Aitor Montes Arrondo • Biologoa eta natura argazkilaria
Imajinatu ipar txenada gazte bat zarela. Egunak laburtu eta negu ikaragarri hotza iritsi ahala, Lur Planetako migrazio harrigarrienetako batean murgiltzeko beharra sentitzen duzu: joan-etorriko bidaia trantsekuatoriala Ozeano Atlantikoan zehar, zirkulu polar artikotik Antartikaraino, urtero batez beste 90.000 kilometroko distantzia burutuz 100 gramo eskaseko pisuarekin. Bidaiatu ala hil. Urtero, ehunka ipar txenadak arrakastaz betetzen dute bidaia hau. Bestelako milaka milioi hegazti gazteek ere, kurriloak, enarak, antzandobiak edota txinboak barne, migrazio ikusgarri eta arriskutsuei ekiten diete udaberriro, trebeziaz nabigatuz gaueko zeru ilunetan, eskarmentu handiagoko hegaztien laguntzarik gabe.
Urteetan zehar gizartea nahaspilatu egin izan da luzaroan urtaro bakoitzeko hegaztien komunitate aldaketekin eta hegaztien desagerpenengatik. Aristotelesek pentsatu izan zuen zenbait hegaztik, enarak kasu, hilabete hotzenetan hibernatu egiten zutela, eta beste batzuk espezie ezberdinetan eraldatzen zirela. Negua iristean, esaterako, buztangorriak txantxangorri bihurtzen zirela proposatu zuen Aristotelesek.
Azken mendean, gutxi gorabehera, hegazti talde handien etorrerarekin, satelite bidezko jarraipenarekin eta landa-azterketa sakonekin, ikertzaileek eremu batean negua ematen duten eta beste batean habia egiten duten hegazti-populazioak konektatu ahal izan dituzte, eta hegazti batzuek urtero bi eremu horien arteko distantzia handiak bidaiatzen dituztela frogatu izan dute ere. Harrigarria bada ere, distantzia luzeko bidaiari gazteek ere badakite nora joan, eta hegaztiek, sarritan, ibilbide berberak hartzen dituzte urtez urte bidaia luzeak egiteko. Nola aurkitzen dute, baina, bide berbera urtero?
Hegazti migratzaileek zeruko seinaleak erabiltzen dituzte nabigatzeko, antzinako marinelek eguzkia eta izarrak erabiltzen zituzten bezala. Baina gizakiek ez bezala, hegaztiek Lur Planetaren nukleo urtuak sortutako eremu magnetikoa detektatzeko gaitasuna dute, eta beraien kokapena eta norabidea zehazteko erabiltzen dute. Hegaztietan magnetohartzaileen inguruan 50 urte baino gehiagoko ikerketa egin arren, zientzialariek ezin izan dute zehazki jakin nola erabiltzen duten informazio hori lumadun izaki hauen ibilbideak zehazteko. Duela gutxi, ordea, misterio iraunkor hau ebazteko ahaleginetan ikerketa egiten hasiak dira Oxford Unibertsitateko Peter J. Hore kimikari biofisikoa eta Oldenburg Unibertsitateko Henrik Mouritsen biologoa. Zientzialari hauen ebidentzia esperimentalak zerbait apartekoa iradokitzen du: txori baten iparrorratz magnetikoa iraupen laburreko zati molekularren efektu kuantikoetan oinarritzen dela, pare erradikalak bezala ezagutzen direnak, beraien begietan fotokimikoki eraldatuak izaten direnak proteina fotohartzaile espezifiko batzuen laguntzaz. Beste modu batera esanda, badirudi hegaztiak Lur Planetaren eremu magnetikoaren lerroak «ikusteko» gai direla begietako erretinean duten mekanismo sentsorial baten bitartez, eta informazio hori erabiltzeko gaitasuna dutela beraien ugalketa eta negute biziraupenerako eremuen arteko bidea aurkitzeko.
Barne erlojua
Hegazti migratzaileek urtaroen erritmoetaz informatzeko barne-erloju bat izaten dute, eta horrek, besteak beste, esaten die noiz migratu behar duten. Udazkenean eta udaberrian bidaiatzeko behar dituzten norabide, noranzko eta ibilbideak ere gurasoengandik heredatzen dituzte, eta guraso bakoitzak genetikoki kodetutako norabide ezberdinak baditu, haien ondorengoek tarteko norabide batekin amaituko dute. Baina, nola dakite hegazti gazte batek zer norabide duen hego-mendebaldeak, hegoaldeak edo hego-ekialdeak? Gutxienez hiru iparrorratz dituzte eskura eginkizun horretarako: batek eguzkiak zeruan duen posizioari buruzko informazioa ematen du, beste batek gauean izarren posizioak aztertu eta erabiltzen ditu, eta azkena Lurraren eremu magnetikoan oinarritzen da beti.
Jaio eta lehen udazkenean, hegazti gazteek gurasoengandik heredaturiko jarraibideak jarraitzen dituzte bidaiatzeko. Esaterako, «hego-mendebaldera hiru astez hegan egin, eta gero hego-ekialdera, beste bi astez». Akatsen bat egiten badute edo ibilbidetik desbideratzen badira, normalean ezin izaten dira berreskuratu, oraindik ez dutelako inolako maparik burmuinean non dauden azaltzeko, eta desorientatzen direnean normalean hil egiten dira. Ondorioz, gramo gutxi batzuk pisatzen duten hegazti migratzaile txikien % 30ak bakarrik bizirauten dute lehen joan-etorrian. Aldiz, lehen migrazioa osatzea lortzen duten hegaztiek erresoluzio handiko mapa bat eraikitzen du bere burmuinean, eta gaitasun horri esker, ondorengo bidaietan, ahalik eta zehatzen nabigatu ahal izango du milaka kilometrotan zehar. Mapa horrekin hornituta, hegazti helduen % 50 inguru leku berera itzultzen dira urtero habia egitera, milaka kilometroko bidaia egin eta gero.
Iparra aurkitzen ikasten dute
Hegazti migratzaileen nabigazio-ahalmena hainbat zentzumenetatik dator, batez ere ikusmenetik, usaimenetik eta begietako erretinan kokatzen diren magnetohartzaileei esker. Izarrek Ipar Izarraren inguruan gauez egiten duten errotazioa ikustean, hegaztiek iparra aurkitzen ikasten dute lehenengo migrazioan sartu aurretik, eta 24 orduko barne-erloju batek eguzki-iparrorratza kalibratzen uzten die. Usain bereizgarriek lehenago bisitatu dituzten lekuak ezagutzen eta espazioan orientatzen lagun diezaiekete hegaztiei. Zientzialariek asko dakite ikusmenaren zentzumenen eta hegaztien usaimenaren mekanismo biofisiko zehatzei buruz. Baina iparrorratz magnetikoaren barne-funtzionamendua ulertzea zailagoa dela frogatu izan da, nahiz eta azken ikerketak hasiak diren, efektu kuantikoen bidez, zentzumen konplexu honen funtzionamendua argitzen.
Hortaz, txori txiki bat ikusten duzun hurrengoan, une batez hausnartzen geratu eta pentsatu duela gutxi milaka kilometro egin dituela hegan, trebetasun handiz nabigatzen gramo bat baino gehiago pisatzen ez duen garuna erabiliz. Espin kuantikoaren dinamikak bere bidaian berebiziko garrantzia eduki izanagatik harridura eta mirespenaz beteta soilik begiratu beharko genituzke izaki hegalari apart hauek.