Miriam Inza • Artista eta ikertzailea
Asteak pasa ditut opariei bueltaka: zein zaila den erregalatzea egun seinalatuek behartzen zaituztenean. Akaso oparitzearen konpromezuagatik, behar ez dugun gauza pila bat oparitzen digute, eta nik gauza beharrezko eta adierazgarriak atsegin ditut opari, egin nahiz jasotzeko.
Bada, aprobetxatu beharko genituzke horrelakoak opari esanguratsuak egiteko, urtean zehar arreta ipini eta benetako beharrak asetzeko. Oparitu beharko genioke autolaguntza liburua senideari, erakusteko bere emozioen adierazpenarekin dituen arazoak larritzen gaituela, eta horrela jakingo du laguntza eskaini nahi diogula baina ez dakigula nola edo nondik hasi. Oparitu beharko genituzke bista edo entzumena graduatzeko zitak, telefonoaren aurrean edo berriketan esfortzuak egiten ari den gurasoari lanak arintzeko. Baita oparitu ere hortzak zuritzeko sesioa aspaldi dentista bisitatu ez duen bikoteari eta begi-zuloetarako krema amari, nekeak jota dabil eta atseden hartzeko astirik topatu bitartean.
Bati irakurri nion erregaloek tupustean harrapatu behar zaituztela, eta horren bortizki eragin, non beldurra ere sentiarazi. Jokoz kanpo utz zaitzatela, benetako sorpresa. Ez pentsa, nahiz eta azalekoak iruditu, aipatutako opariek gure benetako beharrei erantzuten diete, baina orokorrean ez dugu horrelakorik oparitzerik nahi. Gure akatsak, gabeziak, zahartzaroaren aurkako borrokak, zuzendu beharreko jarrerak… gogorarazten dizkigute eta, horregatik, ez dugu uste opari horiek egin dizkigutenik maite eta estimatzen gaituztelako. Ziurrenik pentsatuko dugu «kabroi halakoa».
Bada, azken boladan opari horiek asmo onez egiten ibili izan naiz, baita opari ederrak zirela pentsatu ere. Niri galtzerdiak eta aterki bat eman dizkidate opari. Zer ote da esan nahi ez didatena?