Donostian urtarrilean egin ohi zen Bertsolari Egunean hartu zuen ospea Goierriko Bertsolari Taldeak. Bertso saio umoretsuak prestatzen eta aurkezten zituzten, sei-zortzi bertsolari goierritarren artean pertsonaiak banatuta. Bertso Egunean hasi ziren ikuskizunak egiten, show eran eta umorez beti. Urtean behin, urtarrilean, Donostiako Victoria Eugenia antzokian egiten zen jaialdi berezi hura, bertsolariek euren kide bat edo batzuk omentzen zituzten bitartean. Taldearen zain egoten zen jendea.
Goierriko Bertsolari Taldea 1986an hasi zen elkartzen. IZ etxeak Goierriko Bertsolarien diskoa prestatu zuen. Patxi Iraola, Florentino Goiburu, Xabier eta Nikolas Zeberio, Eusebio Igartzabal, Juan Inazio Begiristain, Mikel Mendizabal eta Iñaki Murua ziren partaideak.
Bertso munduan ospetsu ez zirenak ere ezagutarazi zituen talde horrek. Juan Inazio Begiristain aiarra, adibidez. Bertsozale askok ez zuten haren berririk, harik eta Goierriko Taldearekin agertzen hasi zen arte. «Denetik egitea tokatu zitzaidan. Batean mutil ezkonberria izan nintzen, beste batean sherifa. Jendeari asko gustatu zitzaizkion numero horiek, baina ez zuten beste munduko meriturik, bertso guztiak aldez aurretik prestatuak baitziren. Dena den, egun horretako beste bertso gehienak ere halatsu izaten zirela uste dut», esan zuen Begiristainek Bertsolari aldizkariaren 1997ko neguko zenbakian.
1968an hasi ziren Bertsolari Eguna antolatzen Donostian, San Sebastian egunaren egitarauan bertso jaialdi bat eratzeko, Donostiako Udaleko Kultur eta Turismo Ekintzetxeak antolatuta. 1987an Bertsozale Elkarteak hartu zuen antolaketaren ardura. 1995ean omenaldi kutsua utzi eta bestelako izaera hartu zuen; izena ere aldatu zitzaion, eta Bertso Eguna izatera pasa zen.
Paris-Dakarrekoa, kideen omenez
Bertsolari Egunean bertsolari bat omendu ohi zuten. Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki-k 1976an jaso zuen omenaldia, eta Patxi Iraolak eta Florentino Goiburuk 1991n. Egun hartan ere egin zuen saioa Goierriko Taldeak.
Hain zuzen, Bertso Egunen barne-historian gogoan geratu den goierritarren jardun bat egun hartantxe kantatu zuten. Euzkitze gai jartzaileak Paris-Dakarreko partaidetzat ipini zituen: Mendizabal komisarioa, Igartzabal mekanikoa, X.Zeberio motoan doana, Begiristain kamioian, Nikolas Zeberio kotxean, eta Murua, moroa. Hona bildots eztia doinuan egin zuten saioa koplatan, bakoitzak bere paperetik, jendearen algarak eraginez.
Bertsolari Egunean bakarrik ez. Lierniko Mujika jatetxean saio bat behintzat egin zuen Goierriko Taldeak –Interneten dago–. Tren berria egin, eta probatzera atera ziren Goiburu txoferra, Iraola ingeniaria, Igartzabal mekanikoa, Begiristain elektrizista, Zeberio errebisadorea eta Murua dekoratzailea.