Ekialde Hurbileko eromenak oroitzapen urrunak ekartzen dizkit gogora. 2003ko goiz batean, behatzaile talde bat gidatzen nuen Hebronen, 800 kolono judutarrek gatibu duten Zisjordaniako hirian. Bisitaren erdian, mutiko palestinar batek galdetu zigun nongoak ginen. «Laguntza behar dut», esan zuen. Eskolarako hainbat bandera marraztu behar omen zituen. «Senyera, ikurrina, espainiarra?». Bandera guztiek paper zati zimurtu batean zirriborratuak amaitu zuten. Jarraian, aurrean jarrita, umeak gure bandera guztiak txikitu zituen korrika alde egin aurretik. Harrituta gelditu ginen: zergatik zegoen gurekin haserre?
Udaberri hartan, NATOko herrialdeak izuaren aurkako gerra egiten ari ziren eta ekialde osoan ziurgabetasuna nagusi zen. Espainia martxotik Irakeko gerran zegoen, eta, gainera, Tayser Allouni kazetari siriar-espainiarra atxilotu zuten. Garai horretan Espainiako pasaportea ez zegoen begi onez ikusia. Baina gurera etorrita, zertan genbiltzan katalanak eta euskaldunok? Ez al daude gure kaleak pintadaz beteta Palestina aurrera, Palestina lliure?
Haifako marinelen etxean, Esteban Hernandorena kapitainaren omenezko plaka bat dago, Israelen Steve Gate izenarekin ezagutzen zuten: «1905-1965, Bizkaian jaioa; itsas kapitaina, flota klandestinoan aktiboa. Israelgo Merchant Marine fundatzaileetako bat, Haifan bizi zena». Izan ere, 1947 eta 1953 artean Haganah eta Agentzia Juduak ehun euskal marinel baino gehiago kontratatu zituen beth aliyah-n parte hartzeko (Palestinako immigrazio judutar klandestinoa). Jose Antonio Lisbonaren ikerketen arabera, kontratazio horiek Eusko Jaurlaritzak Parisen zuen ordezkaritzaren oniritzia izan zuten, Javier de Gortazaren bitartez.
Naziak Frantzia okupatu zuten bitartean, euskal erresistentziak judu asko mugatik igarotzea lortu zuen. Javier de Landaburu, Mitxelena, Jauregi, Leizaola, Ajuriagerra eta Agirre lehendakariak pozez hartu zuten Israelgo Estatuaren sorrera. Gauza bera gertatu zen nazionalista katalanen artean. Israeldik ikasi nahi zuten, kibbutzetik, hebreeraren berpiztetik, Irgun eta Stern bezalako talde armatuetatik. Izan ere, EAJ eta ETA Israelen laguntza eta prestakuntza militarra aurkitzen saiatu ziren.
Gaur egun, CAFek Israelek anexionatutako lur palestinarren kolonizazioa errazten du, Jerusalemgo trena eginez. Eustaten arabera, azken urtean EAEko enpresek Israeli egindako salmentak %52 igo dira, armen salmenten datuak kontutan hartu gabe, informazio hori sailkatuta baitago.
Palestina aurrera?