Txillidaren eskultura esanguratsuenetakoa den Haizearen orrazia Legazpiko Patricio Etxeberriaren lantegian egin zen, eta harekin lan egin zuten 50tik gora langileetako batzuk artistarekin lan egitea zer izan zen gogoratu dute.
Eduardo Txillida 2024ko izarretako bat izango da, haren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko abiatu den ekitaldi sortak izan duen harrera eta eragin duen ikusmina ikusita. Artearen munduak, komunikabideek eta herritarrek gorazarre egin diote ospe handiko eskultoreari eta haren eskultura bilduma emankorrari, baina baita harekin lan egin zutenei ere. Ospakizunen aitzakian, agerira atera dira eskulturen sortze prozesuan lagundu zioten hainbat eta hainbat pertsona, eta horien artean daude Legazpiko Patricio Etxeberria lantegian Haizearen orrazia ospetsua eta beste eskultura batzuk sortzeko alboan izan zituen langileak. Ia anonimotasunean egon dira orain arte, eta azken asteetan, egin zuten lanagatik merezi duten aitortza jasotzen hasi dira.
Izan ere, altzairuarekin egindako lanetako asko Legazpin sortu zituen Txillidak, Patricio Etxeberriaren lantegian bere egin zuen forja tailer handi batean, eta material horren lanketan esperientzia handia zuten langileen laguntzarekin. Txillida artistak altzairuaren artistekin egin zituen hainbat eskultura. Langile haiek gabe, Txillida ez zen izango gaur dena.
Anselmo Agirre kimikaria, Restituto Arrieta eta David Abel makinen mantenimenduko langileak eta Angel Alonso eta Jose Mari Romaratazebala forjatzaileak ziren langile haietako batzuk. Legazpiko Txillida Lantokian elkartu dira berriki, artistarekin izan zuten hartu-emana eta harentzat eta harekin egindako lana gogoratzeko.
Arantzazutik Legazpira
Txillidaren eta Legazpiren arteko loturak Arantzazun du sorburua. 1954. urtean Arantzazuko basilikako buruek Txillidari egin zioten sarrerako ateak egiteko enkargua, eta hartarako, Zumaiako portuan txatarra zatiak eskuratu zituen eskultoreak. Baina ateak muntatzen ez zuen asmatzen, eta lan horretan elizaren atarian ari zen batean, Patrizio Etxeberria hurbildu zitzaion, eta piezak tenkatzeko mailuarekin non jo behar zuen erakutsi zion.
Arantzazuko ateak bukatzeko Legazpiko lantegia ere eskaini zion enpresariak. Txillidak lantegia ikusi zuenean, bere ametsak gauzatzeko lekuarekin topo egin zuela esan zuen, eta orduz geroztik, eta batez ere 1968tik aurrera eta 2000 urtera arte, eskultoreak aldizka jo zuen Legazpira eskala txikian sortutako lanak eskala handian egitera.
Legazpiko lantegia bere tailerra bilakatu zuen, eta langileak, bere laguntzaileak; 50etik gora aritu ziren eskultorearekin lanean. Gaur GKN lantegia dagoen lekuan zegoen tailerra, «fundizio» edo galdategi zaharra zegoen tokian.
Esaten dutenez, Patrizio Etxeberriak lantegiaz gain, hamar langile ere jarri zituen haren eskura, eta 25 toma altzairu oparitu zizkion bere lanik esanguratsuenetakoa izango zen Haizearen orrazia egiteko, nahiz eta 50 tonatik gora erabiliko zituen gero. Handik aurrera, ordaindu egin behar izan zituen lanak. Proiektu bakoitzerako aurrekontuak egitea oso zaila omen zen, ia ezinezkoa zelako kalkulatzea zenbat altzairu beharko zen, zenbat langilek lan egin beharko zuten, zein makina erabiliko zen, eguneroko ekoizpena zenbat egunetan eten egin beharko zen… Txillidak hankaz gora jartzen zuen lantegia.
Altzairu berezi bat, Reco
Txillida bera, beti ondoan izaten zuen Pilar Belzunze emaztea eta Haizearen orrazia eskultura gogoratzen dituzte bereziki harekin lan egin zutenek, azken hori hainbeste lortzea kostatu zitzaien formagatik, eta harentzako espreski sortu zuten altzairuagatik.
Anselmo Agirre kimikariak hala gogoratzen du: «Joxe Etxeberriak eta Carlos Larrañagak Txillidaren eskultura harentzako altzairu berezi bat behar zela esan zuten, itsasoan jartzeko zelako. Horregatik, Corten altzairuaren konposizioa aldatu, eta guk Reco deitzen genuena sortu genuen, haren moldaketa bat zen». Reco altzairuak ezaugarri bereziak zituen, eta erresistentea zen herdoiltzeari aurre egiteko, «Resistente a la corrosion, Reco. Herdoiltzea hobeto jasaten zuen. Haizearen orrazia altzairu normalarekin egin izan balitz, agian pieza horiek ez ziren gaur egun existituko». Kromoa, nikela, fosforoa eta kobrea zeraman Reco altzairuak, «fosforoa eta kobrea dira herdoiltzearen kontrakoak, eta kromo gutxiago zeraman, mekanizatu egin ahal izateko. Karbono gutxiago ere bazuen, eta horregatik beste altzairuak baino errazago tolestatzen zen».
Kolada handi bat egiten zuten, lingote ontzietan sartzen zuten, eta ateratzen ziren tamaina desberdineko lingoteak gorde egiten ziren, behar zenean erabiltzeko. Reco altzairua Txillidarentzat sortu eta erabiltzen zen bakarrik.
Behin altzairua eginda, eskultoreak egindako maketa txikiak eskultura handi bihurtzea zetorren. Delineatzaileen eskutik igarotzen ziren lehenik maketak, eta hark egindako planoei jarraiki hasten ziren lanean forjatzaileak, garabilariak, mekanizatuko langileak, sopletistak… beti artistaren esanetara, eta eguneroko ekoizpena etenda.
Legazpin egindakoak
Haizearen orrazia da Legazpirekin gehien lotzen den Txillidaren lana, baina Patricio Etxeberria lantegian eskultura gehiago egin zituzten. Munduan zehar sakabanatuta daude, eta Lenbur Fundazioa lanean ari da zerrenda osatzeko. Hauek dira orain arte konfirmatutako lanak:
Alrededor del vacio V. 1969, Washington D.C., World Bank.
Rafael Elosegiri estela. 1970, Hondarribiko Golf Kluba.
Pablo Nerudari estela. 1974, Teherango Arte Museoa (Iran).
Salvador Allenderi estela. 1974.
Iru zulo. 1974, Bernako (Suitza) Kuntsmuseum edo Arte Ederretako Museoa.
Gudari. 1974, Berlingo National Gallery.
Haizearen orrazia XV. 1976, Donostia.
Jose Antonio Agirreri estela. 1978.
Calderri omenaldia. 1979.
Juan Sebastian Bachi omenadia. 1979. Foruen monumentua, VII Estela. 1980, Foruen enparantza, Gasteiz.
Musica callada. Juan Sebastian Bachi omenadia. 1983. The Nasher Sculpture Center, Dallas (Texas, AEB).
Puerta de la libertad II. 1984. Kunstmuseum, Liechtesntein.
Topos V. 1985, Plaça del Rei, Bartzelona.
Haizearen orrazia
Nola hartu zuten langileek hura? Juan Mari Romaratezabalak azaldu duenez, «guk ez genekien nor zen Txillida, eta enkargatua lan hura egin behar genuela esanez etorri zitzaigunean, guk, batere pentsatu gabe, egin genuen». Lehenengo maketa ekartzen zuen eskultoreak, eta handik planoak atera eta gero, plantillak egiten zituzten, eskalan. Haien gainean moldeak jarrita, forma ematen zieten altzairu piezei, Angel Alonsok azaldu duenez. Plantillak eta moldeak kanpotik ekartzen zituztela zehaztu du David Abelek.
Prozesu bakoitza prestatzea lan handia zen, eta horrek denbora asko eskatzen zien: moldeak eta plantillak lurrean jarri eta finkatu, garabiak, poleak, tenazak eta beste tresnak antolatu… «eta gero, dena oso-oso azkar egin behar izaten zen, pieza beroa zegoen bitartean», Abelek dioenez.
Haizearen orrazia eskulturak buruhauste handixamarrak eman zietela gogoratzen dute langile guztiek, lau pieza desberdinez osatutako eskultura egin aurretik, pieza bakarrarekin egin zutelako lehen saiakera. «Zuhaitz baten antzera, enbor batetik ateratzen ziren lau adar egiten hasi ginen. Pieza hura lau zatitan ebaki genuen, baina adarrak bihurritzen hasten ginenean, puskatu egiten ziren. A zer haserreak harrapatzen zituen Txillidak!».
Lau zati desberdinekin hasi ziren gero lanean, amaieran guztiak elkartzeko, baina horiek ere puskatu egiten ziren moldeetan forma borobila ematean edo bihurtzen hasitakoan, tenperatura egokia ez bazuten. Horregatik, sopletistak ibiltzen ziren piezak berotzen. «Hura guztia inprobisazio hutsa zen!», gogoratu du Romaratezabalak, baina aldi berean, ondo neurtutako eta sinkronizatutako lana zen, bakoitzak bazekien zer egin behar zuen. Alonsok pieza handiak zirela nabarmendu du, eta oso beroak zeudenean zintzilikatzen zirenean, kontu handia eduki behar izaten zutela kateekin eta altzairuzko kableekin, «eman egiten zutelako, eta batzuetan puskatu ere bai». Hain zuzen, langileek pieza haiek nola zintzilikatzen zituzten ikusita ikasi zuen Txillidak bere eskulturak zintzilikatzen. «Kaso egiten zigun askotan. Exijentea zen, baina aldi berean konformista ere bai», dio Romaratezabalak.
Txillidaren lanak egiteko, tailerra berrantolatu egin behar izaten zuten, beharren arabera makinak eta erremintak alde batetik bestera mugituz. «Erreminta bat baino gehiago ere egin genuen, pieza haiekin lan egiteko ez zeudelako, mailuak adibidez», azaldu du Alonsok. «Langile batzuk ere gure lana aldatzen genuen, eta mantenimenduan geundenak forja lanetara pasatzen ginen», Restituto Arrietak esan duenez.
Pili, beti ondoan
Lanean ari ziren bitartean Txillida ondoan izaten zuten bezala, Pilar haren emaztea ere inguruan egoten zen. Senarra zen artista, baina emazteak pisu handia zuen haren lanean. Aurrekontuak, fakturak… dena eramaten zuen Pilarrek, eta langileek gogoratzen dutenez, eskulturen lanketa ere jarraitzen zuen, eta berak ematen zien azken oniritzia. «Goizetan etortzen zirenean, Pilar bazter batean geratzen zen, aulki batean eserita, guri begira. Zerbait bukatzen genuenean, Txillidak begiratu egiten zion, eta oiniritzia eskatzen zion».
Biak oso gertukoak zirela diote, tratua oso erraza zela biekin, batez ere ondoan izan zuten Txillidarekin «guztiak agurtzen zituen, eskua ematen zigun langile guzioi». Behar zenean, berak ere mailua hartzen omen zuen. Baina ez zuten harekin argazkirik atera, ez zioten autograforik eskatu, ez zuten haren marrazkirik gorde…
«Txillidarekin lan egitea erraza zen, lanak ziren zailak. Egia da gaizki pasatzen genuela, baina eskultura amaituta ikusten genuenean, gustura geratzen ginen, polita zelako, eta Txillidak jarritako erronkak gainditzea lortu genuelako». Orduan ez ziren kontziente egiten zutenaz, «lan bat gehiago zen, enkargatuak esaten ziguna besterik ez genuen egiten. Orain jabetzen gara egin genuenaz», dio Abelek. Arrazoia ematen dio Arrietak, «orain ospetsu egiten ari gara gu ere, eta nolabaiteko aitortza ari gara jasotzen». Eskultoreak berak ere eskerra adierazi ziela dio, «Txillida-leku inauguratu zutenean, batzuk gonbidatu gintuen, baita bazkaltzera ere». Izan ere, haren lanaren parte ziren eta dira Legazpiko langile haiek.
Txillidarekin lan egindakoen testigantza ugari
Txillidaren jaiotzaren mendeurrenaren aitzakian atera dira agertokira harekin eta harentzat Legazpin lan egindakoak, baina Lenbur Fundazioak egin zien aurretik merezi zuten tokia Txillida Lantokia museoan. Bertan jasota daude haietako hainbaten testigantzak bideoz. Lekukotza gehiago ere jaso zituen.
Lenburrek ia 50 langile elkarrizketatu zituen: Abel Araguzo, Abundio Legaz, Adolfo Becerril, Agustin Beloki, Angel Alonso, Angel Mari Alustiza, Anselmo Agirre, Antonio Garcia, Carlos Larrañaga, Claudio Caballero, David Abel, Eduardo Tobalina, Esteban Markotegi, Eugenio Agirre, Exiquio Ortega, Fernando Martin, Fernando Mikelarena, Fernando Murgiondo, Gregorio Rodriguez, Iñaki Azarola, Iñaki Uribetxeberria, Pedro Uribetxeberria, Iñaki Etxaleku, Iñaki Rezola, Isidro Galdos, Jose Mari Mendiola, Jesus Enrique, Jose Mari Idigoras, Jokin Goikoetxea, Joaquin Perez, Jose Gutierrez, Jose Ignacio Rezola, Jose Mari Alustiza, Jose Mari Andueza, Juan Jose Alvarez, Juan Mari Romaratezabala, Juan Mari Romaratezabala, Julian Gordoa, Julian Rincon, Laurentino Tobar, Marcial Vidal, Pedro Barroso, Periko Gabiria, Restituto Arrieta, Ricardo Mediavilla, Rufino Aranburu, Santiago Izagirre, Santiago Kortaberria eta Simon Azarola.
Kimikariak, sopletistak, delineanteak, ingeniariak, labezainak, garabilariak, forjatzaileak, mantenimendukoak, garraiolariak, mekanizatzaileak, muntatzaileak… Lanbide eta espezialitate askotako lantaldeak parte hartu zuen Legazpin Txillidaren artelanak egiten.
Falda direnak
Lenbur testigantzak jasotzen hasi zenean, Txillidarekin lan egindako batzuk hilda zeuden, eta horiek falta dira zerrendan. Baliteke gehiago ere izatea… Zerrendan ez dauden horien guztien izenak ezagutzea nahiko luke orain Lenburrek, 943 73 18 95 telefonora deituta.