Elkarrizketarako kaña bana eskatu dute Inhar eta Aitzol Eskisabelek. Musikariak dira. Urrutiena bizi dena iritsi da lehenbizi, Inhar, Lezotik. Egun lanpetua eta betea izan duela esan du. Aitzol, lekua gaizki ulertuta, beranduxeago dator, irribarretsuago. Eseri, eta hika hasi dira elkarrekin, beren gauzetaz. Huntza taldeko anaia ataundarrak dira. Estudiante garaian sortu zuten, 2014an, Bilbon. Otsailaren 3an dute azken kontzertua.
Ondo aprobetxatu zenuten ikasle garaia. Musika talde bat sortu zenuten.
Aitzol Eskisabel (A.E.). Taldearen ideia eta lehenengo elkarketa Bilboko ostegun giroan izan zen. Triki-poteoetan eta elektro-txaranga batean ibiltzen ginen, eta hortik sortu zen Huntza. 2014ko irailean hasi nintzen unibertsitatean, eta urtea bukatzerako jada taldea bagenuen. Lehenengo azterketak aprobatzerako, Huntza hasita zen. Elektronika eta Fisika ikastera joan nintzen.
Inhar Eskisabel (I.E.). Ni beranduago sartu nintzen. Zuek entseatzen bi urte ibili zineten, 2014 bukaeratik 2015 osoa. 2016an planteatu zuten udan erromeria batzuk jotzea, diru pixka bat lortzeko. Kantu batzuk bazeuzkaten.
Erromeriak, zer helbururekin?
A.E. 2016ko udaberrirako kantu batzuk eginda geneuzkan, eta lagun artean banatzeko behintzat grabatu behar genituela esan genuen. Horretarako dirua ateratzeko erromeria batzuk jotzea pentsatu genuen. Hasieran beste baxu jotzaile bat genuen; hura izutu zitzaigun, eta anaiari hots egin genion.
I.E. Iragarki bat ere jarri zuten unibertsitatean. Baina inor ez zen apuntatu.
A.E. Ez zakiat jarri ote genian! [barreak]
I.E. Baina bueno, Word-en behintzat idatzi zenuten. Hori gordeta zagok.
Anaiari ez diozu hori barkatzen…
I.E. Ni ordurako baxua erdi utzita nengoen, baina gertuena zeukaten bajista ni nintzen. Berez, uda hartan sei-bat erromeria jotzea zen asmoa. Nik ezer gehiago ez nekien. Kontzertu batzuk jotzekotan hasi nintzen.
Aurretik ere ibilita zeundeten musika munduan, Indarra taldean, Ataunen.
I.E. Bai, gaztetako gure taldea. 15-16 urterekin osatu genuen, Ataunen. Gu biok, Egoitz Goikoetxea, Hodei Goikoetxea eta Unai Almeida. Kuadrillako lau, eta anaia.
A.E. Gero alderantziz egin genuen. Indarran zuek elkartu eta niri hots egin zenidaten, eta Huntzan nik hiri.
Zorra kitatzeko ere. Elkar ondo hartu al zenuten Huntzan?
I.E. Hasieratik, ondo. Lehen uda hartako erromeriak presio handirik gabe jo genituen, ondo pasatuz. Huntzaren kantuak gustatu zitzaizkidan. Hurrena, diskoa ateratzea izan zen proiektua, eta ni anima nendila esan zidaten. Ondoren etorri zen guztiarekin asko elkartu ginen, 2017an batez ere: Aldapan gora singlearen boom-a, urte hartan 60 kontzertu baino gehiago jo genituen…
A.E. Zortea eduki dugu. Gu lagunak ginela elkartu ginen; lagunak eta anaia. Aurretik ondo moldatzen ginen. Geroz eta ordu gehiago elkarrekin igarota, ika-mikak ere sortzen dira, baina ondo.
Lehen diskoaren aparra egundokoa izan zen. Espero al zenuten halakorik?
I.E. Ez, hainbestekorik ez. Durangon aurkeztu genuen diskoa 2016ko abenduan, baina Aldapan gora singlea aurretik, urrian edo azaroan.
Eta nola barneratu zenuten?
A.E. Denetara. Ahal zen bezala.
I.E. Ez erabat ondo. Tentsioarekin. Inpresio handia egin zigun –denoi, nik uste–, irratian Aldapan gora hainbeste entzutea, zerrendetan lehenengo, kolpean alde guztietan gure musika…
A.E. Erromerietatik gentozen gu, Amezketan edo Orendainen jotzetik. Lau ordu jotzeagatik, 600 euro direla? Han gindoazen! Eta Sanferminetara gero. Kolpetik, kontzertuetan jendetza guri begira egotea, arraroa izan zen.
Ospe horren funtsa edo arrazoia zein izan zen, zuen iritziz?
A.E. Hit batek egin zuen dena. Aldapan gora asko entzun zen.
I.E. Nik uste ekoizleek potentziala ikusi zutela. Haritz Arregik, grabatzen ari zenean, jada ikusi zuen. Joseina Etxeberriak jarri zuen irratian lehenengo aldiz, Gaztean; kantua entzun zuenean, jada jarri egin nahi izan zuen. Belarrira segituan sartu zitzaion, eta potentziala ikusi zion, eta asko jarri zuen.
Ordurako, garai bateko triki-pop-rock korronte emankor hura ahaztuta zegoen, pasatuta. Ezustean, zuek jarri zenuten berriro modan. Apropos?
A.E. Ez dakit. Ni rock girokoa nintzen gehiago, metal zalea. Bateria jolea ere, Arrasatekoa, punk-rock estilokoa zen, biolin jotzaileak eta trikitilariak folkerako joera zuten… Baina guri trikitia ere betidanik gustatu izan zaigu, besteari folka ere bai. Nolabait, bakoitzak beretik aportatu dugu kantuetan.
I.E. Guk ez genuen 1990-2000ko mugimendu hura harrapatu, baina oso presente zegoen oraindik eta guri ere gustatzen zitzaigun. 2016an, Aldapan gora hasi zenean, juergetan triki-popa entzuten zen, txosnetako musika hori zen. 2000ko hamarkadatik hor egon dira, denbora guztian. Eta potentzial hori guztia aktualizatuz gero, eta jendeari gustatuz gero, eskaria bazegoen.
A.E. Aldi berean, guk bukatu genuen aro hura, nolabait, lehengoei segida emanda edo haien oinordeko izanez. Baina ni behintzat inoiz ez naiz horren kontziente izan, horretara joan gabe suertatu da. Gitarrarako eredu beste batzuk hartu ditut nik, adibidez. Trikitirako, teknoa igual hartu dugu gehiago.
Asko ibili zarete, hara eta hona.
I.E. Bereziki, 2017an. Artean ikasle ginen, zorionez. Lanarekin batera tokatuz gero…
A.E. Bestela ez duk posible. Ez, ez. Bizimodu gogorra da.
I.E. Batez ere, zortzi orduko lan batekin batzeko. Bereziki gogorra egiten da denbora librerako daukazun astebukaera hori musikarako dedikatzea: taldearen zerbait gestionatu behar dela, kontzertuak jo… Orduak kentzen dizkizu. Bi lan dira, azken batean.
Bizimodua aldatu zizuen Huntzak?
A.E. Bai, aldatu zigun. Ni oraindik ikasle munduan nabil, oraintxe karrera bukatu berritan. Ondo eraman dudala uste dut, baina Huntzak denbora asko kendu du, ikasteko eta. Beste afizioetarako denbora gutxiago eduki dut. Lanean ibili zaretenok [Inharri begira], aseta.
I.E. Bai, aseta. Baina har hori ere bazeukan: kontzertuetan ondo pasatzeko, disfrutatzeko aukera ematen zuen. Aurretiko afarian animatu, eta konpentsatzen zuen giro horrek. Hori bai, karga garrantzitsua zeukan eta faktura pasatzen zuen, baina faktura hori konpentsatzeko lain ematen zuen, egia esan.
Musikatik bizitzeko tentaziorik edo aukerarik ikusi al duzue?
A.E. Nahi izanez gero, urte batzuk bizitzeko bai. Baina betikoa da: orain urte batzuk musikan egiten baditut, gero zer? Honetatik bizi nahi al dut bizitza osoan? Honetara lotu nahi al dut? Ezezkoa da erantzuna.
I.E. Serioago hartuz gero, diruaren bila joanez gero, gastuak zorrotz mantenduz eta hoztasunarekin gestionatuz, bizitzeko ematen du. Baina ez dago ziurtasunik hemendik bost edo hamar urtera emango duenik. Pandemian ez zuen eman, esate baterako.
A.E. Huntza batean larri ematen badu, hainbeste jende mugitzen ez duten taldeek ez dute aukerarik. Lana egin behar badute, eta musikaren esparrua aurrera atera, ez dago aukerarik.
Euskal Herria zeharkatu duzue, eta atzerrian ere asko ibili zarete.
I.E. Baita ere. Esperientzia oso ona izan da bidaiatzea. Japonia, Eskozia, Kuba, Mexiko, Argentina, Uruguai, Frantzian asko, Suitza, Finlandia, Espainian asko, Katalunia, Galizia… ibili gara. Gustatu zaigu arlo hori.
A.E. Ondo dago. Musikarekin, gainera, joaten zaren lekura joaten zarela, ondo hartzen zaituzte. Gu ibili garen inguruetan behintzat, bai; jaialdi erraldoietara ere ez gara joan, noski. Bertako jendearekin egonda asko ikasten da.
I.E. Jendearekin konektatzeko erraztasuna ematen du musikak. Oporretan agian ez duzu kontaktu askorik izaten, zailagoa da bertakoekin egotea. Musikak ematen du hori: antolatzaileak, ikusleak, parranda-giro hori…
Zeren arabera izaten da?
A.E. Momentu polit asko izan dira.
I.E. Sortzen den giroak asko egiten du. Teruelen, adibidez, kontzertu batekin beti gogoratzen gara. Oso ondo pasatu genuen agertokian egun hartan. Herri txiki bat zen, Allepuz. Hotz zegoen, gainera, eta herri txiki bat zen. Gero, kristoren giroa eta publikoa oso ona topatu genuen bertan.
A.E. Ehun biztanle edo gutxiago ziren. Despoblazioaren Aurkako Jaialdia zen. Rolloa gustatu zitzaigun, eta hara. Maestrazgo bazterrean, mendian dago. Taberna bakarra zegoen, eta Patxi Puñalen [Osasuna taldeko futbolari izandakoa] peña bertan! Osasuna zaleak ziren.
Euskaraz aritzeagatik izan duzue inoiz gora-beherarik?
A.E. Ez, inoiz ez.
I.E. Eduki dugun publikoa ere beti izan da Euskal Herriari eta euskarari buruz interes bat zeukana. Jendea informatuta joaten dela uste dut. Orokorrean, kirako jendea izan da, estatu mailan ere.
A.E. Euskara bultzatzen edo baloratzen dutenak. Kanporago atera garenean ere, bitxiak suertatzen zitzaizkien instrumentu batzuk, trikitia adibidez, hizkuntza ere arraroa… Jendeari berezitasun hori gustatzen zaio, apreziatzen du.
Huntza ezagutzen zuten kanpoan? Argentinan, agian?
I.E. Argentinan, bai. Hango diaspora indartsua da. Kontzertu ona izan zen.
A.E. Gertatu zitzaigun han ere! Argentinan elkartu ginen batekin, kontzertua jo eta gero trago batzuk hartzen ari ginela. Areto nahiko punki batean jo genuen; barran, tipo bat aldamenean, eta tertulian: ‘Yo tengo familia allá’ [argentinar intonazioz]. ‘Sí? Dónde?’. ‘En Ataun’. [barreak] Lokalizatu nituen gero hemen.
Jo nahi bai, baina iritsi ez zareten tokirik geratu al zaizue?
I.E. Nik, Bretainia. Gustura joko nukeen han. Frantzian jo dugunetan bandera bretoiak ikusi izan ditut publikoan. Arantza barruan Bretainiarekin geratu zait. Irlanda, bestea.
Orain, bukaerari begira zaudete, ‘Azken balitz bezala’ kontzertuari. Iradokitzailea da izena; ‘balitz bezala’ hori. Atea irekita utziko al duzue, edo?
A.E. Hori gehiago da ‘ospa dezagun azkena balitz bezala’.
I.E. Atea ixten dugu. Zaila da esatea, 29 eta 27 urterekin, kantu horiek ez ditugula inoiz gehiago joko, eta agertoki batean berriro ez garela batera egongo. Baina, juntatzen baldin bagara, era diferentean izango da, eta ez da izango berriro hau berrartzeko. Ez zait iruditzen berriz seiok bueltatuko garenik honetara. Baina gazteak gara oraindik.
Otsailaren 3koa zer izatea nahi duzue?
A.E. Despedida bat, goitik. Kontzerturako lagun pilo batekin kolaborazio dezente lotu ditugu. Lagunak gonbidatu, eta ospakizun bat egiteko izango da.
I.E. Huntzaren bukaera, ezagutzen dugun bezala. Hemendik aurrera ere elkartzen jarraituko dugu. Jatea gustatzen zaigu, jatetxeetara joatea, juergetara. Kuadrilla bat gara oraintxe, eta harreman hori mantendu nahi dugu.
Zuentzat zer izan da Huntza?
A.E. Opari bat. Bere nekeak eman dituen opari bat. Esperientzia piloa bizi izan dugu. Beste mundu bat ezagutzeko aukera izan dugu, berez ezagutu ezingo genuena edo tokatuko ez zitzaiguna.
I.E. Zortea izan dugula uste dut. Guri hau tokatzea opari bat izan da, alde batetik. Zeren tokatu egin zaigu, ez ginen honen bila joan. Zerutik erori zen. Markatu gaituen zerbait izan da, bestetik. Huntza joango da, baina hurrengo urteetan ere markatuko gaitu. Zortzi urtean inportantea izan da niretzat Huntza, eta ni behintzat pertsonalki asko markatu nau. Batez ere, onerako.
Berriro ere ustekabean hastera
Ez da samurra musikariaren bizimodua, kanpotik bestela lirudikeen arren. Arrakasta, edo bere falta, dena parametro horretan neurtzea eta bizitzea… Saturatzeko zorira iristen dira asko. Huntzak loretan eten du ibilbidea, arantzatsu bihurtu aurretik, oraindik neurrian. Egindakoa ikusteko ziurrenik garaizegi dute, eta nekeak irabazten die betazalei. Elkarrizketaren bukaeran, kezka bat aitortu dute: elkarrizketa «negatiboegia» geratu ez izana.
Irakurleak baloratuko du hori. Baina belaunaldi askotako euskaldunak atzendutako musika estilo berezko baten bueltan berriro gozarazi dituen seikoteak argia eduki behar du nonbait. Huntzakoek musikan dute.
Ataun ere ezagutu du taldeak. Inhar eta Aitzol Eskisabel bertakoak izateaz gain, lehenengo entsegu lokala Ataunen eduki zuten, 2016an eta 2017an. «Ondo ezagutzen dute taldekideek Ataun, bai», dio Inharrek.
Musikaren ibilian ikasten Ataunen bertan hasi ziren, Lazkao Txiki Musika Eskolan, Beñat Barandiaran gitarra irakaslearekin. «Esan behar da musika eskola batek herri bati ere zenbat ematen dion. Bakarren bati umeak musikan apuntatzea tontokeria irudiko zaio, baina mundu oso polit bat ezagutzea da», aitortu du, zintzo, Aitzolek.
Oso gutxi iristen diren mailetara iritsi dira (hiru disko, jarraitzaileak milaka, kontzertuak ehunka, mundu guztian joz…). Orain, «pistoi bat jaitsi», eta berrabiatuko dira. Musika «inoiz» utzi gabe. «Bizio horretan sartuta nago», Aitzolek; «zaletasun modura, lagunekin elkartu eta kantu batzuk jotzeko», Inharrek. Horrela hasi zen guztia, hasi ere.