Mendia izango da protagonista gaur eta bihar Legorretan. Gazteen eskutik antolatutako Mendi burue izango dute. «Naturari eta erronkari» bideratutako asteburua izango da Legorretako Gazte-Piku gaztetxean.
Gaur iluntzean asko «estimatzen» duten alpinista bat izango dute Legorretan eta «gogoz» daude bere bizipenak entzun eta haietatik «ikasteko». Joseba Iztueta gabiriarra izango dute bertan, hain zuzen ere, udan egindako espedizioaren inguruko kontakizunak ardatz dituen dokumentalaren bidez kontatuz istorio hau. Dokumentalak Zanskar, aztarna berrien bila du izena eta «ikusgarria» izango delakoan daude herritarrak. Himalaiako Zanskar bailaran igotako mendi harritsuen eta «lehen aldiz zapaldutako horien» inguruan aritzen da alpinista gabiriarra. Ikus-entzunezko honekin emango diete hasiera Mendi Burue ekimenari.
Hala ere, herritik kanpokoak etorri arren, badituzte herrian ere «txapeldunak», horietako bat Aitor Zunzunegi mendi-korrikalaria da. Zunzunegik hainbat garaipen eskuratu ditu azken urteetan eta oraingoan erronka berri bat du: Legorreta-Hernio-Legorreta ibilbidea 3 ordu eta 13 segundo baino gutxiagoan egitea. 1969.urtean Julian Garmendiak, Kortatu ezizenez ezaguna, ezarri zuen errekorra ibilbide horretan, 3 ordu eta 13 segundoko marka jarriz errekor gisa.
Zunzunegi animatzeko deia
Bihar, goizeko 10:30ean abiatuko da Zunzunegi legorretarra mendian gora, ibilbide bera eginez, errekorra hausteko asmoz. Herritarrek «animatuko» dute, izan «herrian bertan» zein «mendiko txoko desberdinetan». Horrez gain, Gazte-Piku Gazte Asanbladako kideek herritarrei Zunzunegi «animatzera dei egin» die. 09:00etan abiatuko dira herritarrak autoetan Herniorantz, gaztetxetik abiatuta eta ondoren, 10:30ean emango dio hasiera erronkari Zunzunegik. Gero, eguerdiko 12:30ean jarri dute guztiak berriro elkartzeko hitzordua, herriko plazan. Herritar batzuk diotenaren arabera, «gainditzeko aukera handiak» dituela uste dute eta 12:30ean berriro elkartzeko puntu hori «ospakizun» hutsa izango dela.
Bi ekitaldi hauek osatuko dute Mendi burue eta Legorretako gazteentzat «naturaz» eta «kirolaz», zehazki, «mendiaz» gozatzeko modu bat izango da. «Emozioz» ari dira itxaroten asteburu hau hainbat herritar zein eskualdeko mendizale eta «gertutik» jarraituko dute ekimen hau.