Igartza Erdi Arotik leku estrategiko bat izan zen, batez ere Bandoen arteko guda zela eta, bertatik igaro izan direlako garaiko hiru biderik garrantzitsuenak: Santiago Bidea, Errege Bidea eta Urola ibaiaren haranarekin lotzen zuena. Hain leku esanguratsua izanik, Igartza askoren igarobidea izan zen merkatariak, erromesak, artzainak… baita monarkiarena ere.
Beharbada Igartzan izan dugun bisita monarkikorik deigarriena Felipe III.ak eginikoa izan zen: 1611n Espainia eta Frantziak printzesen arteko trukea adostu zuten. Baina 1615 urte amaieran gauzatu zen garaiko bi botere nagusien arteko botere-bidezko ezkontza.
Austriako Ana (Felipe III.aren alaba) Luis Borboikoarekin (Frantziako Erregea) eta haren arreba, Isabel Borboikoa Felipe IV.arekin (hartan Espainiako oinordekoa) ezkonduko ziren. Bidasoa ibaian, bi herrialdeen arteko mugan, egin zen zegozkien emazteen entregatzea edo trukea. Horretarako Felipe III.ak , bere alaba Ana eta segizio guztiaz lagundua, Gipuzkoa zeharkatu behar izan zuen.
Leintz Gatzagatik
Segizioa Leintz Gatzagatik sartu zen Gipuzkoara 1615ko urriaren 30an. Hurrengo eguna Arrasaten igaro zuten, han erregeak burdinolak bisitatzeko interesa izan zuen. Santu Guztien egunean (azaroak 1), Oñatiko San Migelen mezara joan ostean eta gaua Urretxuko Ipeñarrieta oinetxean igaro ondoren, Gipuzkoako bidaiarekin jarraitu zuen. Beasainera iritsi aurretik, erregeak Igartzan geldialdia egin zuen, bertako burdinola ezagutzeko.
Hurrengo egunean, Ordiziatik abiatuta, Tolosako Atodo jauregian egin zuten gaua eta horrela jarraitu zuten helmugara iritsi arte azaroaren 9an.