Goierriko enpresek dituzten beharrak identifikatu eta bide horretan laguntzea da Goiekik sorreratik izan duen helburua. Garaian garaira egokituz, bi dira bukatzear den urte honetan Industria arloak enpresekin batera jorratu dituen programa aipagarrienak: Digitaliza Goierri eta Hazinnova.
Sortu zen une beretik, 1993tik, Goierriko enpresen beharrei erantzuteko lanean dihardu Goieki garapen agentziak. Hasiera haietan banakako zerbitzua ematen eta laguntza eskaintzen aritu izan zen, baina azken urteetan elkarlana izan da erronka horiei erantzuteko erreminta nagusia. Aurten bertan, Goiekiko Industria arloak hainbat eremutan jardun du enpresei zerbitzuak ematen, baina izan duten «erantzun, eragin eta pisuagatik» bi nabarmendu dira.
Alde batetik ETEen (Enpresa Txiki eta Ertainak) digitalizazio prozesuak martxan jartzeko Digitaliza Goierri proiektua landu da, eta beste alde batetik, ETEetan berrikuntza proiektuak martxan jartzea ahalbidetu da Hazinnova programari esker.
Digitalizazioan urratsak egiten
Azken urteetan enpresak kudeatzeko era eta haien arteko harremana lantzeko moduak asko aldatu dira. Sistema digitalak txertatu dira enpresetan, lan egiteko moduak aldatuz.
Hori ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako garapen agentzien artean proiektu komun bat jarri zen martxan 2017. urtean. Orduan bailarako ETE ezberdinak bisitatu ziren euren digitalizazio eta Industria 4.0-ren inguruko ezagutza aztertzeko. Hortik, errealitatea eta beharrak identifikatu ziren, eta erronkei erantzuteko eraldaketa digitaleko bide orrien definizioa egiteko proiektua jarri zen martxan.
Proiektu hori martxan da harrezkero, eta urtero bost edo sei enpresen eraldaketa digitaleko bide orriak landu izan dira. 2023an ere zazpi enpresari lagundu die Goiekik euren errealitatetik abiatu eta merkatuak eskatzen duen kudeaketa eredua izateko zein bide orri jarraitu behar duten zehazten.
Errealitateak ezberdinak izanik, landu diren proiektuak ere ezberdinak izan dira. Batzuek bezeroaren arretarako atari birtualak landu dituzte, eta beste batzuei kudeaketarako erreminta berrien aukeraketan lagundu zaie. Eta tartean, beste enpresa batek, Fabrikazio Gehigarriak eskaintzen dituen abantailak bere prozesuetan nola aplika ditzakeen aztertu du. Proiektu honek jarraipena izango du 2024an, eta beste hainbat enpresari lagunduko diete eraldaketa digitalerako bide orria definitzen.
Hazinnova, hazi eta berritu
Eusko Jaurlaritzak eta Innobasquek sortutako programa da Hazinnova. Programa hori hazi egin nahi duten eta produktu, prozesu, marketin eta antolakuntza arloetan berrikuntzak dakartzaten mikro-proiektuak dituzten ETEentzako doako aholkularitza da.
Horretarako, programa honek, enpresei 50 orduko doako aholkularitza espezializatua eskaini die honako arloetan: Ekonomiko-finantzarioa; Barne administrazio prozesuak; Produkzioa; Logistika; Pertsonak; Bezeroak; Merkatu berriak; eta Produktua.
Goieki Hazinnova eragile laguntzailea izan da, eta Goierriko hainbat enpresek aurkeztu dute proiektua Goiekiren dinamizazioari esker. Aurten, Goierrin, zazpi enpresak hartu dute parte. Denen artean 11 mikroproiektu landu dituzte, eta Goiekiri esker, 31.560 eurotan baloratutako aholkularitza zerbitzua subentzionatu ahal izan da.
Euskal Autonomia Erkidego mailako programa da Hazinnova, eta 2023an honako datu hauek utzi ditu: 500 proiektu landu dira 382 ETEren eskutik. Horietatik %58,4k lehenengo aldiz hartu dute parte programan, %40k bi mikroproiektu landu dituzte, eta %72 hamar langiletik gorako enpresak izan dira.
Sektoreei dagokionez, enpresa gehienak industria arlokoak izan dira (%50), baina honako sektore hauetako enpresek ere hartu dute parte: Handizkako salmenta (%21); Elikadura (%10); Kultura eta sormen industriak (%8); Garraioa eta logistika (%5); eta beste batzuk (%6).
Hobetzen jarraitzeko
2024an ere Hazinnova programa zabalik egongo da. Beraz, Goierriko edozein ETEk honako hobekuntza hauek ekar dakizkiekeen proiektuak landu ditzake:
- Enpresaren errentagarritasuna hobetzea.
- Prozesuen eraginkortasuna optimizatzea.
- Gastuak eta entrega-epeak murriztea.
- Erakundeko pertsonen motibazioa.
- Merkatu-kuotak handitzea.
- Bezeroen segmentu berrien esplorazioa.
- Jabetza industriala babestea.
- Produktu edo zerbitzu berrien diseinua.
- Behar teknologikoen definizioa.