Goiekiko Administrazio Kontseiluak hainbat ekintza lehenetsi ditu 2024ari begira dituen erronkak garatzeko. Industrian, Ekintzailetzan, Turismoan eta Goierriko gizarteari lotutako hainbat proiektu estrategikotan jarriko du indarra.
Goierrik dituen erronkak identifikatzea, eta plangintza estrategikoetan oinarritutako ekintzak garatzea da Goiekik sorreratik duen helburua. 2024ari begira Goiekiko Administrazio Kontseiluak hainbat ekintza lehenetsi ditu esku artean duen erronka bakoitzeko.
Ohi bezala, lau arlo nagusitan banatuko ditu ekintzak. Industria arloak Goierriko industriei zerbitzuak eskainiko dizkio lehiakorrak izan daitezen eta, ondorioz, gerora begira iraunkorrak. Enplegu industriala mantentzeko lana ere egingo du. Ekintzailetza arloan, enpresa-ekimen berriak sustatu nahi dituzten pertsona eta enpresei laguntza eskainiko die. Turismo arloan, Goierriko turismoa sustatzen eta merkaturatzen jarraituko du Goiturrek, ekosistema turistikoa dibertsifikatuz eta sektorearen lehiakortasuna bultzatuz. Eta azkenik, eskualdeko zerbitzu-proiektu estrategikoak garatuko ditu: Enplegu Plana, Energia bulegoa, Gizarte arloa eta Bidari, besteak beste.
Horrez gain, Goierriko Gobernantza ereduari jarraipena ere emango dio Goierri BarNetik prozesuaren bidez. Batetik, saretze prozesuan sakonduko du, eta bestetik, lehenetsitako hiru erronka nagusiekin lanean jarraituko du: Landa garapena eta Zaintza erronketan eragileak inplikatzea, misioa definitzea eta ko-sorkuntza prozesua bideratzea dira helburuak. Energiaren erronkan urratsak emanak ditu jada, eta bi lan ildo nagusi izango ditu: Jasangarritasun energetikoaren plangintza garatzen jarraitzea eta iazko abenduan martxan jarritako Energia bulegoa kontsolidatzea.
Bailarako enpresen zerbitzura
Goierriko enpresa sarearen lehiakortasuna sendotzea da Goiekiko Industria arloaren helburua, aholkularitza eta zerbitzua emanez hainbat arlotan. «Enpresen zerbitzura dago gure arloa, eta edozein zalantza edo gai landu nahi izanez gero, ateak irekita daude», gogoratu du Xabier Perez arduradunak.
Urtarriletik uztailera, esaterako, Enpresen digitalizazioa landuko dute ETE digitala programaren barruan. Goierriko bost enpresek eraldaketa digitala garatzeko bide-orriak landuko dituzte, eta beste bik Fabrikazio Gehigarria haien egunerokoan nola aplikatu dezaketen aztertuko dute. Ekonomia Zirkularreko proiektua, berriz, urteko bigarren zatian landuko dute. Bost enpresek haien produktuak, zerbitzuak eta lan egiteko erak aztertuko dituzte, besteak beste. Hazinnova –berrikuntza esperientzia pilotuak martxan jartzea– eta zeharkako beste zerbitzuak –espazio industrialen kudeaketa, diru laguntzak eta formakuntza– urte osoan zehar eskainiko dituzte.
Lanaren zentzua izango da aurten jorratuko duten proiektu berritzailea, Aldundiak bultzatuta. «Gaur egun enpresetan ikusten den egoera bati erantzutea du helburu. Ardura duten pertsonak lanez gainezka dabiltzan bitartean, langileak motibazio falta handiarekin egoten dira, eta ondorioz absentismoa eta talentu ihesa gertatzen dira». Goierriko hiru enpresetan garatuko da prozesu hori, bakoitzak izan ditzakeen beharretara egokituta. «Komunikazioa hobetzea, informazioa partekatzea eta langileei erabakiak hartzea ahalbidetzea izango dira egitekoak». Eskualdeak proiektuan, berriz, enpresen jarraikortasuna bermatzeko Goiekik zer zerbitzu eman dezakeen aztertuko dute 2024an.
Ekintzailetzaren balioak goretsiz
Negozio ideia bat garatu eta martxan jarri nahi duen pertsonari prozesu guztian zehar laguntza eskaintzen jarraitzea izango da aurten ere Ekintzailetza arloaren erronketako bat, informazioa emanez, sentsibilizazioa landuz eta aholkularitza eta formakuntza eskainiz. «Negozio ideia bat abian jarri aurretik ezinbestekoa da eman beharreko pausu guztiak argi eta garbi izatea», adierazi du Maialen Sanchez Ekintzailetza arduradunak.
Haren esanetan, Goiekira gerturatzen diren ekintzaileek «ideia argi» bat izaten dute, baina askotan ez dituzte ezagutzen enpresa bat martxan jartzeko pausuak, ezta ideia hori baliagarria den ala ez. «Batetik, eman beharreko pausuak ordenatzen saiatzen gara, eta bestetik, baimenak, finantzazioa, diru laguntzak eta gai juridikoak bezalako gaiak argitzen laguntzen diegu».
Ekintzailearen profila honakoa da: gehiengoa emakumezkoa (%55a) eta 25-35 urte artekoa. «Erdi mailako ikasketak dituzte, eta lan munduan urte batzuk daramatzate. Lan baldintzak hobetu nahi dituzte, edo epe motz-ertain batean lana uzteko asmoa dute».
Goierri eskualde industriala izan arren, Sanchezek adierazi du badaudela «lanbide kualifikatu hauetan sarbiderik ez duten» pertsonak. «Horientzat ekintzaile izaera hartzea da lan munduan txertatzeko aukera bakarra, eta horri balioa ematea ezinbestekoa da».
2023ko irailean Goierriko negozio txikien jarraikortasun azterketa lantzen hasi zen Goieki Bidari mahaiaren bidez, sektoreko hainbat ordezkariri elkarrizketak eta inkestak eginez. «Ondorengo egunetan diagnosi horren ondorioak partekatuko dira sektoreko ordezkariekin, eta helburua erronka eta zailtasun horiei erantzutea izango da». Datu bat ere aurreratu du Sanchezek: datozen 15 urteetan Goierriko negozio txikien %52ak desagertzeko arriskua du jarraikortasunik ematen ez bazaio.
Horrez gain, Enpresa Ekimen Berrien 27. Lehiaketa antolatuko du aurten ere, enpresa ekimen berri onena, enpresa barruan berrikuntza proiektu onena eta ekintzailetzaren bitartez gizarte inklusio proiektu onena saritzeko.
Kolektibo zaurgarriak laneratuz
Gizarte arloan, egoera zaurgarriko kolektiboei zuzendutako ElkarEkin Lanean programak jarraipena izango du aurten. Martxoaren 4an, esaterako, Lorategiak eta berdeguneak instalatu eta mantentzeko formakuntza hasiko da –izena emateko epea zabalik da–, eta programaren koordinatzaile Ainhoa Imazen esanetan, beste formakuntza bat ere jarri nahi dute martxan udaberrian: «Zaintza arloko jakintzak eskuratzea ahalbidetuko die partaideei». Denbora luzean langabezian dauden pertsona helduei eta lan merkatuan txertatzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzendutako programa bat da.
«Eskaintzen duguna ez da soilik formakuntza, ibilbide integratu bat egiteko aukera ematen diegu. Oso zerbitzu pertsonalizatua eta gertukoa da. Gure helburua bi urte hauek pasatutakoan hirurogei pertsona gizarteratzea edo laneratzea da». Imazek nabarmendu du Goiekirentzat ere «ikasketa prozesu bat» izaten ari dela programa hau, «esfortzu eta exijentzia handia» eskatzen duena. «Kolektibo honek bueltan asko ematen dizu. Oso esker onekoak dira».