Errekek edo ibaiek normalean ez dute berezko izenik, igarotzen diren parajeen izenak hartzen dituzte. Eztanda, Eztanda parajean sortzen delako; Argisao eta Santalutzi, batean sortu eta bestetik igarotzen delako; Urola, Aizpurutxo aldeko Urola (gaur egun Ubola) parajetik igarotzen delako; Otsaurteerreka, Otsaurten jaiotzen delako. Eta horrela ia gehienekin. Badira gutxi batzuk errekari berari erreferentzia egiten diotenak: Errekaundi, Errekagaizto, Errekabeltz, Errekatxo, Ibaieder Azkenik, antzinako hidronimoak ere egon litezkeela ez da baztertu behar, Deba-ren antzera; Oria, akaso izan liteke horietako bat.
Agauntza izena lehen taldekoa da, nahiz eta gaur egun Ataun eta Lazkao gurutzatzen dituen ibaiari soilik esaten zaion. Ez da, gainera, izen hori duen bestelako parajerik ezagutzen. Baina agiri zaharrei erreparatuz konturatuko gara antzina izen horrekin oso eremu zabala izendatzen zela. Hori dela eta, argi samar ikusten da Agauntza ibaia Agauntza eremutik datorren ur-ibilgua dela.
1404. urtean, Lazkaoko jaunak eta Ataungo herriak hainbat saroi eta larreren aprobetxamenduaz jardun zuten auzi batean, ikus liteke Ataungo udalerria bi alderditan bereizten zela: Ataun eta Agauntza. Hala, Ataun iparraldeko eremuaren mugak deskribatzerakoan, Agaoztik San Gregoriora bitartekoak zehazki, pasarte batean hau esaten da: «Por el çerro ayuso por la dicha penna, syendo Ayçarte, es contra Ataun e el otro contra Agaunça, como desçiende la dicha penna fasta el pie de la dicha penna». Ematen du, hortaz, udalerriaren iparraldea, hirutik bat gutxi gorabehera, Ataun izenez ezagutzen zela; eta udalerriaren hegoaldea, hirutik bi, Agauntza.
Juan Arin Dorronsorok ere bide horretatik idatzi zuen: «El año 1404 (…) se determinó que el territorio que caía al Sur de la línea divisoria de Lizarrabea-Agaunza-Agauz-Aralegi conocido, como hemos dicho, con el nombre de Agaunza…». Arinentzat, dena dela, Iparraldeko eremua historikoki Azkolisasia izenez ezagutu izan da, eta ez Ataun izenez. Agiri zaharretatik ondorioztatuko zuen seguruenik.
1488ko agiri batean goiko irakurketa hori berresten duen pasarte bat topatu dugu: «Montes y términos llamados de Agaunça que son en la dha tierra de Guipúzcoa de la comarca de la vezindad de Ataun e de otras tierras de Nabarra y Guipúzcoa especialmente desde la sierra fasta Berrenoa desde la collaçion de Ataun fasta el término de Nabarra».
Litekeena da garai bateko Agauntza izeneko eremua gaur egun Markesane izenez ezagutzen den berbera izatea, honek ere Ataungo hegoaldeko inguru zabal bat erreferitzen duelako.
Etimologia
Izenaren jatorriaren gainean ez dugu kontu ziurrik esateko. Soilik, Azpeitian izen bereko beste paraje bat dagoela (Agaunza, 1697, gaur egun Arauntza) eta Euskal Herriko mendebaldean oso antzekoak diren Abauntza dauzkagula (Abaunza, 1750, Arrasate; Abaunça, 1590, Legutio; Abaunzaga, 1799, Eibar; Abaunça, 1565, Abadiño; Abaunz, 1691, Zeberio).
Izen gehienek, edo guztiek, mendi inguruneei egiten diete erreferentzia, eta pentsa liteke basoen ustiaketarekin zerikusia dutela. Mitxelenak (h)abe (ant. Vizc.) ‘árbol ’ egon zitekeela uste zuen, besteak beste.