Gaztainondoa (Castanea sativa Mill.)

Ezkerrean: Lore arrak (zuri luzeak) eta lore emeak (ponpoi berdeak). Erdian: Hostoak eta morkotsak. Eskuinean: Fruitua, gaztaina. © Raul Domínguez Pazo
Gaztainondoa Gipuzkoan duela hiru bat mila urtetik badago ere, erromatarrek egindako landaketei esker da hain ugaria. Hariztietako lurzoru txiroetan hazten da batez ere, eta klima epel eta hezeak ditu gustuko.
Deskribapena
Gaztainondoa hostoerorkorra da. Haren hostoak (10-25 x 5-8 cm) sinpleak eta handiak dira, eta luzangak, txalupa baten erakoak. Ertz zerradunak dituzte, eta ilegabeak dira.
Landare monoikoa da. Lore arrak (13-30 cm x 5-7 mm) gerba fin eta luzeetan egoten dira, eta emea oinarrian harilkatua da. Arrak zuriak eta emeak berdeak dira. Haren fruitua gaztaina (2,5-4 cm) da, eta morkotsean (10 cm Ø) dago babestuta.
Gaztetan, azal leuna izaten du, eta, heltzean, nabarmen zartatzen da. Hauskara edo kolore arrekoa izaten da gaztainondoa.
- Ekologia. Klima epel eta hezeak ditu gustuko, udako lehorte handirik gabeko eta izozte berantiarrik gabeko lekuak. Lurzoru txiroetan ateratzen da.
- Banaketa. Mediterraneoa
- Loraldia. Maiatza-uztaila
- Tamaina. 15-30 m
- Altitudea. 0-1.000 m
Iturria: Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika sailak ondutako Basoak.eus webgunea.