Jon de la Cuesta Barrutia • De la Cuesta eta Barrutia farmaziak (Beasain)
Tenperatura jaisten eta arnas bideetako gaixotasun infekziosoen maiztasuna handitzen hasi da jadanik. Paziente anitzetan, gaixotasun hauen sintoma adierazgarrienetako bat eztula da, gure osasun sistemaren defentsa mekanismo garrantzitsua alde batetik (eztul hezea), edo gaitza pairatu izanaren ondorio bat izan daitekeena bestetik (eztul lehorra). Hori dela eta, ezinbestekoa da ondo bereiztea bakoitza eta nola tratatu.
Arnas bideetako gaixotasun infekziosoen aurrean, gorputzak patogenoari aurka egiteko muki produkzioa handitzen du, eta eztularen bidez muki horretan harrapatutako eta neutralizatutako mikroorganismoak kanporatzen ditu defentsa mekanismo moduan. Eztul hau hezea izango litzateke, zeina erraza den desberdintzen mukia karkaxa moduan eztulaz kanporatzen hasten denean. Muki hori biriketan eta hortik sudurreraino dauden traktu eta bideetan zehar sortzen da, sudurreko muki jarioa muki produkzio handiaren seinale adierazgarria izanik.
Gaixotasunaren bilakaera okertu
Alabaina, muki hori biskosoegi edo gogorregi dagoen fasean, ez da eztularekin kanporatzen, eta oso ohikoa da eztul lehorrarekin nahastea eta mozten saiatzea, gaixotasunaren bilakaera okertuz. Sudur bideetatik muki jario handia eduki ostean egun baten baino gehiagotan, muki hori ez da bat-batean desagertzen. Goiko arnas bidean eta seno paranasaletan (bekoki inguruan), biriketan edo bietan bildu daiteke. Beraz, sudur muki jarioa egun baten baino gehiagotan eduki eta gero eztula hasiz gero, nahiz eta hasiera batean mukia ez kanporatu, ziurrenik eztul hezea izateko bidean aurkituko da eta moztea ez da gomendagarriena.
Eztul lehorrak, atsedena kaltetu
Bestalde, muki jario gutxi edo epe laburrean eduki eta gero, eztul hezearen bidez muki guztia kanporatu eta gero edota gaixotasuna gainditu eta gero, prozesu hauek guztiak eragindako narritadura edo irritazioaren ondorioz agertu daiteke eztul lehorra. Bularreko ondoeza, eztarrian kilima sentsazioa, txistu soinua eztul egiterakoan eta inongo muki kanporaketa izango lirateke zeinu adierazgarrienak. Egunerokotasuna edota atsedena kaltetzen ditu eztul lehorrak, hortaz, moztea da gomendagarriena.
Hala ere, kontuan eduki testu honek arnas bideetako gaixotasun infekziosoen ondoriozko eztul lehorra soilik azaltzen duela. Beste edozein testuingurutan azalduz gero, egokiena arrazoia aurkitzea izango litzateke, beste kausa anitz eduki baititzake, esaterako, prozesu alergiko bat, asma, biriketako gaixotasun butxatzaile kronikoa, bihotzerrea, botikaren baten eragin desiragaitza…