Gaizka Oiartzabal • Tabernaria eta musikazalea
Hasi gara Poligrafo Fest 2024 prestatzen, jarri gara martxan. Asper-asper eginda geunden dagoeneko. Izan ere, behar dugu musika gure bizitzan, behar ditugu zuzenekoak, behar dugu elkartu gure lagunekin eta garagardo baten bueltan azkeneko hilabeteetako gorabeherak elkarbanatuz, musikaz disfrutatu.
Gazte jendea gerturatu da ZarraparraZ elkartera, eta gustura gaude. Erreleboa ziurtatua dago. Ezinbestekoa iruditzen zaigu elkartearen biziraupenerako, inor ez dago betirako. Oraindik ez zaizkigu pilak gastatu, baino bateria ez da lehen bezala kargatzen, eta nahi baino arinago husten da.
Momentuz bi talde ditugu lotuak, Cyanide Pills (Leeds) eta TV Smith ( Londres). Joan zaitezte entzunaldi bat ematen. Lehenengoek tabernan jo zuten orain urte batzuk eta ikaragarria izan zen. Power Pop eta Punk estiloetan murgiltzeko erraztasun izugarria dute eta sekulako indarra. Motz tabernaren garai kuttunenetako batean etorri ziren, beraiek indartsu zeuden, baina ni ere bai. Bigarrenak The Adverts taldea sortu zuen 70eko hamarkadaren amaieran eta ez da gelditu orain arte. Ordutik talde gehiago gidatu ditu, eta bakarlari moduan bide oparoa du.
Apirilaren 13an izango da jaialdia, Urretxun. Beraz ibili zaitezte adi sare sozialetan eta komunikabideetan informatzen joango baikara. Baieztatzeko dauden taldeak, sarreren salmentaren hasiera eta beharrezkoa ikusten dugun informazio guztia zabaltzen joango gara.
Ez nuke aukera galdu nahi Shane MacGowan-i nire omenalditxoa egiteko. Miresten nuen pertsona horietako bat joan da. Gabonak The Pogues entzuten pasatu ditugu eta ikaragarri ondo pasatu dugu, berari gustatuko litzaiokeen bezala. Irlandar herriak egin zion azken agurra ikusi besterik ez dago berezia zela ohartzeko. Tipo oso handia.
Eta horrela utziko zaituztet, nire hiru gomendio hauekin. Lehen biak apirilean ikusteko aukera izango duzue, eta hirugarrena ezingo duzue ikusi baina jarraitu entzuten, eguna alaituko dizue eta. Gora Shane eta gora Poligrafo Fest.