Lide Egizala • Artezalea
Artea ikusteko museoetara jo izan ohi badugu ere, jakina da, berez, edozein txokotan aurki dezakegula artea. Horren adibide argia da Land art-a edo Lurreko artea. Jatorria AEB-etan badu ere, Euskal Herrian badaukagu mota honetako arte ugari: Eduardo Txillidaren Haizearen Orrazia edo Agustin Ibarrolaren Omako Basoa, esaterako. Land Art-aren printzipioa natura eta gizakiaren arteko harremana erretratatzea da, eta horretarako, paisaia zentzu artistiko batean aldatzen da.
Obra hauetan natura ezinbesteko elementua da: haizea, ura, zuhaitzak… eta horiek sortzen dituzten sentsazioekin jolastuz. Horrela gizakia, artea eta naturaren artean poesia moduko bat sortzen da.
Hain zuzen ere, Land Art-ak lotura sakona du XIX. mendeko Erromantizismoarekin. Garai hartan, gizakiak naturarekiko harreman estua eraiki zuen eta, artistek, naturaren izaera mugagabea goraipatu nahi izan zuten. Caspar David Friedrich izan zen naturaren nolakotasun infinitua eta gizakiaren arteko harremana koadroen bidez agertu zuenetariko bat. Koadro horietan, naturaren jite infinituaren aldean, gizakiaren izaera hutsala agerian gelditzen da: gizakia amildegiaren aurrean, ñimiño eta eskas.
Azken urteetan aldiz, badirudi lausotzen joan dela naturarekiko mirespen hori. Naturak baldintza mugagabea izanagatik, argi gelditu da, finean, hauskorra dela; baita gizakia honen aurrean hutsala izanagatik ere, min eragiteko gai dela. Alderdi estetikoaz haratago, Land Art-ak badu gizakiak naturan eragiten duen kaltea salatzeko xedea ere. Jakin badakigu, gizakiok naturaren beharra badugu ere, naturak, funtsean, ez duela gure beharrik, eta inongo esku-hartzerik gabe ere, nahiko artea dela bere baitan.