Jon de la Cuesta Barrutia • De la Cuesta eta Barrutia farmaziak (Beasain)
Tenperatura jaisten eta arnas bideetako gaixotasun infekziosoen maiztasuna handitzen da urteko garai honetan. Paziente anitzetan, gaixotasun hauen sintoma adierazgarrienetako bat eztula da, gure osasun sistemaren defentsa mekanismo garrantzitsua alde batetik (eztul hezea), edo gaitza pairatu izanaren ondorio bat izan daitekeena bestetik (eztul lehorra). Hori dela eta, ezinbestekoa da ondo bereiztea bakoitza eta nola tratatu jakitea. Aurreko artikuluan eztul hezearen eta lehorraren ezaugarriak ezagutu genituen, eta oraingoan, bakoitzari dagokion tratamenduaren inguruan ariko natzaizue.
Eztul hezearen kasuan
Eztul hezearen kasuan kontsumitzen den likido kopurua handitzea funtsezkoa da, mukiaren biskositatea txikitzeko eta eliminazioa errazteko. Honetaz gain, mukia apurtuz edo likidotuz biskositate hori txikituko duten erremedio mukolitikoak gomendatzen dira botikatik, azetil-zisteina, lisina karbozisteinatoa edo bromhexina esaterako.
Beste lerro terapeutiko bat muki horien espektorazioa edo kanporaketa sustatzea da, espektoratzailea den guaifenesinarekin adibidez, zeinek sekrezio jarioa handituz mukia bigundu eta eztula sustatuko duen. Espektorazioa zuzenen eztula estimulatuz ere lortu daiteke, landare jatorriko huntz, eukalipto edo ezkai estraktuen erremedioekin esaterako.
Eztul lehorraren kasuan
Bestalde, eztul lehorraren kasuan, eztul erreflexua inhibituko duen dextrometorfanoa edo kloperastina farmako antitusiboak aurkitu ditzakegu.
Dena den, horiez gain, landare jatorriko antitusiboak ere aholkatzen dira sarritan botikan, adibidez, grindelia, malba, apo-belar edo altea estraktuak dituztenak, arnas bideak leunduz eta garbituz eztula inhibituko dutenak.