Urtarrila hilabete gogorra izan ohi da askorentzat, eta ez tenperatura hotz eta eguraldi txarragatik (soilik), baizik eta urtea hastearekin batera azterketei ere hasiera ematen baitiete unibertsitateko ikasleek. Milaka ikasle dira egunero orduak eta orduak pasatzen dituztenak liburu, orri-multzo, koloretako azpimarragailu, eta abarren artean. Aulki batean eserita, argi txiki bat alde batean eta hitz, zenbaki, irudi edo dena delako horiek buruan sartzeko ahaleginetan egoten dira, unibertsitateko aulki horretara iritsi eta orri zuriaren aurrean jartzeko egun hori noiz iritsiko zain, erlojupeko lasterketa batean egongo balira bezala, azterketa bera ere elorjupeko lasterketa bailitzan bizi duten bitartean.
Tentsio handiko egunak
Honek guztiak eragina du gazteengan, izan ere, testigantza desberdinen hitzetan, «tentsio handiko egunak» izan ohi dira urtarrilekoak, ez baitute «beste ezer» buruan une horretan. Horrez gain, ikasle batek aipatu duenaren arabera, «alde batera» uzten du bere bizitza hilabetez eta honek, «eragin psikologikoak» eragiten dizkiola aitortu du, «deskantsurako» tartea izan arren, ez baitu benetan «deskonektatzen», «urduritasun konstante» bat eragiten baitie azterketek. «Bizitza alde batera utzi» kontzeptua bera ere jendarte moduan «aztertu beharrekoa» iruditzen zaiola ere badio. Hala ere, guztiek ez dute iritzi bera eta badira asteburuan egun bat «erabateko deskonexiorako» erabiltzen dutenak eta benetan hau «lortzen» dutenak ere. Deskonexioak deskonexio, guztiak egon dira ados hezkuntzaren egungo testuingurura «egokitzeko gaitasun ezaren», kalifikatzeko sistema «desegokiaren» eta «eragin negatiboen» inguruan.
Etorkizuneko pertsonak hezi
Asko eta asko dira eragin «negatiboak» aipatzen dituztenak egun hauen inguruan hitz egiterakoan, baina «kexez» gain, bada ikasle bat «kalifikatzeko modu desegoki» horri aurre egiteko proposamena bota duena. Aipatu duenaren arabera, kalifikatzeko sistema «prozesuan», «hobekuntzan» eta «balioetan» zentratu beharko litzateke, «zenbakirik» gabe eta «feedback eraikitzaileetan», beti ere «hobekuntza pertsonal zein kolektiboa» kontuan izanik. Beste ikasle batek adierazitakoa ere bide beretik joan da, izan ere, ikasle honek «orainaldiko eta etorkizuneko pertsonak» hezten ari direla ahazten zaiela askori adierazi du, eta «etorkizuneko profesionala» besterik ez dutela ikusten hezkuntza sistemak «eskaintzen duenarekin eta ezarritako arauekin».