Lau urtez itxita egon ondoren, aste gutxi barru irekiko dute atzera Zaldibiako Goizane eraikinean dagoen Kixkurgune taberna-jatetxea. Tokiko produktuak eskainiko dituzte.
Ekintzaile seneko kubatar jatorriko bikote batek hauspotuta zabalduko dute aurki –urtarril bukaeran edo otsail hasieran– Zaldibiako Goizane eraikinaren beheko solairuan dagoen Kixkurgune taberna-jatetxea. 2020ko martxotik dago itxita bertako produktuen saltoki eta dastaleku izateko bokazioz 2010eko uztailean inauguratu zuten eremu hori, eta sorrera garaiko filosofiari eutsiz, bertako ekoizleen, bertako produktuen eta bertako kontsumitzaileen topagune izaten jarraitu nahi du aro berri honetan ere.
MaeRose Palma eta Diuvel Alvarez dira erronka berriari heldu diotenak. Lehenak orain 17 urte utzi zuen Kuba, bigarrenak orain 14, eta duela 10 urtetik Zaldibian bizi dira. Bi seme-alabaren gurasoak dira. Zuzenbidea ikasitakoak dira biak, eta Alvarezek homologazioa egina du. Hala ere, haien jarduna zerbitzuen sektorean jorratu dute. Palmak Maene fruta denda zabaldu zuen Zaldibian orain 7 urte, eta Alvarez Beko Karnizerie harategiaren bazkidea da Pili Sukiarekin batera.
Beste urrats bat bidean
«Oinarri horiek jarrita genituela eta, hirugarren negozioa taberna bat izan behar zuela argi genuen. Taberna honen ideia gustatzen zitzaigun, guri landa eremuari bizitza ematea gustatzen zaigulako. Baserri batean bizi gara, hemendik gertu. Landa eremu batean gaude, eta Aralarren barrenean egote hau baliatu nahi dugu, hona etortzen den turismoa erakarri eta bertako produktuari balioa emateko», nabarmendu du Alvarezek.
Ez da goizetik gauera sortutako egitasmo bat: «Iazko urtarrilean eman genuen lehen pausoa, oso-oso isilean Goimenekin, publiko egin zen arte. Ideia landua da». Palmak fruta dendako lana utzi du –langile bat kontratatu dute harako– eta proiektu berrian murgilduko da buru-belarri. Alvarezek harategian jarraituko du. Kixkurgunerako, berriz, sukaldari bat eta beste langile bat hartuko dituzte. «Bi negozio irekita autoenpleguaren alde egin dugu orain arte, baina oraingoa asko motibatzen gaituen urrats berri bat da. Hau hazten bada, helburua ere bada enplegu gehiago sortzea landa eremuan».
Bertako produktua, ezinbestean
Zaldibiako Olaeta auzoan, Larraitzera bidean, dagoen eraikina udalaren jabetzakoa da, baina Goimen landa garapen elkarteak kudeatzen du. «Elikadura kate-begi osoan ekoizleak eta kontsumitzaileak elkartuko dituen tresna izateko sortu zen bere egunean Kixkurgune. Baserritarrak eta baserritarren produktuak dute lehentasunezko espazioa bertako eskaintzan, eta sukaldaritzaren bidez bertako produktuei balioa ematea da helburua. Goizaneren filosofiaren barruan tresna estrategikoa da taberna-jatetxea berriz martxan izatea, eta pentsatzen dugu horrek ere gelen erabilera areagotu egingo duela».
Goimeneko kudeatzaile Manex Aranbururen hitz horiekin erabat egin dute bat Kixkurguneko kudeatzaileek. «Iruditzen zaigu badela garaia eraikin honi probetxu gehiago ateratzeko, eta landa eremua biziberritzen hasteko. Ideia horietatik sortu da proiektu hau», adierazi du Alvarezek, eta Palmak honakoa gehitu ondotik. «Lehen espazio hau salmentara bideratuta zegoen gehiago, eta orain taberna-jatetxea izango da batez ere. Eskaini behar dugun produktua erosteko aukera ere izango da, eta bertako produktuak berreskuratzeko lanean ari diren ekoizleak hemen txertatu nahi ditugu, eta hori mahaian eskaini».
Produktuak bertakoak izango dira, haragitik barazkietaraino. «Euskal Labelen 0Km-ko produktuak eta Nafarroako Reyno Gourmetekoak ere izango dira. Hori da gure kontzeptua, eta espero dugu jendeari gustatzea. Guk ilusio eta gogo handia daukagu». Mendiko Gazta proiektuari ere bultzada eman nahi diote, taberna eremuko apal bat gazta horiei eskainiz.
Inbertsioak eremua biziberritzeko
Kixkurgune berriz ireki ahal izateko hainbat berrikuntza lan egin behar izan dituzte taberna-jatetxean. Ate berri bat ireki dute errepide aldera ikusgarritasuna emateko, jangela egokitu dute, altzari eta mahai berriak jarri dituzte, gasa sartu dute sukaldean eta hango hainbat tresna ere berritu dituzte… Zaldibiako Udalak eta Goimenek hartu dituzte bere gain lan horiek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Landa Garapeneko proiektuetarako diru laguntzak eta Eusko Jaurlaritzako Leader laguntzak baliatu dituzte horretarako. Gaur-gaurkoz azken ordukoak eta baimen eskaerak kudeatzen ari dira.
Udalarentzat «interesgarria» da bi herritarrek abiatutako proiektua, «bai herriarentzat, bai ekoizleentzat, bai kontsumitzaileentzat». Ioritz Berra alkatearen esanetan, Goizanek «apustu izaten jarraitzen du», eta taberna-jatetxearen funtzionamendu egokiak «eraikina biziberritzea» ekarriko duela sinetsita dago. Bi ekintzaileei «onena opa» die alkateak. Udalaren eta Goimenen komunikazio kanalen bidez jakinarazi dute irekiera data zehatza.
Kixkurgune egunero
Urtarril bukaeran-otsail hasieran irekiko dute atzera Kixkurguneko taberna-jatetxea. Egunero zabalduko dute.
- Astelehenetik ostegunera. 09:00-16:30. Eguneko menua eskainiko dute. Taberna zerbitzua ere bai.
- Ostiralak eta larunbatak. Goizetik gauera. Bazkariak ez ezik, afariak ere emango dituzte bi egun horietan.
- Igandeak. Bazkalondora arte. Goizean gosariak eman eta bazkalondoan itxiko dute.