Lehenengo aldiz kantatu zuenetik 170 urtera, efemeridearen abarora haizatu dira berriro Gernikako Arbola abestiak euskal herritar guztien ereserki beharko lukeen desirak. Ofizialki agian ez, baina ia oraintsu arte euskaldunen ereserki nazional modura funtzionatu izan du, belaunaldiz belaunaldi.
Joxe Mari Iparragirre Balerdi koblakari urretxuarrak Gernikako Arbola lehenengo aldiz jende aurrean Madrilen (Espainia) abestu zuen, 1853an. Eguna ez da jasota gelditu. Lekua, bai: Montera kalearen goialdeko partean zegoen San Luis kafetegian. Baina estreinaldilekuari buruz ere eztabaida historiografikoa badago, egon. Iparragirreren biografiaren egile Julen Gabiriak iradoki duenez, aurrez Euskal Herrian kantatua zuen. «Hainbeste lekutan ibili zen Iparragirre, pentsatzekoa da aurretik ere non edo han kantatua izango zela».
Inspirazioa, berriz, 1848ko iraultzan frantsesek landatu zuten Bakearen Zuhaitzetik hartua zukeen. Helburu ideologiko desberdinekin, ordea. Frantsesek gizartea modernizatzea zuten amets, Iparragirreren ideia politikoetatik oso bestela.
Euskaldunen biltoki
San Luis kafetegi hura, kronikek diotenez, euskaldunak elkartzeko lekuetako bat, Madrilen, Soleko barrutian Arropa denda bihurtuta dago gaur egun. «1853ko gau batean» estreinatu zuen Gernikako Arbola. Zenbait autorek dioenez, Juan Maria Blas Altuna piano jotzaileak lagundu zion, kafetegiko oholtzatxoan.
Hori horrela, ereserkiaren egiletza ere zalantza jarri izan duenik bada –Espainiako Historia Akademiako Delmasek, adibidez–, Altunari egotzita. Iparragirrek berak sendo defenditu zuen berak konposatua zela. Kontuan hartu behar da abesti hark euskaldunen gogo-aldarteak berehala piztu zituela, kontzientzia kolektibo bat hauspotzeraino. Agintari espainiarrek errotik moztu zuten hori, are gehiago 1854an Iparragirre Euskal Herrira itzuli zenean.
Urkiolan, sei mila lagunen aurrean
Atzerriko estreinaldiaren ondotik, euskal lurretan ofizialki aurreneko aldiz 1854ko ekainaren 13an abestu zuen Gernikako Arbola Iparragirrek. Urkiolako San Antonion (Bizkaia) izan zen. Erromeriara joanak, sei mila lagun zeuzkala aurrean aditzen idatzi zuen Benito Bizkarra abadeak.
Handik hamar urtera, 1864ko ekainean, Espainiako Senatuan ere aurkeztu zuen senatari batek ereserkia, erdarara itzulita. Euskaldunen adaxkak aireratzen ari zen, ordurako.