Joxe Mari Allur • Legorreta

Legorretar gutxik ezagutuko dute Alliri izena edo abizena. Baserri izena Allegi edo Allei deitzen dugu herrian, baina jatorrizko izena, ezezaguna da gehienentzat.
Legorretako Alliri baserria oinetxe zaharra da, XV. mendekoa gutxi gorabehera. Etxe honetan jaioak XVIII. mendera arte, Alliri izan zuten abizena. Hala nola, Maria de Alliri 1545ean eta Martin de Alliri ere; 1615an Maria Perez de Arrue y Alliri, Martin de Pagolaren alarguna. Hau, bere garaian, maisu arotza ezaguna izan zen, herriko elizaren berrikuntzan eta inguruko baserri berrikuntzetan parte hartuaz. 1697an Martin de Alliri, Antonia Olasagastirekin ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituzten. Alliri abizena, hauekin bukatu zela esango nuke.
1550 aldera, Alliriko seme batek Legorretatik Bohemiako erresumarako bidaia egiteko ausardia izan zuen. Pentsa dezagun garai hartako euskaldunak, beharrak eraginda edo, jende ausartak zirela. Etzuten ez errepide edo autobiarik, trenik ere ez, noski. Diligentzian joango zen Pragara, Bohemiako Enperatriza zen Maria de Austriaren gortera; Felipe II.a Espainiako erregearen arreba zen. Martin de Alliri lanbidez sastrea zen. Enperatrizaren jostuna, erreginaren soinekoak jostera eraman zuten. Urteak eman zituen Bohemiako gortean, baina 1568 urtean gaixorik zegoela eta, testamentua egin zuen. Bohemiako erresumako gortean izan zuen bizitzaren berririk ez dut, baina berak agindutako testamentuaren kopia bat bai. Azken momentuan Legorretaz oroitzen da eta herriko mutikoentzat eskola bat egiteko dirua utzi zuen. Legorretako eskola, Gipuzkoan lehenengoetakoa izan zena.
Testamentuak hasieran honela dio: «Dieciocho de enero de mil quinientos sesenta y ocho. Digo yo, Martin de Alliri, sastre de la Emperatriz nuestra señora, vecino del lugar que se dice Legorreta que es en la provincia de Guipuzcoa. Estante en la ciudad de Praga, cabeza del Reyno de Bohemia, a donde al presente reside la Magestad de la Emperatriz nuestra señora, allandome enfermo del cuerpo y sano de mi juicio y entendimiento». Hori zen egindako testamentuaren hasiera.
Dirua mutilen eskola sortzeko
Ezer baino lehen, zituen zorrak kitatzeko agindu zuen. Zorrak ordainduta gelditzen zena «…envien a España en manos del cabildo de mi tierra» herriko jende eta beharrean gertatzen zirenei laguntzeko eta herrian mutikoentzat eskola bat egiteko. Neskentzako eskolarik ez du aitatzen. Legorretako neskek 1808 urtean izan zuten eurentzako eskola bat egiteko aukera. Pedro Antonio Garikano herriko erretoreak bere testamentuan utzitako diruarekin sortu zen. Andereño edo maistra izango zena ere izendatuta utzi zuen, Josefa Ygnacia Zunzunegi.
Martin Allirik 100 escudo utzi zituen Legorretako herriaren esku «en manos del cabildo de mi tierra». Cavildoa herritarren artean osatzen zuten elkartea zen eta urtero aldatzen zuten pertsona batek kudeatzen zuen. Elkarte horretako partaideak agintariak eta kontzejante edo etxeen jabeak izaten ziren. Martin de Alliriren testamentua Gipuzkoako artxibategian gordetzen diren Legorretazaharreko paperen artean zegoen. Testamentu hori iritsi zenean, Legorretzaharrekoa izango kabildoaren buru.
Enperatriza «señora» dotorea izango zen eta aberatsa ere, noski. Martin Allirikoa testamentua egiten hasi zenean, herrira bidaltzeko dirurik ez zuela bere esku konturatu zen, zorioneko enperatriz edo erreginak soineko asko zor zizkion; dirutan esan da, 948.067 marabedi. Egin ahalak egin eta ez zuten lortu zor zioten dirua eskuratzea. Legorretan bazen gizon bat, Juan de Yriarte y Ganboa, Felipe III.ren gortean ogasunaren ardura zuena. Nahiz eta Granadako Huescar herrian jaioa izan, aita legorretarra zuen Yriarte baserrikoa. Legorretan zegoela, Yriartetarrak ezagutzera eta maiz joaten zen bere aitaren jaiotetxera. Herriko agintariek berari eskatu zioten laguntza Martin de Alliriri zor zioten dirua biltzeko. Trukean, herriko seme kuttun eta kabildoaren buru izatea eskaini zioten.
Madrilgo gortean gaur egungo politikariek baino indar gehiago erakutsi zuen eta zor guztia jasotzea lortu zuen, errealetan kobratu omen zuen.