Argiak, arratsalde hotz eta ilunak argituz; mendiak elurtuta, etxearen babesean eta goxotasunean, maite gaituztenez inguratuta… horrela irudikatzen dira beti Gabonak. Ohiturak, tradizioak, oroitzapenak… guztiak berreskuratzen diren eta etorkizunera begira gehiago sortzen diren garaia. Bai, iritsi dira Gabonak neguaren hotzarekin batera. Askok eta askok ikaragarri gozatzen dute urteko garai hau, beste batzuk, aldiz, mahaian hutsuneak izaten dituzte dena delakoarengatik eta ez dira horren atseginak izaten, baina urtero iristen dira. Jendearekin elkartu, kaleak argiz beterik ikusi… usain desberdina izaten da kaleetan: Gabon usaina.
Etzi, abenduak 24, ohitura izan da urteetan zehar etxez etxe Gabon kantez giroa alaitzea. Gaur egun, aldiz, ez da horren ohikoa eta askoren eguna etxez etxe ibiltzetik tabernaz taberna ibiltzera pasa da. Hala ere, badira hainbat gazte oraindik ohitura horri eusten diotenak, batez ere, Goierriko herri txikietan. Zenbait herritako gazteak dira kantuan jarraitzen dutenak, eta horren adibide dira Zeraingo zein Gabiriako gazteak.
Ohitura berreskuratzen
Zeraindarren kasuan, ohitura hau aurten berriro «berrartu» dute gazteek, abenduaren 24an kantuan aritzeko gazte taldea osatuz. Gazte «dezente» elkartuko direlakoan daude. Diotenaren arabera, Gabon-kanta «tradizionalak» abesten dituzte batez ere, baina koplak ere badituzte. Trikitiaz eta panderoaz lagunduta joango dira kantuan. Bi taldetan banatu ohi dira, herri guztira iritsi ahal izateko Gabon-kantak goizean bertan. «Autoetan» mugitzen dira herrian zehar, musikarekin, «giro alaian». Etxe bakoitzean dirua zein jan-edana izaten dute eta amaitzeko bi taldeak herriko kaskoan elkartu eta bertan elkarrekin amaitzen dute. Etxeez gain, Segurako zahar etxera ere joaten dira, zeraindar ugari baitago han.
Egun guztiko kantu eskea
Gabiriarrak, berriz, goizean abiatzen dira, gosaria egin ondoren. Kamionetan joaten dira egun osoan zehar, baserriz baserri. Herriko gazte guztiak elkarrekin irteten dira egun honetan kantuan aritzera. «Beraiek asmatutako bertsoak» dira abesten dituztenak, herrian «bertsolari zein bertsozale ugari» baitituzte. Txistulariek lagunduta joaten dira eta tarteka «beste musika tresnaren bat» ere sartzen dute. Aurrez «ondo antolatzen dira, ibilbidea zehaztuz, bertsoak ikasiz eta abar». Jan-edana «ez da sekula falta» diotenaren arabera. Eguzkitzan bazkaldu eta kantuan jarraitzen dute. Arratsaldean, amaiera emateko egunari, herriko plazan abesten dituzte azken bertsoak. Gutxi gorabeherako bat esatearren 50 pertsonatik gora ateratzen dira kantuan Gabirian.
Izan zeraindarrak, gabiriarrak zein goierritar gazte gehiago etzi goizean Gabon kantak kantatuz ibiliko dira etxez etxe eta baserriz baserri. Ohitura zaharrei eutsiz eta egun eder bat pasaz ospatuko dute abenduaren 24a askok eta askok.