Iñaki Dorronsoro Plazaola • Erretiratu aktiboa
Albert Einsteinek esan zuen: «Lau urte nituela aitak iparrorratz bat erakutsi zidanean halako harridura nabaritu nuen. Zera, nahitaez gauzen atzean edo azpian zerbait izugarri ezkutua egon behar zuela konturatu nintzen».
Ezin dezakegu adierazi mundu honetan halako edo honelako ordena bat ez dagoenik. Eguzkia egunero ateratzen zaigu eta gizakiok zahartu egiten gara, ez gaztetu. Ulertzen dugu ondorio orok zergati bati edo askori jarraitzen diotela. Nola edo hala esatearren, munduko ehundegi honen funtzionamenduan erregulartasunak ere badaudela. Eta errealitatearen gainazalaren azpian, isil-gordean, mundua zuzentzen duten erregelak hor daudela jardunean.
Gizon-emakumeen historiaren zati handi batean, Izaki Gorenak dena zuzentzen zuelakoan, uko egin zioten errealitatearen sakonean induskatzeari. Baina Newtonek dena aldatu zuen. Sinestun zintzoa izanik ere Izaki Gorenaren kreazioaren joko arauak jakin nahi izan zituen eta, edozein une eta tokitan aplikagarria den grabitate unibertsalaren araua asmatu zuen.
Asmakizun horiek garaian garaiko konbentzio sozialak besterik ez direla sustatzen duten pentsamendu korronte asko etorri dira gero. Egia subjektiboa izatearen ideia pixkanaka ezartzen joan da pentsamendu postmodernoaren eskutik, askotan errealitatearen izaera objektiboa bera ukatzeraino. Hortik, egiaren errealitate erreferentzia objektibo eta unibertsalaren balioa gutxitzeko joera geroz eta handiagoa. Ikuspegi hauentzako egia norberaren edo kolektibo baten iritzi soil bat bihurtzen da, aldakorra noski, egoeraren baldintza eta interesen arabera.
Iberdrolak fakturak bidaltzen dizkigulako sinesten dugu elektrizitatea badela, baina ez gara gai kablearen barruan nola bidaiatzen duen ulertzeko. Edo ez gara konturatzen, Keynesek esaten zuen modura, «kapitalismoa uste harrigarri bat besterik ez dela: gizon maltzurrenak, –diru eta botere goseak–, guztien ongizatearentzako egiten dituztela makurkeria handienak».
Eta azkenik, arrazoimen pertsonal eta kolektiboa, Ilustrazioaren lorpen handi hori, sare sozialetako zarata eta manipulazioaren atzean nahastu zaigu. Baina etorkizunean gizarteak erabaki onak hartu ahal izateko garrantzitsua da gizarte alfabetatu bat izatea. Eta gu geuri tokatzen zaigu, azaletik harago, errealitatearen geruza sakonak zulatuz, sinesgarriak iruditzen zaizkigun horien artean ezberdintasunak nabaritzen: beraien buruarekin konpromisoa besterik ez dutenak edo beraiek baino kausa garrantzitsuagoekin konprometitutakoak.