Maitane Urteaga • Idiazabal
2015. urtean, Idiazabalgo San Blas festen bezperan egiten den alardean, txistulari, trontzalari eta dantzariekin batera, parte hartu genuen lehenengoz, txalaparta jotzeaz arduratuz. Tradizionaltzat hartzen den txalapartari, ikuspegi desberdin bat eman nahi izan genion.
Iñaki Telleriak, alardearen zuzendariak 2014ko irailaren amaieran proposamena egin ondoren hasi ginen buru belarri lanean. Esku artean, partitura bat (guretzat ulergaitza, ezjakinak garelako), melodiaren demo bat, hiru oholeko txalaparta eta bi lagunen ilusioa! Iñakik jarraipena egin zigun. Txalaparta nola jo genezakeen eta nola jo zitekeen esan zigun. Hortik aurrera, asko eskertu genion askatasun osoa eman zigun.
Hasieran ez genekien nola hasi. Zenbat makil, zenbat ohol erabili beharko liratekeen… Ez genuen erreferentziarik.
Bi lagunen arteko perkusio moldaketa bat sortu behar genuen. Hiru ohol zituen txalaparta zahar afinatu gabe batekin melodia bat jarraitu behar genuen. Erronka handia izan zen guretzat.
Zailtasun asko izan genituen. Batetik, ez genuen demoaren soinua behar bezala entzuten, txalaparta zaharraren kolpeek oso soinu ozena dutelako. Ezin zen entzun gure ohiko erreproduzitzaileetan. Azkenean, etxeko bozgorailu baten bidez, lortu genuen melodia ozenago entzutea.
Bestetik, era askotako frogak egin behar izan ziren. Kolpeak azkartu, moteldu, melodiaren hutsuneak luzatu…Azkenean, melodiaren erritmoa hartu eta kolpeak sinplifikatzen hasi ginen eta hala sortu zen Jesus Guridiren Amaya operako Ezpatadantza melodiaren txalaparta doinua.
Emanaldia
Arropa zaharrak jantzi eta beharrezkoa den urduritasuna bizkar gainean hartuta irten ginen kiroldegiko gure gunera.Txistularien melodiari, trontza mozten ari ziren beste bi lagunen zerren zirri zarrak, eta ezpatadatza dantzatuko zuten dantzariak ere gehitu zitzaizkigun.
Dena ongi atera zen. Publikoaren txaloak entzun genituen eta gu, halako emanaldi garrantzitsu baten parte izan ginelako, pozik!
Alardean parte hartzeak
Hurrengo beste bi alardeetan ere txalaparta jo genuen. Tomasek eta Ihintzak, Gure esku dago eta Tomasek eta nik, Kalakan taldearen Sagarra Jo kantak jo genituen. Berriro ere Iñakik, partiturak eman zizkigun eta esku artean izan genituen baino ez genituen erabili. Belarriz, gure erara sortu genituen kolpeak eta erritmoak.
Lehenengo emanalditik ezberdintasunik? Bai, bat baino gehiago. Hurrengo aldietan, Euskal Telebistak grabatuko zuen zuzenekoa, kamerak izango genituen inguruan eta txistulariez gain, ahotsak eta instrumentu jotzaileak izango genituen lagun.
Hala ere guretzat errazagoak izan ziren. Txalapartaren kolpe eta erritmoak nahiko azkar sortu genituen eta zuzenekoan, lehenengo aldian baino zalaparta handiagoa zegoen arren, lasaiago aritu ginen.
Eta garrantzitsuena emanaldi hauetarako, txalaparta afinatuarekin aritu ginela jotzen. Makilak arinagoak ditu eta noten bidez jo daiteke.