Opor txiki batzuen ondoren, eskuko hatz potoloarekin garaipenaren ikurra eginez eta irribarretsu heldu dio urte berriari Xabi Zurutuzak. Moto3 kategoriara igota, munduko txapelketa jokatuko du 2024an zehar, RedBull KTM Ajo talde indartsuaren babesean. Apirilean hasiko du abentura legazpiarrak, Estatu Batuetan. Hasteko irrikan dago.
Nola joan dira Gabonetako oporrak?
Ondo, familiarekin ospatu ditut jaiak. Hala ere, entrenamendu fisikoekin eta motorrarekin jarraitu dut, eta Almerian egon naiz hiru egun, entrenatzen.
Ohituta egongo zara dagoeneko horrelako bidaietara.
Euskal Herrikoa izanda ez dago besterik, zirkuituak oso urruti daudelako. Gertuenekoa Motorland da, Teruelen (Espainia), eta 400 kilometrora dago.
Txikitatik zabiltza bidaiatzen.
Bai.Gogoan dut 5 urte eta erdi nituela gurasoek Chicho Lorenzoren [Jorge Lorenzoren aita] pilotu eskolara eramaten nindutela, Nafarroako Castejonera, eta larunbatetan goizean goiz jaikitzen ginela hara joateko. Egun osoa entrenatu, inguruko kanpin batean utzita genuen karabana batean lo egin, igandean berriz entrenatu, eta etxera. Horrela ibili ginen 11 urtera arte, astebururo. Eta gero ere bidaia asko egin ditugu!
Etxean afizio handia dago, beraz.
Bai. Aitari [Josu] beti gustatu izan zaizkio motorrak, eta bi anaia zaharrei ere bai. Haiengandik jaso dut nik. Ama
[Silvia] ere beti dago ondoan.
Noiz hasi zinen motor gainean?
Umetan, 2 urte t’ erdi nituela. Olentzerok quad bat oparitu zidan, eta 3 urterekin lehen motorra izan nuen. Gutxira, lehiatzen hasi nintzen, eta orain arte.
Nolakoa izan da eboluzio hori?
Lorenzoren eskolatik Espainiako Supermotard txapelketara pasatu nintzen, eta hirutan irabazi nuen. 2020an PreMoto3-an hasi nintzen, eta hirugarren geratuta, beka bat eman zidaten hurrengo denboraldian European Talent Cup txapelketa egiteko. Hor ere hirugarren egin nuen, eta mundu mailako junior txapelketara igaro nintzen. Seigarren postuan amaitu dut hor, iaz.
Urtea ona izan da, ala?
Bai, gai naizela erakusteko balio izan duelako, urte polita izan da. Zorte txarra izan dut lasterketetan. Bitan lurrera
bota ninduten eta beste batean ni erori nintzen, eta hiruretan zero punturekin geratu nintzen, txapelketa lortzeko aukerak murriztuta. Baina bi garaipen ere lortu ditut. Lehena ikaragarria izan zen, Bartzelonakoa. Azkena atera nintzen, long lap zigorrarekin, eta guztiak gainditu, eta lehen postuan amaitu nuen!
Albiste on bat ere jaso zenuen.
RedBull KTM Ajo taldearekin sinatu nuen, eta Munduko Moto3 txapelketa egingo dut aurten.
Zer sentitzen da honaino iritsita?
Nire amets nagusia Moto GPko munduko txapelduna izatea da, eta oraingoa bitarteko beste amets bat da. Sekulako sentsazioa da, bizi egin behar da zer den ulertzeko. Horrelako talde batekin kontratua sinatzea eta munduko pilotu onenekin lehiatzea ikaragarria da.
Apirilean hasiko zara.
Bai, 18 urte izan arte ezin dudalako.
Apirilaren 7an beteko ditut, eta Estatu Batuetan hasiko naiz. Lehenengo hiru probak ez ditut egingo eta ez ditut puntuak batuko. Baina txapelketak 22 lasterketa ditu guztira!
Zein da zure helburua?
Lasterketaz lasterketa joango naiz, eta rookie edo hasi berrien titulua eskuratzea da lehen helburua. Zortzi-bederatzi gara, lortzeko aukerak badaude. Hortik aurrera, datorrena. Hurrengo urtea beste gauza bat izango da, beteranoen artean egongo naizelako. Ea
Moto-2ra igotzea lortzen dudan. Hor beste bi denboraldi egin, eta MotoGPra 2027an iristea da nire helburu nagusia.
Nolako urtea espero duzu?
Nik uste dut dibertigarria izango dela, urte ona. Ezagutzen ez ditudan 16 zirkuitu dira, eta banuen gogoa leku berriak probatzeko, 13 urtetik zirkuitu berdinetan bueltaka nabilelako.
Ia Europa osoa, Estatu Batuak, India, Indonesia, Kazakhstan, Japonia, Australia, Tailandia, Malasia…
Bai! Pozez zoratzen nago. Gainera, zirkuituez aparte leku berriak ezagutuko ditut. Asian bederatzi aste egongo gara jarraian, eta izango dugu turismo pixka bat egiteko aukera.
Zein zirkuitu duzu gustukoena?
Ezagunen artean, Montmelo, eta berrien artean Estatu Batuetako Texas estatuko Austinekoa, oso zaila delako.
Bakarrik ibiliko al zara?
Nire osaba eta prestatzaile fisikoa den Miguel Angel Apariciorekin joango naiz lasterketa guztietara, eta Espainian eta Europan, gurasoak ere etorriko dira ikustera. Amona ere bai, batzuetara.
Amona fan berezia duzu.
Bai, Manoli Villar du izena. Orain arte lasterketa askotara etorri da. Eta aurten Japoniara etorriko da ni ikustera, aspaldi esan zidalako hara joan nahi zuela.
Nola egingo diozu aurre ekonomikoki horrelako denboraldiari?
Talde indartsua dut atzetik, baina babesleak behar ditut, entrenamenduak eta joan-etorriak, ibilgailuak eta beste gauza asko nire kontura direlako. Motorraren munduan lehiatzeko diru asko behar da, eta babesleak behar ditugu; orain babesle gehiagoren bila gabiltza.
Fan klub ere baduzu.
Bai, ekonomikoki laguntzen dute, eta oso polita da jakitea jarraitzaileak dituzula eta lasterketa egunetan Karibe Zaharra tabernan elkartzen direla telebistaz ikusteko. Iaz lasterketetara ere joan ziren batzuk, eta ikaragarria da zirkuituan zuri animoak ematen ikustea.
Ia urte bete egingo duzu herritik kanpo. Ez duzu faltan botako?
Asko ez. Denbora asko daramat kanpoan, eta zirkuituetan oso zoriontsu naiz. Hori da nire etxea orain, hor ditut lagunak, eta asko ikasten ari naiz. Gainera, munduan zehar bidaiatzeak herrian egoteak baino askoz ere gehiago emango didala uste dut. Zirkuitu askotan familiarekin egoten naiz gainera. Herriko lagunekin ez, hori da pena bakarra!