Elixabete Garmendia Lasa • Kazetaria
Aspaldiko partez, ohetik jaiki eta, eguna erabat argitu gabe oraindik, aurreko gauak iragartzen zuena bete zen: zuritasuna hariztian; zuri urrutiko baserrien teilatuak eta inguruko zelaiak. Etxearen iparraldera joan eta hango belardi zabalak patinajeko pista zirudien. Kostaldean nekez ikusten den paisaia, Goierrin; zerbaitegatik darama izen hori bailarak.
Gogora umetako oroitzapena, sekula ikusi genuen izozterik handienarena. Egunez ere ez zen urtzen izotza, eta zuri jarraitzen zuten herriaren inguruko mendixkek eta haietan zeuden baserrietako teilatuek. Termometroek 11 gradu zero azpitik ere markatu zuten. 60ko hamarkadako lehen erdian izan zen hori. Sudurrak gorrituta ezinbestean, izotzaren hotzak azalean eragiten duen mina ondo probatu genuen.
Aurtengo Eguberri biharamuneko izozte hori, ordea, ez zen hain gogorra izan. Eguzkiak jo-ahala, hasi zen izotza urtzen zelaietan, poliki-poliki; eta horrela, zuritik berdera zihoazen puska hariek margolari inpresionista baten koadroak izan zitezkeen. Txoriak ere han zebiltzan, belar gainean jan bila, zuritik ihesi. Orbel hostoek, berriz, dizdizka, azukrez estalitako pastelak ziruditen.
Eta hartan, ezinbestean, datorkio bati ahora Xabier Letek kantu bihurtu zuen beste Xabier baten –Lizardiren– Izotz ondoko eguzki, «neguaren barre». Urteko sasoiak errepasatzen ditu Lizardik poeman, banan bana, udalehenetik hasita, eta aukera hauxe egiten du: «Negu-gau oskarbien izotz ondorena berriz, bakarra duzu: denetan emeena». Alegia, goxo, leun, atsegin gertatzen zitzaion nonbait Lizardiri izotza eta eguzkia batzen dituen tarte hori. Poetak, gainera, kokatu egiten ditu fenomeno hori begiztatzen dueneko toki zehatzak: Orexa, Altzomuño, Arantzamuño, eta nola ez, Aralar, «euskotarren zaindari Mikelen mendia».
Izotza, nolanahi ere, hitz aberatsa da esanahien aldetik. Izotz zuria da ohikoena, baina beltza ere badago, traidorea benetan, ez baita ikusten; norberak edo ibilgailuak irrist egiteko aproposa. Izoztu aditza zentzu figuratuan ere erabiltzen dugu: «Izoztuta geratu nintzen» esango dugu zerbaitek inpresio ikaragarria egin digunean; edo «harremanak izoztuta» daudela, interakzioak huts egiten duenean. Kasu horietan izotzaren alde ezkorrak irabazten du. Zer esanik ez arazo sozial edo politikoren bat konpontzeko egitasmoa «izozkailuan» baldin badago.
Urtea oraindik gazte eta negua aurrera doan honetan, izotz ondoko eguzkia opa. Ez, ordea, izotz beltza.