Ordiziako Txistulariek 50 urte bete zituzten iaz. Begirada atzera botatzeko eta egindako bideari balioa emateko urtea izan zen.
O rdiziako Txistulariek 5o. urteurrena bete zuten 2023 urtean. Azaroaren 27an egin zuten urrezko ezteien ospakizun handia. Urte askoan taldeko txistulari izan zirenak elkartu ziren, eta oso giro politean pasa zuten eguna.
Goizeresiak, kalejirak, esku dantzak, alardeak, agurrak, Euskal dantzak, Herriko eta auzoetako festatan parte hartzen dute, ezkontzak, Euskal Herriko beste txistulari taldeekin elkar ekintzak… Orotariko ekitaldietan, ezinbestekoak dira txistulariak. «Ez gara inoiz falta, baina itzalean izaten gara beti», dio Ana Lekuona Ordiziako Txistularien egungo zuzendariak. «Guk txistua maite dugulako egiten dugu, txistua da gure bizitzaren parte oso garrantzitsu bat. Baina askotan esan izan dugu gure artean, garela ikusezinak bezala, nahiz eta beti, hor egon. Agur bat, ospakizun bat… beti hor gaude, eta musikarekin bada ere, baina isilik pasatzen gara, itzaletik bezala. Ezkutuan ez, baina ez oso nabarmenak, beti bigarren plano batean bezala gaude», kontatu du.
Iaz baina, urrezko ezteiak zituzten eta Ordiziako herriak ere jakin zuen merezi duten errekonozimendua eta lekua egiten. Ordiziako Santa Ana festei hasiera emateko ohorea izan zuten, jaietako pregoilariak izan ziren eurak. «Festen hasieraren suziria jaurtitzen denean, gu beti kalean izaten gara, udaletxeko balkoiaren azpian, zeren jaien hasierarekin, erraldoi eta buruhandiekin kalejiran joaten gara, kaleak girotzera», azaldu du Lekuonak. Baina iaz, balkoian izatea tokatu zitzaien, «nahiz eta segituan jaitsi behar izan genuen, gure lana egitera, beti bezala!».
Laburra izan bazen ere, «izan zen oso momentu hunkigarria, oso polita izan zen!», deskribatu du egun hura oroitzean. «Lehenengoz, oso ikuspegi desberdina izan genuen, balkoitik, plazan bildu zen jendetza ikusi genuen»,, kontatu du oraindik zirrara hura nabarituz. Taldeko hiru pertsonek izan zuten pregoia esateko ardura. Taldearen belaunaldi desberdinak ordezkatuta egon ziren.
Katekesiko haurrak
1970eko hamarkadan sortu zen dena. Haur asko joaten ziren katekesira eta, hori aprobetxatuz, Javier Ormazabalek solfeo akademia bat sortu zuen Torrea etxean. Bertan, solfeoa ikasteaz gain, gazte askok instrumentu bat jotzen ikas zezaketen. German Telleria Laguntasuna errondailakoa zenak gitarra jotzen irakasten zuen. Jose Manuel Bergara txistu irakaslea zen eta bere ikasle, haur eta gazteek osatzen zuten taldea. Garai hartako jaiak, jaunartzeak eta gainerako ekitaldiak girotzen hasi ziren pixkana-pixkana.
Lekuonak berak oraindik gogoan du Ordiziako haurren danborradan, bukaeran, Ordiziako Martxa jotzen zutela. «Adibidez argazki bat daukagu, jaunartzea egin zuen haur talde bat laguntzen elizatik plazara. Geroago hasi ginen goiz eresiak egiten, herriko festetan», gaur egun jada gutxitan egiten duten zerbait: «Festetan bai, hiru bat aldiz, euskal jaietan ere bai, asteazken berezi horretan, Eguberritan, Errege egunean. Egun berezietan egiten dugu; San Jose egunean». Beste herri batzuetan oraindik igandero-igandero mantentzen duten ohitura da. Igandero ez, baina egiten dutenetan «beti- beti-beti berdina egiten dugu: udaletxetik hasten gara, Malkaskoraino. Ibilbidea beti da berdina».
Taldeak akademiako umeez elikatzen jarraitu zuen urteetan, eta bitartean, helduenetako batzuk agurtzen joan ziren hainbat arrazoirengatik. 1983an Ordiziako Musika Eskola sortu zen, eta ordutik bertan ikas daiteke txistua.
Osasun ona
Gaur egun, adin guztietako hamabost txistularik osatzen dute taldea, Ana Lekuonaren zuzendaritzapean. Ohikoa denez, unerik onenak eta parte-hartze txikiagoko beste batzuk izan ditu. 2002an, adibidez, taldea berriro berreskuratu zen aspaldiko txistulari batzuen itzulerari esker. «Lagun talde bat bezala gara», dio zuzendariak.
Urteen poderioz taldekide kopuruak behera egin badu ere, taldearen ibilbidea, txikitik handira joan zen. Urte hauetan guztietan Gasteizen ere izan dira Blusen egunean, Argentinako Villa Mercedes udalerrian. 2023an, Goizaldik eta Amets Bidek antolatu zuten Pujanatarren omenaldian ere parte hartu zuten, Ordiziako Zortzikoan ere bai. Guzti-guztiak zerrendatzea «zaila» egiten zaio Lekuonari.
Iaz 50 urte bete zituzten, eta data zehatza inork ezagutzen ez badu ere, ospakizunak ez ziren falta izan: maiatzean Idiazabal Gaztaren Kofradiaren 33. Kapituluan ohorezko kofradiakide izendatu zituzten, uztailean Santa Ana jaietako txupinazoa botatzeko ohorea izan zuten. Gainera, Ordizia Rugby Elkarteak ere omenaldia egin zien, biak urte berean jaio baitziren.