Mikel Iturriotz • Bertsolaria
Edozein hiritako edozein kaletan, taberna bat. Barraren alde banatan, bi mundu. Batean, karrera atera bitartean lanean ari den gazte bat, zulo horretatik ateratzeko falta zaizkion orduen atzera kontaketa agonikoan; bestean, gazte izandako hiru gizon, tabernariari oihuka eta ahotik zaborra dariela.
Gazteari lepazaina puzten ari zaio, eta atera berri dien patata razioa eztarrian kateatuta ito daitezen nahi luke. Bere egoera momentuko zerbait dela sinetsita dago, karrera amaitu eta doktoretza egin bitarteko zerbait. Laster hasiko da bere neurriko lan batean, bera hori baino askoz ere hobea baita. Bat-batean, ordea, jende saldo bat tabernara sartu da. Greba orokorra da, eta pikete bat egin diete. Eta momentu horretan, taberna barruko laurak ados jarri eta biolentzia kondenatzen dute, barra desagertu eta hain aparteko bi mundu elkarrekin urtzeraino.
Multinazional bati okupatutako zentro sozial batean, aldiz, bizilagun batek sarraila saboteatzen du. Hirugarren aldiz saboteatzen ari zela harrapatu egiten dute, eta ekintzarengatik kontu eske joaten zaizkionean, modu ilegalean daudela eta multinazionalak bizilagunei dirua zor diela esaten die, eta haiek ere lapurrak baino ez direla, ez direla ongi-etorriak.
Etxe aurrerakoi usteko bateko salan, berriz, emakume bat prentsa irakurtzen ari da ordenagailuan. Izutu egiten da Milei lehendakaritzara iritsi delako, eta ez du ulertzen nola eman diezaiokeen norbaitek halako pertsona bati bozka. Goierriko Hitza ireki du jarraian, eta bi albiste irakurri ditu: Beasaingo udaltzainak pistola eramaten hasiko dira, eta Legazpi kameraz josi dute. Biak ala biak segurtasunaren aldeko neurriak iruditu zaizkio, eta lasai joan da sofara.
Eta, bitartean, ogiak euro t’erdi balioko du bihar ere. Etzi, agian, gehiago.