Angel Irigoras • Zegama
Zegaman hiru tren geltoki izan genituen: Otsaurteko subestazio-elektrikoa, tren geltokia Otsaurten, eta Oazurtzako tren apeaderoa. Azken hori zegamarrontzat, Tunel Haundiko apeaderoa izan da betidanik.
Izenak dioen bezala, Tunel Haundia da tren apeaderoan dagoenetako bat. Besteari Osiñeta deitzen badiote ere ofizialki, herritarrontzat Lur-tunela bezala da ezagunagoa, zulatzerakoan gertatu ziren luiziengatik. Tunel Haundia (1864) 2.957 metroko luzerarekin, Espainiako estatuan egon zen tunelik luzeena izan zen 20 bat urtean, eta euskal erkidegoko luzeena 145 urtetan. Punta batetik bestera, bihurgunerik ez duenez, bi aldeak ikusten dira.
Tunela egiteko aztarnak ikusgai ditugu oraindik. Harri-hondakin pilak, zuloak… daude, apeaderotik Brinkolara bitarteko mendietan. Berezitasun bat aipatzekotan, goitik beherako hamabi zulo-tximini (putzuk deitzen diegu) ireki zituzten. Izan ziren langileak, bertan, lanean hildakoak, eta benetako kristauak ez zirenentzat hilerri bat izan zuten, tunel gainean.
Tunel Haundiko apeaderoa martxan jartzerakoan (1942) bertan egin ziren lanei edo langileei buruz, esaterako, herritik bertara doan bidea egiten 150 bat preso-esklabu erabili zituzten. Hainbat etxebizitza ezagutu genituen faktore, kapataz, langileentzat… Taberna ere bai. Agirre-Berasategi, Telleria-Telleria, Berasategi-Arrizabalaga, Larrea-Arakama, Balentziaga-…, familiek bizitza bertan egin zuten. Herritar askorentzat lanera, erosketak, salmentak, parrandara, ikastera, viaje-noviosen… joan eta etortzeko guneak suertatu ziren Tunel Haundiko apeaderoa eta Otzaurteko Estazioa. Zenbait mendizalek ere erabili izan zituzten Zegamako bi tren geltoki ospetsuak.
Ospetsuak
Pentsa ze ospetsu eta garrantzitsuak izango ziren bi tren zerbitzu hauek! Mundu guztian ere oso ezagunak zirela diote. Adibide bezala, ba omen zen zegamar bat munduan zehar ibili beharrekoa, agian Joxe Manuel deituko zen, auskalo. Munduan zebilen horietako batean, Txina aldean zebilela, dagoeneko bi urte etxera azaldu gabe… pentsa-tu zuen etxera aldea bueltatzea. Horretarako tren estaziora joan omen zen eta leihatilan zegoen langileari Zegamara joateko txartel bat eskatu omen zion. Honela, leihatilan zegoen langile txinatarrak galdetu omen zion: «Tren txartela norako nahi duzu ? Otzaurteko Estaziorako edo Oazurtzako Apeaderorako?». Pentsa! Txinan ere, garai hartan, nahiz eta Internet, WhatsApp edo Tik-Tokik ez egon, bazekiten tren geltokiak genituela Zegaman.
Gaurko berrikuntza, negozio eta abiadurak medio, garai bateko erabiltzaileak ez bezala, ez estazio, ez tren apeaderorik ez dugu Zegaman. Berdin, falta dira bertan izan genituen etxebizitzak, taberna eta biztanleak.
Hala ere, hurrengo batean saiatuko natzaizue nolako lanak egin behar izan zituzten Tunel Haundi eta Zegamako Tren apeaderoa, eta bertara doan errepidea eraikitzerakoan.