietako jaien, ospakizunen eta ikuskizunen parte garrantzitsu badirela ere nabarmendu du Unescok.
Kanpaijoleetan ere erreparatu du ondarearen zaintzan lan egiten duen erakundeak, eta askotan belaunaldiz belaunaldi transmititzen den lana dela nabarmendu du. Kanpaijoleen elkarteak ere aipatu ditu, kanpai jotzearen praktika dokumentatzeaz eta ikertzeaz gain, «kanpai jotze tradizionalaren artea» erakusten eta zabaltzen ere jarduten dutelako.