Xegun Altolagirre • Gidoilaria eta sortzailea
Etxeko atea itxi eta berehala hasi zen saltoka eta dantzan. Bost axola gauerdia izatea eta beheko amonak bera gorrotatzea. Hura zen poza. Berehala Mirariri deitu behar zion. Gorputz osoa dardarka zuen emozioaren emozioz. Zenbakiak ganoraz markatzeko ere ez zen gai.
– Ni naiz, entzun, entzun, entzun… ez dut gaurko gaua bizitza osoan ahaztuko. Eskerrik asko, eskerrik asko eta eskerrik asko. Zuregatik ez balitz… entzun… zuk esandako kamiseta eraman dut, paparra erakusten duen hori eta perfumea, bai, goxoa eta arina… ziur nago bi detaile horiekin zur eta lur geratu dela, lehen bista kolpean. Hain da ederra bera… bere irribarre distiratsua, ile beltza, eta begiak… begiak… begira, begiak ez dizkiot ikusi, ez ditu eguzkitako betaurreko beltzak gau osoan kendu. Uffa, ukitu misteriotsu totala ematen zion…
Ez du asko hitz egin, lasaia dela erakusten du horrek, entzule ona, nire hitz egiteko moduarekin hipnotizatu dudala esango nuke.
Nire bizitza osoan ez dut parean horrelako pertsonarik izan, kotxeko atea ireki zidan, eta ez pentsa etxera ekarri nauenean muxu ematen ahalegindu denik, astun horien modura, ez. Galant portatu da… irrikatan nago berriro noiz deituko duen. Ez dit bere numeroa eman nahi izan, berak nirea baduela eta! Esaiozu Itziarri bete-betean asmatu duela hitzorduarekin!
###
Iritsi zenerako Itziar zain zuen. Atzetik joan zitzaion bere logelaraino.
– Eta? Nola joan da?
Ohe gainean etzanda jarri eta buruz behera marmarka hasi da.
– Izugarria izan da!
– Izugarria… izugarria, edo izugarria… izugarria?
– Desastrea!
– Izugarria, bai, ulertzen dut.
– Hipnosi sesio bat beharko nuke gaurko gaua ahazteko! Perfumea botatzean pote osoa gainera erori zaiola zirudien! Sinistu nahi? Eta alkandora hortera hori, zilborra ikusten zitzaion kasi! Bi detaile horiekin nahiko nuen buelta eman eta etxera itzultzeko! Aurpegiko mina daukat hainbeste denboraz irribarreari eusteagatik… Ene bada! Eta hitz egin? Hitz egin? Inoiz ez nuke pentsatuko pertsona batek hainbeste hitz egin zezakeenik. Ez da gau osoan isildu, eta ez pentsa saiatu ez naizenik, asko ez, egia da, baina alperrik. Aspaldiko gaurik gogorrena, aspergarriena, jasanezinena, gogaikarriena, nekagarriena izan da. Eskerrak betaurreko beltzak apropos jarrita utzi ditudan… lo hartzen nuela ikusi ez zezan.
– Lastima, sentitzen dut… etxera eraman duzu behintzat… eta han…
– Zoratuta? Bere etxaurrera iristean kotxeko atea ireki eta agur ben hur! Itziar, esaiozu Mirariri berriro nire maitasun kontuetan ez muturrik sartzeko…