Eliana Lopez Guzman 2011. urtean iritsi zen Mexikotik Euskal Herrira. Gaur egun Zerainen bizi da, Mendarte baserrian. Egunerokoa euskaraz egiten ahalegintzen da, nahiz eta «batzuetan kosta». Jaioterrian hasi zen euskara ikasten.
Duela 13 urte iritsi zen Eliana Lopez Mexikotik, bere jaioterritik, Zerainera bizitzera, Mendarte baserrira. «Maitasunak ekarri ninduen», aitortu du Lopezek berak. «Mexikon ezagutu nuen gaur egun nire senarra dena, han lan egiten zuen, eta azkenean, bat dela eta bestea dela, hona bizitzera etortzea erabaki nuen». Bizimodu aldaketa handia izan zen; hizkuntza izan zen aldaketa nabarmenetakoa.
Mexiko iparraldean Sinaloa hirian jaio eta hazi zen Eliana. «Hiri ertaina da Mexikoko hiri hazienen aldean, baina erraldoia Zerainekin konparatuz gero». Bertan «ondo» bizi zela dio. Familia eta lagunak hantxe, unibertsitateko ikasketak ere egin zituen, «bizimodu ona» zuela dio. Gaztelera du ama hizkuntza. Ingelesa eta frantsesa ere hitz egiten ditu, eta euskara ere bai, gaur egun.
Zerainen, «ondo egokitu» dela kontatu du, baina sustraiak sustraiak dira: «Niretzako Mexiko da alaitasuna, kolorea, kale giroa, bizipoza… Euskal Herriak ere gauza on asko ditu, toki bakoitzak ditu bere ezaugarriak, hau oso polita da, oso pozik eta ondo bizi naiz hemen, baina Mexiko da… Mexiko! Nire jaioterria da!», faltan nabaritu du bere herria. «Klima ere hobea da, beti dago eguzkia, jendea irekiagoa da lehenengo momentutik, hemen hasieran pixka bat kosta egiten da», esan du euskaldunen izaeraz.
Aitor senarra ezagutu zuenean, Euskal Herriko paisaiez hitz egiten zion sarri. «Hemengo pasaia zoragarriez, berdeaz, mendiez, hitz egiten zidan, Mexikon ezagutu zuena, nire jaioterria, askoz ere lehorragoa baita, baina batez ere lauagoa da. Nire herria kostaldetik gertu dago, baina ez dago inguruan hemen dagoen mendirik». Horrela sartu zitzaion arra poliki-poliki.
Euskal Herrira iritsi zenean, hasieran dena ondo joan zela kontatu du Lopezek. Baina lanean hasi nahi izan zuenean egin zuela topo lehen oztopoekin. Ingeniaritza bioteknologikoa eta nutrizioa ikasi zuen Mexikon, baina hemen baliozkotu egin behar izan zituen ikasketak. Euskal Herriko Unibertsitatean Leioako kanpusean egin zuen. Ia lau urte behar izan zituen ikasketak baliozkotzeko.
Bere kabuz hasi zen
Oraindik Mexikon zegoela hasi zen euskara ikasten. «Liburu bat erosi nuen eta nire kasa hasi nintzen, nahi nuen hona iristerako behintzat oinarri-oinarrizkoena jakitea; nola agurtu, hiztegi pixka bat… Aitorri galdetu eta galdetu besterik ez nion egiten, ez nuen tutik ulertzen!». Hona iritsi zenean, berehala hasi zen euskaltegian, bere kabuz ikastea «ezinezkoa» egiten zitzaiolako. «2012an Beasaingo euskaltegian hasi nintzen, baina handik hiru urtera ama izan nintzen eta bertan behera utzi nuen». Baina oraindik ere euskara ikasteko gogoz zebilen, eta bi urteren ondoren, 2017an euskaltegira itzuli zen. Lazkaon Maizpiden, ikastaro arruntak eta trinkoak egin zituen, «lehenbailehen» ikasi nahi zuelako, eta batzuetan «gogorra» izan bazen ere, «orokorrean gustura» egin zuela nabarmendu du.
Ahaleginak eman ditu bere fruituak, ederki moldatzen baita euskaraz, ulermen maila ona du –elkarrizketa euskaraz izan zen osorik–, nahiz eta uste duen, «gehiago ere egin» dezakeela, «batzuetan ulertzea kosta egiten zait, batez ere tokian tokiko euskararekin, edo oso azkar hitz egiten dutenekin».
«Zazpi bat urte» egon zen euskara ikasten euskaltegietan eta barnetegian. «Ahalegin handiagoa egin beharko nuke euskararekin, hitz egitea ere kosta egiten zait, konplikatua da batzuetan. Hitz egiten hastean, mila zalantza, mila galdera sortzen zaizkit buruan. Ez da erraza zure bizitzan sartzen denean hizkuntza guztiz berri bat, baina posible da!», animatu ditu beste herrialde batzuetatik etorritakoak baita bertan jaioak izanda ere euskaraz ez dakiten haiei.
Etorkizuna eraikitzen
Zerainen eraiki du familia eta etorkizuna ere bertan ikusten du Elianak, eta une honetan, proiektu polit eta garrantzitsu bati heldu dio. Txakolin ekologikoa ekoizteko proiektua du esku artean. «Upategi txiki bat egin eta txakolin ekologikoa egin nahi dut etorkizun hurbilean» aurreratu du.
Proiektuaren lehen hazia «aitaginarrebak, duela 20 urte jarri zuen, berak landatu zuen mahastia baserri inguruko lurretan, eta 2020tik, nik hartu dut ardura; mahastia handitzeko lanean aritu naiz, eta proiektua kudeatzeko beharrezko formakuntza teknikoa egin dut». Mahastizaintza edo mahasgintza mahatsondoak lantzea helburu duen jarduera eta teknika-multzoa ikasten aritu da. Frutikulturaren adar hau mahastien ongarriketaz, ureztatzeez, izurriteen kontrolaz eta abarrez arduratzen da. Lehenengo fasea gaindituta, oraintxe neguko kimaketa egiten ari da, ondoren kimaketa berdea egingo du, belarra moztu, formakuntza gehiago egin…
Proiektu honek, denbora eta indar gehienak kentzen dizkio, horregatik, «momentuz euskara ikasketak albo batera utzi behar izan ditut». Dena den, berandu baino lehen, «berriro helduko» diola zin egin du. Bitartean, ahal duen neurrian euskaraz bizi da, etxean eta kalean.