Damian Garmendia (Zaldibia, 1954) erretiratuta dago. Hala ere, ez dio lanari muzin egiten. Azken aldian Ermentari etxeko perratokia berriro muntatzen aritu dira, jatorrizko lekutik oso gertu.
Duela 14 bat urte Ermentari etxea erre ondoren bota egin zuten eta udalak perratokia biltegi batean gorde zuen. «Enbarazuan zegoela eta udalak botatzeko asmoa zuela esan zidan. Nik itxaroteko eskatu nien. Aurretik Oiduiko elkartea erre zutenean auzolanean berritu genuen. Han lan egin zuten lau gazteri galdetu nien perratokia berreraikitzeko prest al zeuden. Lauek baiezkoa eman zidaten. Udalarekin hitz egin, lekua adostu eta aurrera egin genuen». Behin lanean hasita, Ermentari etxeko beste hainbat «altxor» ere azaldu dira: deztera, fundizioko kazoa, burdina hozteko harrizko aska… Azken hau iturriaren azpian jarri dute perratokiaren ondoan. «Ingudea berriz Albaolan dago, hark perra-iltzeak funditzeko zuloa du». Tresna gehiago ere azaldu dira, eta haiek ere ikusgai jarriko dituzte. «Hasieran uste baino lan gehiago eman digu, baina gustura aritu gara».
Ze zaletasun dituzu?
Saltseroa naiz eta denetik. Etxe inguruko lantxoak, etxerako sagardoa egiten dugu, mendia…
Pelikula bat edo telesail bat.
Aspaldi ez naiz zinemara joan, eta etxean ez dut telebistarik. Ezta nahi ere!
Liburu bat.
Aspaldian ez dut libururik irakurri. Bat aukeratzekotan, El hombre que amaba a los perros.
Musika talde edo abeslari bat.
Erramun Martikorena, Jose Antonio Labordeta, Joaquin Carbonell, Mikel Laboa…
Abesti bat.
Xalbadorren heriotzean.
Oporretarako leku bat.
Edozein. Mundua ezagutzea gustatzen zait.
Zer gosaltzen duzu?
Ogi txigortua, baratxuria, olioa, neronek egindako mandarina marmelada eta kakaoa.
Kolore bat.
Daltonikoa naiz.
Amets bat.
Osasunarekin bizitzen jarraitzea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Lagun artean zerbait egitea: bazkari bat prestatzea, auzolanean aritzea…
Goierriko txoko bat.
Zaldibia.
Zaldibian biziko ez bazina…
Neure burua ez dut beste inon irudikatzen.