Juana Santanaren (Alaejos, Valladolid, Espainia, 1941) amona Valentina Rueda zen. Saturrarango kartzelan eduki zuten preso. 1936ko gerra piztu zenean Alaejosen bizi zen, 60 urteko eta bost seme-alabarekin. Iruzkin batengatik salatu zuten, eta ia zortzi urte igaro zuen kartzelan, 68rekin atera zen arte. Sendiak mantendu du oroimena, oztopoen eta izuaren gainetik jauzika.
Dena kontatu nahi duzu?
Ez zait inporta. Egiak bide bat bakarra besterik ez dauka. Amona Valentinaren historia dugu, gure aldetik. Nire senar zenaren aldetik, zazpi fusilatu sendian. Errepublikarrak zirelako, Nafarroan hil zituzten. Olaberrian iaz Olargik egindako ekitaldian oso urduri jarri nintzen. Dena kontatu nahi nuen, baina erreparo pixka bat ere eman zidan. Haiek esaten zituzten hitzak esango banitu…
Nongoa zen Valentina Rueda amona?
Alaejosekoa, Valladoliden. Hiru seme eta bi alaba zeuzkan. 60 urte zituen gerra piztu zenean. Alarguna zen, eta beste bi seme zeuzkan gizon alargundu batekin ezkondu zen berriro. Nire amak ere senargai bat zeukan, baina gerran hil zioten. Aita ere gerran ibili zen, nazionalekin, nahiz eta bera errepublikarra zen. Familia guztia bezala.
Zer eragin zien gerrak?
Herria zatituta zegoen, erdiak errepubilkarrak eta erdiak eskuinekoak. Gure ama eta familiakoak Errepublika hasi zenean haren alde plazara irtenda zeuden lehenagotik, ukabila altxatuta. Gerra hasi zenean gogoan zuten hori batzuek. Ama falangista batentzat lanean aritua zen, eta hark abisatu zion: ‘Agadita, gaur gauean zuen bila joango dira. Kontuz ibili, atea ez ireki inori’. Uztailaren 18a zen, baina bazekiten nor zen nor. Lehen unetik hainbeste hil zituzten… Horrela hasi zen gauza. Lehen egunean hiru anaiaren bila joan zitzaizkien: bi frentera eraman zituzten, eta besteak ihes egin zuen. Harrapatu egin zuten gero, alkatearekin eta maisuarekin batera. Kartzelatik epaitzeko atera zituzten, baina ez ziren Valladolidera iritsi. Aitak beti esaten zuen Duero ibaira bota zituztela.
Ez duzue ezer gehiago jakin?
Han oso atzeratuta daude. Nafarroan 1978an jada atera genituen errepublikar guztiak zuloetatik. Ez zen bakar bat geratu. Valladoliden oraindik jakin-min horrekin gaude. Badirudi orain uste dutela Alaejoseko erailak ibai ertz batean daudela sartuta, eta hobiak irekitzekoak direla.
Amona atxilotu egin zuten, baita ere.
Arropa garbitzera garbilekura joan zen batean komentario bat egin zuen, bere semeen bila etxera joan zitzaizkionean. Gerrara ea zergatik ez ziren guardia zibilak eurak joaten esan zuen. Noski, ez zuen bere semeak gerrara joaterik nahi. Hori esateagatik zortzi urte eduki zuten preso. Eta epaia 20 urte eta egun bateko kartzela zigorra zen. Salaketa bizilagun batek jarri zion, ezagutzen genuen gainera. Ordizian bizi izan zen bere alaba.
Testigantza etxean transmititu zuen?
Gure amonak guztia kontatu zigun, eta guk historia guztiaren berri bagenuen. Eskolan, eskuinekoek-eta esaten zigutenean guk ez geneukala gerraz eta ondorengo errepresioaz ezer jakin beharrik, guk erantzuten genien. Nire ahizpak behin maistrari ere erantzun zion: «Zerorrek bai ez dakizula ezer, ez zaizulako ezer gertatu!». Jo egin zuen, noski. Amona ez zen mezetara ere joaten, ezin zituen apaizak eta mojak ikusi ere egin.
Saturrarango esperientziagatik?
Valladoliden bi urte kartzelan eduki ondoren, 1938an Saturrarango emakume kartzelara bidali zuten amona. 1943ra arte egon zen han. Mojek agintzen zuten, nahiz eta 50 bat militarreko guarnizioa ere bazegoen. Baina kartzelazainak mojak ziren, eta amonak zioenez lotsagabeenak ere bai. Haiek egiten eta desegiten omen zuten guztia, sexu abusuak eta dena.
Sexu abusuak egiten zizkieten Saturraranen presoei?
Nik uste denekin probatu zutela, baina uzten zutenak eta uzten ez zutenak zeuden. Preso gehienak, uzten ez zutenak. Zigorrak ere ematen zizkieten, jipoiak. Dokumentalak [Prohibido recordar– Debekatuta dago oroitzea] ondo islatzen du amonak kontatzen zituenak. Itsasgorarekin urpean geratzen zen ziega batean sartu zuten preso bat, eta han hil zela esaten zigun amonak, aurretik eman zioten jipoiagatik agian.
Presoentzako zen janaria ere saldu egiten omen zuten.
Bai. Inguruko herrietako [Ondarroa, Mutriku…] herritarrek eramaten zieten jatekoa presoei. Kanpoko jendea zegoen preso han, Espainiako probintzia askotakoak. Zigor bikoitza zen haientzat, etxekoengandik urruti zeudelako, eta ez zitzaielako inoiz pardelik iristen. Euskal herritarrei gauza asko eskertu beharrean zeudela esaten zuen amonak. Zortzi egunean behin badarik ere, zerbait jaten zutela haiei esker. Hezur eta azal atera zen amona handik. Valladoliden bi eta Saturraranen bost eta erdi, ia zortzi urte egon zen kartzelan.
Irten zenean zer egin zuen?
Alaejosera itzuli zen, baina berehala alargundu zen. Ez zuen ezer jakin nahi izan harekin. Seme bat hil zioten han, beste bat eskuindar batekin ezkondu zen, eta ez zuen onartzen. 68 urterekin irten zen kartzelatik, eta han zegoela egin zuten amona; ez zituen bilobak ezagutzen, eta jakin ere ez zekien jaio zirenik ere. Idiazabalera etorri zen bizitzera, nire gurasoak 1948an etorri eta gutxira. Hemen hil zen, 86 urterekin, eta Idiazabalen dago lurperatuta. Beti buruan zapi beltza erabiltzen zuen. Ken zezan xaxatu genuen behin edo beste, baina ezinezkoa zen: hil arte lutoa gordeko zuela esaten zuen. Gu ere ez gara joan Alaejosera; bi aldiz bakarrik izan naiz, zoritxarrez han jaio nintzen arren.
Senarraren aldetik ere errepresio gogorra jasan zutela aipatu duzu.
Julian Irazola zen nire senarra, Carcarrekoa (Nafarroa) zen. Haren aitona eta anaia bat harginak ziren, eta Durangotik joan ziren hara, lehenago. Familiako zazpi kide fusilatu zizkieten, tartean aita eta bi osaba, eta lehengusuak: etxetik lotuta atera, eta fusilatzera. Besterik gabe. Bi gurasoak errepublikarrak ziren, baina aita fusilatu eta bost urtera ama eskuindar batekin ezkondu zen. Bi familiek errefusatu zuten; senargai eskuindarra biluztu ere egin zuten taberna batean, trajea beren aitarena zelako. Ez zuen Carcarren segitzea jasaten. Hamahiru urterekin irten zen etxetik, Iruñera, kanpaleku militar batean behiak zaintzen lan egitera. Izeba batenean hazi zen. Carcarren 63 hil zituzten. Sartagudan ere asko sufritu zuten.
Zure gurasoak Idiazabalera etorri ziren bizitzera eta lanera. Nola hartuak izan ziren?
Asko sufritu zuten hemen ere. Nire aitak, errepublikarra izanda, gerra nazionalekin egin behar izan zuen. Estanda lantegian fundizioan hamabi ordu lan egin ondoren, bizikletan etxera zihoala maketo, coreano eta halako gauzak entzuten zituen, eta izugarrizko mina hartzen zuen. Sutan jartzen zen. Kanpokoak zirelako, hemengoek frankistatzat zeuzkaten. Denak gauza bera jasandakoak zirenean, eta lanera etorri zirenean…
Ez sinestekoa da: gerrako galtzaileak denak, eta elkarrekin ezin bat hartu. Zergatik ez zen ulermen hori izan?
Ikusten zenez, ez ginen berdinak. Gu bigarren mailakoak ginen hemengoentzat. Isiltasun handia egon da, eta ignorantzia. Nire aita, fabrikan lan egin ondoren, hemengo galsoroak ebakitzera joaten zen. Egia esan, batzuk oso ondo portatzen ziren. Elkarri eskertuta egon behar dugu: kanpotik etorritakook hemengoekin, baina baita alderantziz ere. Amak oso gaizki pasatu zuen. Lana ikaragarri egin behar izan zuen aurrera ateratzeko; Idiazabalgo etxe askotan aritu zen koltxoiak egiten, josten, lisaketan… Lan egin zuelako ezagutzen dute denek. Hainbeste sakrifikatu, eta hala ere irainak entzun beharra… Orain, hona etorritako beltzak ikusten ditut, eta dohakabe hauekin gaizki portatu behar al dugu? Pertsonak dira, beste guztiak bezala. Inor ez da gustuz irteten bere jaioterritik. Nafarroan bestela zen, han berdinak ginen.
Hori, zergatik?
Carcarren 1978an egin genuen etxe bat. Han beste giro bat zegoen. Hemen gurutziltzatuta ginduzkaten, gaztelarrak ginelako. Koreanoak ginen. Horren min handia ematen du, egia esan. Eskolan ere berdin, nahiz eta irakasleak falangistak izan, gu desberdin tratatzen gintuzten. Ez genien-eta ezer ematen; baserritarrek indabak, arrautzak, esnea ematen zizkieten. Guk ez geneukan, eta ezin eman. Ez nuke berriro horrelakorik gertatzerik nahi. Agian emigratu duten guztien kontua da, hemendik Mexikora edo Argentinara joandakoei ere gertatuko zitzaien.
1936ko gerratik eta gerraostetik aparte ere, asko dago kontatzeko?
Guk bizi izan dugu hori. Gure gurasoek latzak pasatu zituzten hona etorri zirenean ere. Uholdeak autobusa eraman zuen hartan [1953] aita gau guztian ez zen etxera azaldu. Estanda lantegian egon ziren, garabira igota, ura sartu zelako eta ezin zutelako irten. Horrelakoetan, zeinengana jo? Bestetik, Idiazabalen 50 urtean bizilagunekin ez dugu batere arazorik eduki; alderantziz, pertsona zoragarriak dira. Asko dago kontatzeko, bai. Asko.
Zure amonari barkamenik eskatu al zion inork?
Ez, ezer ez. Barkamena eskatu? Mojek? Zenbat eta urrutirago, hobeto. Carcarren ere apaiza nire senarraren etxe parean bizi zen. Sotanaren azpian pistola erabiltzen zuen. Saturraranen, denek lurrean lo egiten zuten, eta gau batean preso kide batek esan omen zion nire amonari: ‘Valentina, graziazko tiroa eman behar didatela uste dut’. Gau hartan apaiza sartu omen zen, eta hari tokatu omen zitzaion. Ez omen zen gehiago itzuli. Apaizak aukeratzen zituen, eta asko erori zirela kontatzen zuen. Haurrak ere hil ziren… Ez diezadatela mezarik eman, ez diot inori sinisten eta.
Zuri eragin dizute gertakizun horiek?
Bai, niri eragin didate, gauzei buelta asko ematekoa eta pentsatzekoa naizelako. Nola egin zitzaketen halakoak? Saturrarango historia isilarazi egin dute. Baina historia den bezala kontatu behar da, hori egin zutelako. Eta egiak bide bat bakarra daukalako.
Ezezagutza, kartzelaz harago
Olaberrian 1936ko gerraren eta ondorenaren oroimen historikoa jasotzeko lanean ari da azken urteetan Olargi elkartea. Marcelo Lasa fusilatuaren kasua argitzetik eta hezurrak ateratzetik ekin zioten lanari. Baina, ikerketan sakondu ahala, eta Juana Santanaren moduko testigantzekin topo egin ahala, beste arlo batzuetara zabaltzen ari dira ikuspegia, uste gabeko informazio andana lortzeaz gain. Olargiko Belen Parrak aitortu duenez, Santanarengana Julian Irazola senar zenaren familiaren kasuaz galdetzeko hurbildu ziren, eta beste horrenbesteko historia topatu dute beregan: amona Valentina Rueda –argazkian, erdian eserita– eta Saturraran kartzela ezezaguna.
Beste aztergaietako bat, Olaberriak 1950etik aurrera jasan duen zatiketa soziologiko, kultural eta are geografikoa zerbait gerturatzerik ote dagoen saiatzeko izan da. Batez ere, Ihurre auzoko biztanleek –kanpotik iritsitako langile klaseko etorkin erdaldunak, gehien bat– eta Olaberriko gainerakoek –landa izaerako herri txiki euskalduna ezaugarriz, historikoki– gertakizun historiko horiek zer-nola jasan, bizi izan eta gainditu dituzten behatzen ari dira. «Olargin hasi ginenean, Olaberrian zer gertatu zen biltzeari ekin genion. Goialdea eta behealdea –Ihurre– bereizketa izan denez beti, helburuetako bat zen ea goiko jendeak eta behekoak berdina sufritu ote zuten ikustea. Eta elkarrengana gerturatzea».
Ziurrenik gerraren, bando irabazlearen eta gerraosteko erregimenaren ondorioetako bat den immigrazioarekin bat egiten du gaiak, ezinbestean. Oso gutxi aztertu dena, bestetik, Goierrin eta Gipuzkoan industrializazioaren eta ondoriozko gizarte-aldaketen fenomenoak egundoko eragina izanagatik ere.
Gerrarenak eta frankismoarenak gutxi ez, eta beste zauri batzuk ireki zituen atzetik: kulturen talka, etorkinarekiko gutxiespena, mespretxu identitario elkarri, bizimodu aldaketak, are euskararen subordinazio sozio-linguistikoa, ahultzea eta diglosiaren areagotzea. Sendatu gabe dauden zauriak eta irekita dirauten lubakiak, oraindik ere.
Arrakalak ixteko, beste partearekiko distantzia kalkulatu behar da lehenik. Eta, hori baino lehen, bestearen berri jakin, hura ulertu, entzun eta kontatu.