Lourdes Imaz • Segura
Mendia, landa guneak edo hondartza, gure oporrak pasatzeko aukeren artean egoten dira. Erabakia hartzerakoan natura oso presente edukitzen dugu. Ez da harritzekoa, aspaldi konturatu ginen, naturak onura ugari eskaintzen digula.
Eguneroko errutinak sortzen digun nekea eta itomena gutxiagotzeko, adituek, naturarekin lotura duten lekuetara joatea gomendatzen dute. Mendi buelta bat edo paseo bat egiteak estresa arindu, pakea eman eta sormena suspertzen laguntzen baitu.
Gure haurtzaroan ez genuen horrelako gomendio beharrik izan. Naturarekin harreman zuzena izan genuen. Denbora luzeak pasatzen genituen inguruko mendietan eta zelaietan jolasean. Amalurrak eskaintzen ziguna ezagutzeko eta behatzeko aukera paregabea izan genuen, bertako fauna eta landaredia identifikatzen ikasiz. Horrek jakinmina piztu eta ingurugiroan gertatzen dena ulertzeko grina sortu zigun. Txikitatik natura preziatzen ikasi genuen eta guraso eta aitona-amonek gure ingurua zaintzeak eta babesteak duen garrantziaz jabetu arazi ziguten.
Lan hori, gaurko egunean eskola barruan egiten da. Berdina ote?
Gu behin eskolatik irtenda ez geneukan oraingo haurrek dituzten musika, ingelera, igeriketa, robotika, judo… eta hainbat saio berezi egin beharrik. Parke edo kiroldegirik ere ez zegoen herrian eta oraindik etxeetan telebistarik ere ez. Beraz, etxetik kanpo, ordu asko pasatzen genituen, herriko kale, plaza, frontoi eta inguruko bideetan.
Herri ingurua ezagutzen
Kozkortzen hasi orduko herri ingurua ezagutzen hasten ginen. Lastala eta Azpila gainak, Egoianeko txabola, Mutilo erreka, Deposito gaina… leku gustukoak genituen. Urrutixeago zeuden, Txoritegi, Santa Barbara eta Liernira ere sarritan joaten ginen (etxean dauden argazkiak dira testigu, denak Don Bizente Aranburu, herriko bikarioak aterata), baina leku horietara zaharragoak ziren arduradunekin joaten ginen.
Argazkian, Santa Barbara gainean gaude, adin ezberdinetako neska taldea, Garbiñe Etxeberria eta Nati Auzmendi begiraleekin. Mendi gailurrean, zelai garbia zegoen eta gogoan dut denok futbolean ibili ginela. Mutilak gurekin joan balira, neskak futbolean ibiltzen lanik ez genuen izango. Izan ere sinistu arazi ziguten bai pilota eta bai futbola mutilen kirolak zirela, baina garbi dago neskei ere gustatzen zitzaigula.