Lasaigarria tantaka ari da jaisten, kateterretik zainera. Orduak ere hala igarotzen dira pareta zuri hauen artean, gauez batez ere. Leihoak alderik alde zabalik daude, eguneko sargoriak eragindako labe-giroa arintzeko. Lasaigarriaren poltsa hustu eta erizainari deitzerako, komunerako bidea hartu du. Ispiluak bosgarren gauaren isla erakutsi dio: begi-zuloak eta begirada zimeldua. Hortzak eta aurpegia garbitu, eta gaueko kremarekin igurtzi ditu aurpegia eta lepoa.
Gelara itzuli denean, aldameneko pazientea lotarako pilula eske ari zaio erizainari, bezperan ez zuela begirik biltzerik izan eta. Bestela ere nahikoa pilula hartzen dituela esan dio semeak, eta hala erantzun dio hark: «Atsedena sakratua duk».
Ondoan gertatzen ari zenari adi egon da, baina erizainak alde egin duenean, besaulki gorria luzatu du, etzateko, eta ospitaleko izara hartu du estaltzeko. Leiho ondoan dago, gorputza ohe aldera begira, barruan dagoenaren zirkinik ez galtzeko. Badaki ez diola gauza handirik eskatuko, baina azti ibili nahi du, edozein keinu txikirekin burukoari buelta emateko edo pixa egiteko premia duela antzemateko.
Goizaldeko ordu bat eta erdietan, euri-langarra sumatu du aurpegian. Ez du mugitzeko imintziorik ere egin, kostaldeko brisa eta kresal-usaina gogorarazi baitio. Gelatik irteteko premia sentitu du tupustean.
Argitasuna eta isiltasuna da nagusi korridoreetan. Ez da inor ageri, eta bake horrek harrapatzen utzi du bere burua lipar batez. Mugikorra atera, entzungailuak belarrietan jarri, eta Video killed the radio star kantuaren doinuekin hasi da dantzan, bideoklip baten parte izango balitz bezala. Bere burua askatu du, inor begira ari ez denean soilik gertatzen den moduan, eta, ezustean, erizain laguntzaile bat atera da igogailutik. Irribarre egin dio arrosa koloreko uniformedunak, eta masailak sutan nabaritu ditu.
Beheko pisura jo du ziztu-bizian, handik urrundu nahian. Sarrera-irteerako ateak itxita, ohiko legez, eta arimarik ez. Salmenta-makinetan botila bat ur erosi du, kutixiei zeharka begiratzen diela. Azkenean, galleta bat erosi eta gelara bidean irentsi du.
Itxuraz, lo daude denak. Ondokoaren letra-zopen aldizkaria lapurtzeko tentazioa izan du, baina egun osoko denbora-pasa izorratuko lioke gaixoari. Geletan sartu eta pazienteen izendun arbeltxoetan mezuak uztea ere bururatu zaio, analitikak iragartzen dituzten idatzi gogaikarrien ordez. Arbel guztietako izenak ezabatu nahiko lituzke, eta euren etxean edo gustuko tokian irudikatu denak, lasai eta osasuntsu. Bizitza tantaka gozatuz.