Nagore Ozerinjauregi Beldarrain. Psikologian doktorea. Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saila. Irakasle-ikertzailea EHUn
Esti Amenabarro Iraola. Pedagogian doktorea. Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saila. Irakasle-ikertzailea EHUn
Aurreko iritzi artikuluan mugikorren erabileraren inguruzko kezka ekarri genuen lerrootara. Oraingoan, berriz, guraso zein hezkuntza komunitatean bolo-bolo dabilen beste dilema bat dakargu. Haur eta nerabeek gero eta goiztiarrago kontsumitzen dute pornografia.
Save The Children erakundeak 2020an argitara emandako txosten baten arabera,Espainiar estatuan azken urteetan garatu diren ikerketa desberdinek 12 urtetan kokatzen dute euskarri pornografikoetara gerturatzeko adin tartea, nagusiki, baina, gero eta goiztiarragoa da sarbidea, 8-11 urte bitarteko haurrengana iristeraino.
Hau horrela, pornografiara gerturatzea eta bertara sartzea erraza dela dirudi. Kezka beraz, nabarmena da, are gehiago, nerabeek teknologia berriak esku eskura dituztela aintzat hartzen badugu.
Egungo pornografiaren ezaugarri nagusiena horixe baita, teknologiaren bidez, modu erraz eta berehalakoan sexu esplizitua jasotzen duten film eta irudiak, modu masibo eta kalitatezkoan doanik zabaltzeko aukera, interneten bidez. Horrek errazten du hain zuzen ere maisntream pornografiatzat ezagutzen dena, hau da, kontsumo nagusia duen joera edo moda. Erraz ondoriozta daiteke beraz, pornografia zabaltzeko 4G teknologiaz baliatzen diren enpresa kapitalistek, eszitazio sexuala piztea baino helburu handizaleagoa dutela, kontsumitzaile gazteengan izan ditzakeen ondorio kaltegarrien aurrean axolagabe.
Distortsio kognitiboa
Izan ere, ebidentziek agerian jartzen dute heziketa sexuala jaso aurretik pornografiara sarbidea izateak, haur eta nerabeengan distortsio kognitiboa eta jarrera ez osasuntsuei lotutako hainbat kalte eragiten dituela.
Save The Children erakundeak Estatu espainolean burututako aipatu ikerketaren testuinguruan, elkarrizketatuak izan ziren 1.753 nerabeetatik erdiak, haien harreman sexualak izateko pornografia izan dute erreferentzia eta heren batek sexualitatearen inguruko informazio iturri ia bakarra duela ondoriozta daiteke. Pornografia beraz, sexualitatea esploratu nahi duten nerabeen erreferentzia inportantea da.
Datu hauek oraindik kezkagarriagoak dira azterlan honen arabera, kontsumituena den pornografia, mainstream heterosexuala dela kontuan hartzen badugu. Patriarkatuaren galbahean, estereotipo eta botere harreman sexista zehatz batzuk erreproduzitzen dituena, non gizonezkoa protagonista nagusi bezala agertzen den, boterea duena eta emakumea, berriz, menpekoa, subalternoa. Kasu askotan, gainera eszena oso bortitzekin lagunduta. Honek, alde batetik, maskulinitate hegemonikoaren indartzea dakar eta beste alde batetik, emakumeen sexualitatea isilpera makurtzea, bigarren mailakoa bailitzan, haien desira sexualei uko eginez, gizonen desirak asetzera bideratuz.
Pornografian ikusitakoa praktikara
Bidenabar, Cabo ikertzaileak pornografiaren bestelako arriskuez ohartarazten gaitu, prostituzioa sexuaren industriaren ezinbesteko atala izatetik haratago: pornografia kontsumitzen duten gizonezko askok irudietan ikusitakoa praktikara eraman nahi izaten dutelako. Hainbatetan, haien bikotekideek praktika sexual horiek onartzen ez dituztenean, prostituziora jotzen dutelarik.
Bestetik, ikertzaile berak pornografiak jarrera zehatz batzuen naturalizazioa eta normalitate faltsua ahalbidetzen duela uste du: gizona ase beharraren dinamika horretan, zerbitzatzeko jarrera horietan, gazteek –gizon zein emakumeek– sexu erasoak normalizatzeko arriskua legoke, hau da, bortizkeriaren erabilera besteekin harremantzeko modu natural eta normala balitz bezala hautematea.
UPV/EHUko (Euskal Herriko Unibertsitatea) Maria Dosil irakasleak agerian jarri duen moduan, nerabeek indarkeria barneratzen dute irudi horien bitartez. Indarkeria oinarri duten irudi horien baitan eraikitzen dira gero harreman sexualak, non plazerak edota emakumeen desirak, komunikazioak, elkarrizketak, errespetuak edota afektibitateak, zaintzak ez duten tokirik izaten, kasu askotan. Gainera, harreman mota hauetan onespena ez da agerian geratzen.
Pornografia askotarikoa da eta gai konplexua, ertz asko ditu, polemikoa eta hautsak harrotzen dituena. Baina ezin uka: pornografiaren zati handi batek gehiegizko indarkeria sexuala agertzen du eta emakumearen iruditeria oso zehatza, gizaki baino objektu gisa aurkezten delarik. XXI. mendeko errealitate honi, gainera, sexuaren industria bizitzeko eta bizigai den (ezkutuko) merkatu bilakatu izana gehitu behar zaio.
Pornoaren kontsumoak lotura zuzena du, jasotzen den heziketa sexualarekin baita harremantzeko unean gailentzen diren eredu heteronormatiboekin. Aitzitik, heziketa sexualak gizakiaren izate sexualaren konplexutasun osoa ulertzen lagundu beharko luke, hala nola, identitate sexuala eta pertsonen arteko harremanak ulertzen, eta ezarritako harreman eredu heteropatriarkalak deseraikitzeko tresna izan beharko luke. Hezkuntza sexuala residualki eta modu isolatuan garatzen da, ordea, gainera ikuspegi oso biologizista batetik, non, sexualitatea erreprodukzio edota sexu bidezko gaixotasunen prebentzioarekin lotzen den. Heziketa sexualak ordea, ikuspegi zabalagoa eta sakonagoa behar du.
Sexu heziketa, bizitzarako ezinbesteko ikaskuntza da. Ikuspegi kritiko eta emantzipatzailea behar du izan, onespenaren inguruan oinarri sendoak finkatuko dituena, desira erdigunean jarrita; haur eta nerabeei zuzendutako benetako sexu heziketak naturalizatuegia dagoen indarkeria sexuala atzeman eta aurre egiteko tresnak eskaini beharko lituzke. Honek ezinbestean zigorra oinarri duen eredua alboratzea esan nahi du. Nerabeei haien artean normalizatua dagoen indarkeria identifikatu eta aurre egiteko ezagutza eta tresnak eskainiz.
Bistan da, honek, heziketa prozesuan parte hartzen duten hezitzaile guztion konpromisoa, ahalduntzea eta formazioa eskatzen ditu eta hau ikuspegi feminista eta intersekzional batetik soilik egin daiteke. Gure hezkuntza sisteman kalitateko sexu heziketa eskaintzearekin batera, sexu esplotazioa abolitzeko neurriak ere ezinbestekoak dira.
Komunitatea
Horregatik, interesgarria litzateke adingabeekin pornografia lantzen hastea, etorkizuneko sexu-harremanak bortizkerian ez oinarritzeko, prebentzio neurriak proposatuta.
Lerrook idazten ari garen une berean, jakin dugu Espainiako Gobernuak adin txikikoak Interneten aurki ditzaketen eduki pornografikoengandik babesteko legea onartuko duela. Datuek adierazten duten moduan, pornografia gehien kontsumitzen dutenak nerabeak izanik ere, ardura hau ezin da soilik eskolaren eskuetan utzi; komunitatea osatzen dugun kideen ekintza eta erabakietatik eratorritako erantzukizuna da.